Bitoriano Gandiaga

Literatur idazlanak

AOB^

Eguzkia goi altuan
festa ederra San Juan.
Ospa dezagun suaren jaia
asaba zaharren moduan
denok bat su inguruan
bozkario ta kantuan.

Sanjuan sua, Sanjuan ura,
gal bedi zitalkeria;
adiskidantza nagusi,
eupa, erromeria!


Hau da Sanjuan bezpera,
berriztatzeko aukera.
Gaitzak erre ta ongia piztu
sugar alaien antzera,
betor garai alegera
ama lurraren gainera.

Sanjuan sua...

Eguzkia, lurra, sua,
haizea, ura, mundua.
Bizitza dute sorkari eder
denen artean ondua,
gu garabiltzan pultsua,
goza dezagun fruitua.

Sanjuan sua...

Ekaina bero argian,
natura indar guztian.
Misterioa nabari dago
ohitura zaharren harian,
etengabeko arian
izadiaren bizian.

Sanjuan sua...

Fede zahar bati jarraituz,
argi berri bat bilatuz,
sugarretara hurbildu gara
pozera deia sentituz
piztuko ahal gara gaur suz
Sanjuan-garren merituz.

Gaia 1: Sanjoan
Edizio kritikoa: Paulo Agirrebaltzategi
Gipuzkoa.net-aren logoa