Bitoriano Gandiaga

Literatur idazlanak

HAE-(B) kopia^

I.-Zure kreatzaile esperientzia

II.-Mutikoei kontaketak eta lanak egin arazten dizkiezun



Bi puntu hauk dire hitzaldi hontarako ezarri didaten gaia.
Lan hau idazteko aztertu ditudan obrak neuk ez bestek ezagun ez ditzakeenez, ez dizuet aipatuko inondiko bibliografiarik. Baina ezer bistakotan oinarritu gabe ager ez dadien, hona hemen postuladu zenbait eta holako: Tristea da, noiz-eta ikastaroan, euskara ahaztu beharra.
Neke handikoa da, ikasi-beharraren beharrez ahaztutakoa, berriz eskuratzea. Niretzat zailagoa izan da euskara eskuratzea, euskararen bidez esankizunak harrapatzea baino.
Hala ere, ez dut esan nahi egin ditudanen burutzea erreza izan dudanik.

I.-Zure kreatzaile esperientzia

Nire neure gustoko arloa literatura izan da. Literaturaren lehen-gaia hitza da. Hitzarekiko lanak bitariko izan ditut: Bata, gerora erabili dudan eta jatorriz neurea den hitza, galdurik ukan izan bai dut urte luzetan, lehenik aurkitu egin behar izan dut denbora eta ahalegin urtetakoren truketan ez ezik, beste aukera zenbaiten truketan ere. Bigarren lana, nolabait aurkitutako hitz hori egokitzea izan dut, eman nahi izan diodana ongi har zezan. Bistakoa da lehen lan hori anomaloa dena, behar bezalako bidetan inola gerta behar ez lukeena dela. Bigarren lana berriz, berezkoa du literatura arazoak.
Hitza berezko ta halabeharrezko arnasa du gizonaren izpirituak. Mintzatzea nahi ta nahiezko behar bizitzazkoa du gizonak. Batzu, aho-mintzoz ihardunez gozatzen dire. Beste batzu, aho-hizketarako murritzagoak askotan, idazbidez asaskatzen* dire. Ni neu, bigarren hauetakoa ote naizen nago. Agian, jatorrizko neurez baino, nire nia hortara behartua izan denez. Mutikotan bertsolari deitzen zidaten, nahiz eta inoiz ez nuen bertsorik bota izan. Agian, ateraldiegatik [sic] deitzen ninduten horrela. Baina ateraldiak zergatik ote nituen? Ez ote zen sentipen eta hitz har-eman honetan nituelako? Barrentze lan handi litzaidake hau berau jakitea, ta dagoenetan bego. Gero hamabi urtetatik aurrera hizkuntza ez ezagun batetan mintza beharra izan nuen. [I] Kito orduan nire ateraldiak. Sartze-lana izan nuen arazo. Orduz gero, uste dut, nintzela mututu. Esan beharrak pentsatuz jalki behar nituenez, pentsatzea ez zen erakartzen ninduena. Nola behar nuen bi pentsatzeren lanik har, bata zer esanarena eta bestea nola esanarena? Gauza bat dakit: Ikasi behar izan nuen hizkuntzan, hobeto defenditzen nintzela idazketa bidez, aho-hitzez baino. Idazketa lanak bihurtu ziren beraz nire defensa eta arnasa bide, eta idaz lan bidez jokatu nuen. Bide hau luzaro luzatu zen. Erdera nire bizibide-era bihurtu zitzaidan idazketari esker. [II]
Noizbait euskaraz hasi ginen. Orduan nahiago nuen latinez, egia da, komaidios. Gure baserrian euskaraz egiten zen, besterik ez zekiten eta. Guztitara berrogei egun egin nuen etxean, hamabi urtetarik hogeitabost urtetara: Hamazazpi urterekin 20 egun eta hemezortzirekin beste 20. [III] Nire halabeharreko euskara gaiztoari parre zegioten arrebek: "Don Anjeleri ikusitzatzat". Eta arrebek: "Zer ikusitzazu?" "Urtubiko lengusiñari ikusitzat". Eta arrebek: "Zer ikusitzazu". Eta arrebek parra eta nik arrabia. Orduan harrokeriz erderaz eginda nago etxean. Hala ere amak ez zuen parrerik egiten. Serio geratzen zen; eta arratsalde batez, arrebak sukaldetik bialdu eta, "txokolatea hartu behar dogu", esan zidan. Eta txokolatea hartzen geundelarik zeratsu esan: "Zuk don Anjel ikusi dozu eta don Anjeleri ez deutsazu ezer ikusi. Zuk lengusiña ikusi dozu, eta lengusiñari ez deutsazu ezer ikusi. Don Anjel ikusi dot esan behar dozu, lengusiña ikusi dot". "Eta gu zaharregi gara bai erderaz ikasteko eta zeuk ikasi beharko dozu euskeraz".
