Bitoriano Gandiaga

Literatur idazlanak

Hegats^

Niri eragiten dit eguraldiak eta eragiten didate urtearoek eta eragiten dit egunsentiak eta iluntzeak ere eragiten dit. Ez dago nire agenda ikustea besterik; izadiaren txistada askotarikoen erantzunak jasotzen ditu. Aurten hainbeste harritu gaituen hain goiztikako udalehen giroaz hau dio agendak: [I]

Aurtengo udaberria
goiztxo mugitu da aurten.
Aurtengo udaberria
aurreratuxea dator,
bere sasoia baino lehen. (1)

Eta berehala beste hau:

Otsailaren azkena da,
baina iluntze epela.
Txoriek ozen diote
ihardun beharra dutela.

Goiztxo udaberrirako,
lizarrak loran halere,
bizitzak erabaki du
mugitzea berriz ere.

Zozoek, birigarroek,
beste hainbat txorirekin,
airea dute pintatzen
beren kantu-zirristekin.

Gaualdeak udaberri
ukitu hezerik badu,
noizka datorren haizeak
erretura usaina du.

Izadiarekiko eta bertako fenomenoekiko sentiberatasun hau babestua ez ezik lagundua aurkitzen da gure frantziskotar bizieran. Orduen liturgiak Danielenaaaiak [sic] errezarazten dizkigu maiz (2) eta frantziskotar bizitzak «Anaia eguzkiaren eresia» [II] sarri kantatzera garamatza. Danielen Kantikak zerutar izakiei, naturako fenomenoei, lurreko gauzei eta gizaki guztiei deitzen die Jainkoa bedeinkatzera eta «Anaia eguzkiaren eresia» zeru-lurretako izakiengatik, gaixoa eta estuasuna onez hartzen dutenengatik eta gure arreba heriotzagatik Jainkoa goratze bat da. Nik egunsentia, iluntzea, udaberria eta udazkena nahi ditut nire egungo otoitzerako lagun.

Egunsentia

Adinean aurreratu ahala gutxiago, baina oraindik egunsentiak gorako bultzada ematen dit goizero. Egun berri bakoitzak [si<] eskutik heldu eta ohetik altxatzera poztuko banindu bezala gertatzen zait. Goiz jaikitzen naiz eta zerbait atsegina suertatu behar balitzait bezala aurkitzen naiz lehen orduetan.

Egunsentiak nau pizten,
kandela pizten den legez,
egunsentiak konortez
pizten nau egun bakoitzez
mirari halako batez.

Zer gauza iratzartzea
konortera etortzea,
banaizela ohartzea,
berriz ere norberaren
Akordura bihurtzea!

Egun berriz egun berri,
ezusteko erregali
bat bateko ta pozgarri,
iratzartze bakoitza zait
bakoitz eta txundigarri.

Bosteterdietan izarak utzi, txukun jarri eta ateri bada, kanpora, ibiltaldi bat egitera. Zortziehun metrotan, tarteka tarteka dago argiz ibilbidea, eta joan eta etorri aritzen naiz bertan, harik eta
Gorespenak kantatzeko ordura arte, zazpiak arte. [III] Bustia bada etxeko patioan ibiltzen naiz. Ordu horietan oskarbi denetan, zeru izarratua egon ohi da eta sarri ilargia ere bai bere laualdietatik batean. Aurten Hale-Bopp kometa ere bistan ukan dugu. Isiltasun handiko garaia da oraindik. Hontzek, urubiek-eta* jotzen dituzten uju-uju eta garramiztoak* nabarmentzen dira ilunpeko baretasunean, baita ahuntzen txintxarriak eta azerien zaunka hirukoitzak ere.
Goizak gorantz eragiten didanez, nahiz aire librean dela nahiz etxe barruan, gogoeta baikorrak erabiltzen ditut, gehienetan poza damaidaten esaldi motxak errepikatzen ditut, beraietan eta beraiekin gozatuz. Goizak itxaropenera irekitzen nau.

Argia ozta den zerbait
sortalde ostean hara,
ezarian, ziri-zara
garatzen eta goratzen,
zirkin gozo ta dardara.

Egun berri, jaio berri
gorari, zabalkorra da;
gero ta argiagoa da;
hazi ta hedatu ahala
egun osatu da jada.

Badugu egun berria,
argia eta hozkara;
martxan jartzeko deia da,
mugi eta noan bada
eguneroko lehiara.

