ARAN^
Zarata batzuek, aiengandik zerbait aldenduta obeto entzuten dira. Gizadiarena, adibidez. [I]
Iñoiz ez dit ajola izan bakarrik egoteak, bakarrik ibiltzeak, bakardadeak. Ala ere, ta geiagorik gabe, bizi-aide au ez det iñorentzat jokabide bat bezela jarri nai.
Baiña ori bai, ez diot beingoan barkatuko bakar-zaletasuna gaitz eta gaixo bat bezela jartzen didanari; bakar-zaletasun orri zoro-iristen dionari; zaletasun au nardatzen duanari; norberekeri eta norberekoi-keri dala dionari.
Egia da: gizona ez da bakarrik bizitzeko egiña izan. Berez eta bearrez da gizartean bizitzekoa ta bizi bearrekoa. Baiña gizartean, gizadiaren eta giza-bizitzaren barruko azterlari bezela, bakar-zaleak gizadiaren onerako dirala, derizkiot. Gizadi-itxasoan, itxas-barreneko bizitza, ta giroa, ta ondarra begietara ateratzen dizkigutenak dirala.
Bakar-zaletasuna bokazio bat da, zeruak norbaitzuei bakarrik ematen dien joera berezi bat, daukanak bestek antz-eman eta estimatu eziñezko doai misterioz bete bat, egozten zaizkion utsen jabe ez dan jokabide bat, ukatzen zaizkion merituak aldean dituan bizi-aide jagi bat, eta, beste edozein bokaziori bezela, dagokion izatez kanpokorik ezin eskatu lezaiokegun bokazio jator bat.
Bakartia ba-doa, bakarrik. Ba-doa gauzen artetik gauzen barrura, begiak, argi, norberegana zabalik. [II]
+++
Bakartiari bere burua zaio naikoa, ta, arek billatzen duan ixiltasuna, bere barruko abotsa entzuteko bear duan giroa da. (1)
Bakartiak bere inguruan sortzen duan otza, arantza-esi bat bezela du: bere barruko aberastasuna ostutzera iñor urreratu ez dakion.
Itzik egiten ez ba du, barruko lurrun bero ta gozoak iges egin ez dezaion da.
Bakartiaren lakartasuna, aren begien gogor-antza, aren erantzunaren garatza [sic, garratza?], orrexegatik da: norbere barrua zaitu nai dualako.
Bakartiak begi sakonak ditu eta norbere barrurantz itzuliak. An arkitzen du dena: ura ta lurra, sua ta zerua, aingerua ta gizona ta Jaungoikoa.
Bakartia nekez bizi da ilusioaren gezurretan. Aren begiak, gauzen itxurari baiño, aien muñari lotuagoak daude; ta aren belarriak, gauzen zaratari baiño, aiek zartatzen dituanari jarriagoak.
Arek nabaitzen du ondoenik gu-bakoitza ta gauza bakoitza neurtzen gaituen eziñaren muga ain urbilla ta ertsia.
Arek nabaitzen du ondoenik gure ezer-eza ta ezer-eziña ta gu-gerez eta gauzez kanpotiko ta gaiñetiko indar baten premiña.
+++
Pagadiak itxutu egiten du pagoa. Pagadiak gortu egiten du pagoa. Urrutiago bizi dan arek, obeto dakus saldoa, obeto dantzu zantzoa. [III]
Nik ezin det ulertu bakartiarenganako jendearen errukia; bakartia berekoi amorratu dala diotenen iritzia; bakartia aroa [sic, eroa?] dalakoarena: gizadiagandik aldenduta bizi dalakoarena. Bakartia, alakoa balitz ere, gizadiaren onerako dala aitortu behar: "Kaleko gizartetik, urruti antenak; bakarti kirtenak!"
Baiña ez du errukirik merezi antenak, ez norbere bokazioa zintzo betetzen dutenak [sic]. Zintzotasunak berekin ditu zorion-fruitu onenak.
Batzuek geiago, bestetzuek gutxiago, guztiok gera bakarti, guztiok gaude bakarrik. Iñoiz ez da iritxiko gizonik iñorengan bizitzera, iñorekin erabat bizitzera. Beti izango du zerbait besteekin batera ezin-bizia, besteei eman-eziña, norberak bakarrik jaso eta eraman bearrekoa. Eta bakartiak egi ori argiago jartzen dio gizadiari.
Norberekoi amorratu dala? Ta nor ez gera norgerokoi [sic, norgerekoi?]? Asmatu al ote diteke norberekoi ez dan gizonik, norberenganako zaletasuna eta norbere buru-bizitzak merezi ez dion
ardura norbere buruari ematen ez dion egiazko gizonik?
Arroa dala? Baliteke, baiña ez derrior. Ez-ta geienentan ere. Apalena izateko bide egokienetik bai dabil.
Gizadia aintzat ez duala artzen? Ta zergatik ez? Bakarrik dabillelako beste gabe? Gizona, bere iñorenganako zaletasunean, iñorekin zearo batu ezin diteken bezela, bakartia ere iñoiz ezin diteke, nabarmenena izanda ere, gizadiarengandik erabat aldendu. Ta, ostera, bai gizadiarekin iñor baiño geiago bat-egin da [sic, bat-eginda?] bizi.
Norberekoi-keria gizadiari emanena dagoanarengan bizi ditekean bezela, gizadiarengandik itxuraz aldenduta bizi danarengan, arenganako maitasun, erruki ta ardura bizi ditezke. Ta zergatik besterik pentsatu?
Nire iritzirako, gaiñerako lausengutzaille ta txolin askok baiño mesede geiago egin die gizadiari, bakartitzat joan diran zenbaitek: ala Buda batek, Tebaida-ko aiek, [IV] eremuetara iges-egiñek eta abar. Zergatik egotzi bear ote zaio bakartiari norberekoi-keri beltzura?
+++
Nik, neonek oartu detanez, auxe baieztu nezake: bakardadeak nere barru-bizitza sakonkiago ikusten eta barruagotik ezagutzen erakutsi didala; au da: gizona ezagutuagotzen eta arenganagotzen eta arengan eta arekin arkituagotzen lagundu didala.
Lurrean ez dago arra bat gizonaren aztarrenik gabe, eta ala, dagidan bidean, neugan pentsatu-ala, andik eta aragotik igaro diranetan, andik eta aragotik igaro dijoaztenetan eta andik eta aragotik igaroko diranetan pentsatuz dagit bidea. Eta ortan gozatzen det, edozein gizarte mugaturen iskanbilla zalapartasua baiño sakonagoak eta jasoagoak diran beste eta aren, eta denen baterako, zarata ixil eta aundi oien dena-baterakoa entzuten, bizitzen, gozatzen, goratzen eta maitatzen.
Edo zein aizek ez dizkio ekartzen bati, alde batetik edo bestetik datorrela, gizadiaren berriak, norbera bizi dan gizarte-sail derrior mugatutakoaren berri mugatuak baiño ugariagoak eta osoagoak diran berriak, norbera bizi dan gizartekoez gaiñera?
Jadanik aizeak gizaldi osaren, giza-arraza guzti ta bakoitzaren giza-usai osoa dauka ta dena dago itzez eta zizpuruz eta arnasaz eta animaz ondua.
Nun ez degu arnas-artzen, nun ez dago, gizonaren, besteen, iñoren, norbaiten usaiña ez dakarkigun aizerik, kresalik?
Zein giro argik edo illunek, zein goizek edo illunabarrek ez du gizonetaz itz egiten? Zein garaik, zein orduk, zein bakardadek...