Nobiziadukorik ez dut kontatuko. Olitekorik hauxe: Berriz ere latinez nahiago nuela. Baina han hasi nintzen euskara arnasa bide bezala berriro topatzen. Ez nuen gramatikarik, ez zuten nire lagunek ere. Baina hasi egin ginen: euskaraz mintzatzen hasi, bakoitzak ahal zuen modutan; eta aldizkari bat sortu, bai gero bi eta hiru ere, baina bat handia: Hogei ta bost urte iraun duen Gure Izarra izena zuen aldizkaria. [IV] Han saiatu ginen euskaraz arnasa hartzen. Eta han ikasi. Azkarregi esan dut eta errezegia ematen du. Nik neure nekeak ditut gogotan. Kiputzek ez dakit zer grazia duten: euskara hobea dutenaren kontzientziarren-edo, euskarari lotuagoak aurkitzen ditut bizkaiera dugunok baino. Gu baino ausartago azaldu ziren hizketan eta idazketan. Zalantza gutxiagoz ibiltzen ziren. Ni neuk berriz ere mututasunera jo behar izan nuen, baina belarri zabalez. Inoiz bada orduan erabili nituen belarriak bizkor, batean lagunengana, bestean neure burura. Zerbait esan nahi nuenean, neure barrura begira jartzen nintzen eta itxoin eta itxoin egoten. Hitz ahaztuak, esaera ahaztuak barruan zeuden likin berdez estalitako putzu barrutan bezala, ta haize punpuluak putzutik bezala jeikitzen ziren azalera, noizbehinka. Hau ez duzue, behar bada, ikastea, lehengoarekin jabetzea baino; baina ahaztuta dagoena, nolabait galduta dago, ez balitza bezala zaizu, ta gogoratzen duzunean zeureganatu egiten duzu. Direnok diren, malkarreko harritartez baino ez bazen ere, euskara neure esankizunen bide egitera heldu nintzen. Gero Arantzazun euskara nuen arnasa bide eta euskara erabili nuen nire neure sentipenen asperenak Elorri osatu zuten arte. Euskaraz begiratu nion bizitzari, nire orduko bizitzari. Eta ez bai nenkien zereko zerak nori esan, idatzi egin nuen, nahi zuenak entzun zezan. Agian ez da nahikoa nire sorketa lana nola gertatu den adierazteko. Bizitza-lapikoaren lurruna hitzetan askatu beharra izan da, eta, ez besterik: Esan beharren behar hori ikasi izan dugun erarik egokienean ematen saiatzea. Ez dut izan musarik eta ez dut sinesten norberez kanpoko parnasotan. Bai bizitzaren ur bizitan, bai bakoitzaren, edonoren barrutan bizi den esan behar hortan, hitzak jalki behar hortan. Eta nornahiren berezko eta barruko edozein iturritan sinesten dut. Bidetan dago gatza: Esan beharrari nola igaro arazten diogun hortan. Esankizunen zintzo jalkitzean. Bakoitzak bere buruaren irudia berea esankizunei ematean.
Elorri-z gero ez nintzen mututu jendeak dioenez. Euskaraz idazten ihardun nuen: Neure berriak, sentiak, ametsak, nahiak eta ezinak idatziz ematen. Hausi egiten nituen idatzi ondoren, ala izarren omenetan erre. Hori da isildu nintzelakoaren arrazoi guztia. Elorri-z hamar urtetara Hiru gizon bakarka eman nuen. Arnasa idatzia, ez da besterik. Eta arnasaka dihardut oraindik.
Bestalde, nire kreatzaile lana motxa da, gutxi sortu izan dudalako. Hala ere, hona arazo batzu:
Barru-bizitzako urtzaren* eta urtza hori bideratzeko tresnen arteko desberdintasun desegokia. Ezagupenaren eta hitzaren arteko alde handiko akatsa. Galdutako adierazpen edo espresio tresnen bilatze luzea eta lanabes berrien lortze neketsua. Neke hauen zertarakoren iluna.
Inguruaren axolarik-eza eta etorkizun hoberik ezaren noiznahiko susmo beltza.
Bestela baita ere, nahiz eta galdua izan, iturri izatearen poza. Norberak uste duen jatortasunari zintzo jarraitu izanaren poza. (1) Anaia ezbehartuenekin aritu izanaren poza. Anaia hauetakoren bat edo bestek on egin diozula esan izan dizunaren poza. Ta beste.