Iluntzea

Urriko hogeita hamarrak arratsaldeko bostak laurden (3)
gutxi [IV]. Igandea, ta Arantzazu
kotxez lapaxturik. Motxiladun jende
asko ageri da, mendiko haizeak
masailak piztuta. Mendietatik ezik
Arantzazutik ere ihes egiteari
eman dio jendeak.
Eguzkiak ere laster utziko du
zeru oskarbia,
ta itzalirik utziko du
baso, larre ta zelaien
kolore bizi pila guztia.
Hego haize iharra, epel eta pozgarri
ibili da oraintxe arte ia.
Eguzkia jaitsi ahala hoztuz doa
eta indar zorrotza hartuz, ebakitzen duen hura.
Artia [V] mendiaren honuzkaldea
azpilduraz, zoko-mokoz, ageri da dena
, gainen hori nahasia eta sakostetako*
urdin, grisez geundua,
izurren* arabera txandakatuz
. Jende asko izan da Arantzazun.
Seiak laurden gutxi da.
Usabakotxenan [VI] gorde da eguzkia.

Eguzkiaren sartalderatzea, zeru-lurren urrutieneko ertzeratzea, une hunkigarria izan da niretzat ume-umetatik. Nabarrizko osabaren etxean, arratsalde beranduko eguzkiaren desagertzea barruntatzen nuenean, hartzen nuen jarleku bat eta sukaldeko leiho ondora eramaten, eta haren gainean zutik negarrari ematen nion ilunabarrero. lluntzeak neure barruan sartzera deitzen nau. Iluntzeak etxean sarrarazten gintuen inguraldean argi indarrik ez zuen Orbelaunen; ingurua, mendi eta troka, basoak barne, gauak estaltzen zuen ordurako eskaratzera bultzatzen gintuen ilunabarrak, amak sutondoan bizten zuen karburoaren klaru unera. Halaxe etortzen zait neure barruenera nire espiritua iluna begietara orduko, alferrik elektrizitate argi guztiak. Orbelaungo iluntze giro hau Elorri-ko 129. poematxoan isladatu nuen:

"Arima,
bakarrik,
soińaren barnean.

Ilunabarra da.

Ta ez dago argirik
nire bihotzean".

Ez dugu erremediorik basartean jaio eta kaskondu ginenok; landare bagina, iluntzerako beren lorea biltzen duten haietakoak izango ginateke.

Nekearen konnotazioa du arratsalde hitzak. Arratsalde entzun orduko maskaltzen zaizkit begiak eta kantsakizuna jabetzen zait gorputzaz eta lotarako deia susmatzen dut eta pitin bat tristea da arratsaldea, gustagarria den zerbaiten akabera.

«Arratsaldea, kolore gorriz,
hiltera doa, kolore horiz,
hiltera doa, kolore hautsiz,
hiltera doa, zerutik jausiz,
jadanik zurbil, margul jadanik.
Arratsaldea hiltera doa,
ta, hilten dagoena,
neure egun bat da».

Egunaren amaieran, eguzkia beheratzen dihoanean gertatzen da koloreen apoteosia [sic] zoragarria. Eguzki-sarrera beti da une ordigarria. Zeruak hodeiz eta ganduz prestatzen du iluntzelco ordua eta hodeietan eta ganduan biltzen eta isladatzen ditu eguzkiaren azken errainuen «diamantezko printzak», berei dagokien tindagai bero guztietan: odol eta su, lila eta limoi, anbar eta arrosa. laranja eta txingar eta beste mila tinturatan, inoiz errepikatu gabe dekorazio beti galanta. Baina han erretzen da lilura eta amets-giro guztia, harik eta dena ezabatu eta iluntzen den artean, gauari utziz guztiaren gaineko nagusitza.

Udaberria

Asfalto-zementuetako semeari sineskaitz gertatuko zaio, baina oraindik lur sanotik gertu bizitzeko grazia dugunok, udaberria hurreratu orduko, geure orpoetatik gora nabari ohi dugu haren zirrara.

Lur amaren azkarria,
heldu da udaberria,
bizidun izaki oro
barruenean mugituz,
heldu da suspergarria.

Nork ez aditu beraren
berpizkunde aldarria?
Heldu da zainetan gora,
bero eta alai heldu da
odolari ezarria.

Landarerian dena da
puja ta punta berria,
hegaztietan kantua,
abereetan irrintzia,
gizakietan irria.

Begien aurrean zaizkigu hazten zelai, soro eta larreetako belarrak, begien aurrean arbolak orriz eta kima berriz janzten beren abar puntetako bilkaritxoak geldi geldi askatu ahala; begien aurrean zaizkigu berriro arbolak lorez apaintzen abartxoetako pinportak zabaldu ahala; begien aurrean zaigu agertzen landaredi guztia basoz eta oihanez, lautada, muino eta mendien gainez berdearen xarma hedatuz. Bitartean mila tamaina ta koloretako hegaztien asaldura datorkigu belarriz barrura egunsentian edo berdin iluntze aurreko orduan, gure erraiak kitzikatzera.