II.-Mutikoei kontaketak eta lanak egin arazten dizkiezun

Mutikoek ere hitz-arnasa behar dute har, euskaraz ala erdaraz. Nik mutiko euskaldunek euskaraz har dezaten ardura dut. Bideak errezten iharduten dut, eta horra: Etxeko bizitzan senti izan dituzten gauzaz ohar-arazten diet: Aita deitu die aitari eta amari ama eta etxeari gure etxea. Orduan aita hitzaren oihartzuna entzun dezaten aitaz mintza ditezela eskatzen diet. Nolakoa da zuretzat zure aita? Zer egiten du zure aitak? Nora joaten da? Zer gauza esaten du? Zure aitak maite zaitu, zare aitak lan egiten du zuretzat. Ama hitza ere berdintsu oroitarazten diet, eta etxea. Hori aurkitu dut arnasa arazle, eta euskara arnasa horren bide.
Gero aitarenez mintzatzeko euskara dutela bide oharrarazten diet, amarenez mintzatzeko, etxeko gauzez mintzatzeko. Eta azkenez euskara dutela maiteen dutenez aritzeko bide. Eta maitauna euskaraz adierazten irakasten diet, euskara maitasunaren bide egoki balitz, eta orduan maite dituten gauzak euskaraz eman ditzatela eskatzen, euskarak maitasuna ederragotuko balu bezala.
Adimena arrazoi bidez abiatzen zaienean, arrazoia euskaldunok euskaraz mintzatzea ere badela esaten diet. Eta orduan bizitzako gorabeherak euskaraz eman behar ditugula. Eta ez geroago eta ez lehenago, egunoro bizi dituzten gorabeherak erabiltzera bultzatzen ditut. Jadanik badute euskara beren arnasa bide duten zera. Eta bide hortatik arnasa hartzen saiatzen dira, arik eta beren gauzak urkoarekin euskaraz erabiltzera ohitzen diren arte. Hara: Gabonez behar duzu mintza. Zu zeuk ezagutzen duzun Gabonez; zeuk bizi izan duzunez. Zer ikusi izan duzu? Zer entzun? Norekin igaro dituzu? Nola? Beren buruei lotuta ikusarazten dizkiet gauzak, euskal izenez inguratutako lurrean sar arazten ditut, eta inguruari konta dezaiela xinpleki, beren barruko gauzen berri. Entzuten dienak ere euskaldunak dire eta hemen dator esakunearen gramatikazko egokitasunaren gorabehera. Esakunea euskarazkoa ote denaren azterketa. Ikasgelako guztien artean eztabaidatzen da, aurrerago taldetxotan egokitu izan dutena. Joskera edo esaeraren abiada euskalduna al da? Idazlearen esan nahia garbi adierazten al du? Aditza ongi al dago? Itzak egokiak al dire? Hizkuntza gure barruko zera azaltzeko tresna bai da, tresna hori ongi erabiltzen ikasi behar dugu. Gramatika ikasi behar dugu. Gramatika, hitza egoki erabiltzen irakasten digun jakintza da; gure etorri-iturria ari onez eramango duen bidea. Etorria da lehenengo zaitu behar duguna. Odoletik jaio bear du, hezur eta haragitatik pasa eta bidea egin. Hitzak gure sentipenaren muin barrenenari ikutu behar dio. Handik behar du etorri eta gu geu bakoitzaren izate guztiz igaro ondoren azaldu, ahotara nahiz lumatara. Orduan lehenengo lana hitza bizitzari lotzea dugu, bizitzaren ageri hitza eginez.
Hitza bera topatzen laguntzeko, gauzean hari den hitza bera entzuten irakasteko, saiaketa askoz baliatzen naiz. Adibidez, aurrez entzun eta ulertu duten ipui bat behar dute bizitu. Ipuian aitona bat ageri da, esate baterako; amona bat, txakur bat, oilar bat, arbi-ondo bat, xomorro bat.; aitona-amonen sentiak ezik, txakur-oilarrenak, arbi-xomorroenak ere antz-eman, eta adierazi egin behar ditute. Hortarako bakoitzak galdu egin behar du bere burua eta xomorroaren barrutik, arbiarenetik, oilarrarenetik hitz egin behar du. Lan hontarako mutikoak duten gauzatasuna harrigarria dela, diot, bide batez. Jokabide honek den ororen hitza entzutera erakartzen ditu, den ororen sentimendutan barrentzen irakasten die, ta azken batean beren barrutako iturriak aberastu eta etorri-bideak erreztu egiten dizkie. Haserakoan eta geroagoan ere gehiegi mutikotan aurkitzen dudan akatsik handiena —neure ikuspegitik ari naiz— zera da: idazketari ekin orduko hiztegia zabaltzen didatela, edo erderazko hitz haura euskaraz nola ote den galdetzera etortzen zaizkidala. Eta nik irakatsi nahi diedana besterik da: Lehenbizi, adierazi nahi dutenari hel diezaiela, bota diezatela [sic, dezatela?] paperera esateko duten oro. Ta gero begira dezaiela, ea esan nahi izan duten haura esan ote duten ala ez. Ondoren, paperetan jarri dutena euskaraz jarri ote duten, alegia, esanaren abiada euskarari dagokiona ote den ala ez; aditza ongi ote dagoen ala ez, eta azkenik, agian erderaz erabili dituzten hitzen ideakorik euskaraz ba ote dagoen ala ez. Nire iritzitarako ardura handikoa da hitzen euskarazko ala erderazko direnari garrantzi gehiegi ez ematea. Mutikoak ez ditezela ikaratu edozein dakiten hitz erabiltzen; jakin diezatela [sic] euskararen joskerak edozein hitz bihurtzen duela euskarazko, euskararen indar horrez pozturik, gogoak ematen dien oro paperetan lasai jar diezaten [sic]. Horra.

Adibide gisa, hona basikako 6, 7 eta 8. kursotako mutikoen lantxo batzu.
6. mailakoenak eskutizak dira.
7. mailakoenak munduari buruzko mutikoek duten ikuspegia azaltzen dute.
8. mailakoak gauzekiko elkarrizketa eta ipui-sorketa ari dute. (2)

Gaia 1: Idazlea
Edizio kritikoa: Paulo Agirrebaltzategi
Gipuzkoa.net-aren logoa