Eta behokak larreetan
irrintzi eginahaletan.
Behor-behokak larreetan,
ipurtarin eta zoli,
garainoak* tentaketan.
Behor-behokak larreetan
irrintzi eginahaletan,
udaberriko olgetan.

Zaldiek ere irrintzi,
goraintziari goraintzi,
zaldiek ere irrintzi.
Dardara dira bazterrak,
Irrintzia da erauntsi.
Zaldiek ere irrintzi,
goraintziari goraintzi,
udaberriko irauntsi.

Eta udaberria ez da geratzen, geldi gabe dihoa garatzen. Berehala batean ortuak babaz, ilarrez, marrubiz aberasten ditu, zelaiak eta larreak lorez, gereziondoak fruitu gorriz, madariondoak makatz beilegiz eta sagarrondoak ale gorriskaz. Udaberriak badu guri pozera eragiteko indarrik. Uda ez da udaberriaren garatze era betekoa baino. Egunarentzat eguerdia dena beste.

Udazkena

Pitin bat tristea da udazkena, udako egun argi akaberarik gabekoen amaiera baitakar eta hotza, eta bustia, eta lokatza, eta orbelak, eta arbola eta landare biluziak, eta belar zurbil eta zimelak, eta ondoren negua. Eta ez da negua ere ederra ez delako, baina bat egun amaigabe eta argien zale izan, eta negua egun-labur, argi-arre eta gau-luze. Urteak udazkena du bere arratsalde eta iluntze ordu.
Azaroaren hemeretzi honetan, (4)
eguzki narrasa.
bizi-bizi dago.
Gogotik erretzen du burua,
aukeran, ekainekoak baino
izpi beroagoz.
Argi dago arkazien azpia
eta garbi. Haizeak jaso eta eraman izango ditu,
bakarrik ere utzi gabe,
jausi zaizkion orriak.
Dena dago, beraz, argi eta garbi
eguzki kiskalgarritan.
Badirudi eguraldi oskarbien bezperan gaudela,
albitzen* lasto hori eta iharrengatik ez balitz,
bide ertzetako ira kiskurrengatik eta
nekosten itzal hain luzeagatik ez balitz.
Une batez gustora ahazten gara
zein garaitan bizi garen.
Une batez eldarnioari, lilurakeriari eman nahi genioke lekua.
Neguan sartu nahi genuke udagiroa
eta buruan oraindik gazte garen uste gaixoa.
Gorputz jada baldartu honegatik,
ez balitz,
eta batez ere, hainbeste egun, hainbeste
bizitza jan didaten
urteongatik!

Bere egunen laburragoan eta bere giro freskoagoan, arratsalde eta ilunabarraren antzekoa da udagoena edo udazkena, goen eta azken lexemek duten pisua azpimarratuz. Iluntzea batez ere zeruan koloreztatzen den bezala, udazkena lurrean da kolorez janzten, mendiz mendi, muinoz muino, lautadaz lautada, ibarrez ibar. Basoak, larreak, soroak dira mila txatal, mila forma geometriko milakotan txandatzen, mila erliebe desberdinetan, mila kolore mota geldigabe aldakorretan. Lehen gehienbat berde zen lurraren azalera guztia margulduz* dihoa eta kolore sekundarioen multzo kontaezinari leku emanez. Eta bitartean fruituak ez ezik orriak berak ere entregatuz doa izadia, bere oparotasuna erantziz eta eskainiz, eta duen guztia eman ahala, ondasunez hustuz. Askatuz doa, den dena utziz, biluzik geratu arte. Gero eta kolore margulagoz: horitik larura, gorritik okrera, gero eta kolore maraztuagoetara, hilagoetara.

Udagoena heldu da (5)
ezkien orrietara.
Udagoena heldu da.
Berdea zen naturaren
gainjantzia maraztu da.

Zelaiak maskaldu dira;
eguzkia laburtu da;
masustak berindu* dira.
Itzala freskatzen eta
luzeagotzen ari da.

Larre goietatik behera
ardiak, behiak, behorrak,
babes bila, maldan behera.
Ezkurrak, orri margulak
arboletatik lurrera.

Lorerik, zenbait moretxo
han hemenka eta bakan.
Lorerik, zenbait moretxo.
Artalastoak garbalik*,
ez da mardulik ezertxo.

Txaboletara jaitsi da
Gorbeiko haize zorrotza,
ez da deusekin gupida.
Behorrak batean dira,
apalik dute mototsa.

Lurraren azalera guztiak erantzi du distiratsu zuena eta basamortuko aszeta bat bezala da, parajez paraje, zakukiz eta errautsez jantzi, eta barne bizitzari emana jarri da, neguko sakontasun barnekoira bidean.

Gaia 1: Urtaroa
Gaia 2: Izadia
Edizio kritikoa: Paulo Agirrebaltzategi
Gipuzkoa.net-aren logoa