Bitoriano Gandiaga

Literatur idazlanak

ARAN^

Eta aitta Lasa. Inguruotan aitta Lasa gehiago, aita Lasa baino. Baina aitta Lasa deitzen ziotenek zein aita Lasa. denek dute hari buruzko iritzi bera: Gizon ona, pertsona ona, fraile ona, maisu ona... Izen diferente bakoitzari, ona adjetiboa datxekola beti.

Egunotan batek ez daki zer duen oroitzapen zahar, zer oroitzapen berri; zer aspaldi entzuna eta zer oraintsu; zer norberak ikusia, zer inork kontatua. Egunotan, bizitzan baino osatuagoa, jantziagoa, bere benetako antz, itxura, tankera eta traza beteagoan, dena baterakoagoan ikusi dugu aita Lasa. "Aitta Lasa bizi da, ez da hil" esan dit Bizenta 91 urtekoak. "Berak erakutsi oskun irakurten eta eskribiten, berak sumar, restar, multiplikar, dibidir, regladetres eta bizitzia aurrera aterateko biazana" erantzun dit 30-40 urtera bitarteko andra gazte batek. "Lagunketako beti prest eguana izan zan aitta Lasa. Zalakua zala, nahiz hemengua, nahiz kanpokua, iņungo distinziņo barik lagunduko otzan batari zein bestiari. Urbixako pastoriai letxe obretaa hona etorri zian estremeņo eta gaillego jentiai. Auzuan be ahal eben guztixa egingo eben bataren eta bestiaren alde, danakin zorretan baeuen baiņo umillao", entzun diot auzoko gizon bati.

Nik hemen ezagutu dut aitta Lasa. Goiztar, txoriak berak baino goiztarrago, goiztarregia aukeran. Meza ordu fijoren batean eman beharra ez bazuen, goizaldiko lauterdiak-bostak aldera emango zuen egunero. Gero gosaldu eta gainerakoak. Ondoren besteokin batera, koruko gorespen, meditazio eta otoitz aldira. Gosaldu eta beste egin ondoren, eta presaka samar korura zihoan batean, dei egin dio fraile batek: "Aitta lasa. abittua atzekaldetik altxaturik daramazu". Aitta Lasak, asko ikaratu gabe, abituari heldu eta jaisten zuen bitartean; "begira, ikus litekeen guztia duk nik ongi bataiatua".

Goiz ibiliz denbora irabazten zuen bere gelako idazlanetan aritzeko. Besteok, hark lehenago eginak, beranduago egiten genituen bitartean, berak legajo zaharren bat irakurriko zuen eta idazmakinan tekla saio bat egin. Aitta Lasak urte luzez eman zion idazteari eta artxiboetan gorderiko paper zahar askotako berriak eskuratu zizkigun: zenbait herriren historia, eskolak Gipuzkoan, Jauregi gerrillaria... Sarritan, papel zahar haietako gorabehera xelebre eta bitxiak atsegin zitzaizkion. Ipuin, pasadizo, fabula eta istorio zalea genuen aitta Lasa. bai predikuetako dotrina adieraztekoan, bai jendeari historia ezagutarazteko ahaleginean, bai solasaldiak atsegin egiteko bere betiko gogo sanoan. Gustora entzuten zion jendeak aitta Lasari eta gustora irakurtzen.

Bere aurpegikera, ibilera eta agerkera, oso pertsonalak eta maitakorrak zituen aitta Lasak: aurpegia zabala eta masailak gorriak, begiak urdinak eta irribartsuak, bekokia lasia, belarriak gorriak eta hazi samarrak, ilea mehatza eta urdinxka, belarri ostetaraino eta kokoteraino sekula iristen ez zitzaiola. Kokotea betea eta guria. Beti ezagutu genuen abitu jantzian. Sartu burutik behera abitua, kordoiaz gerrian lotu, sartu burutik behera kaputxa ere, eta gehiago gabe aurrera. Ez abituaren tolesturak artez dauden, ez kordoia zuzenago edo okerrago daukan. Horretan ez zuen sekula arretarik jarri. Oinetan sandaliak ere erabiltzen zituen, baina aukeran botak jantzita ibiltzen zen, Urbiako artzainari edo baserritarren kapeilauari zegokionez.

Aitta Lasa batzuetan goizegi, bestetzuetan beranduegi, baina beti egin ohi zituen bere erlijioso eta apaiz izateari zegozkion otoitzak eta mezak. Hala ere, konturatzen zen nonbait bere otoitz eta mezen akatsez eta desegokitasunez, eta ez zuen bere otoitz arazo horietan hainbesteko segurantzarik jartzen. Bere segurantza, on egitearen baitan jartzen zuen, eta esan ere, horregatik esango zuen hainbeste aldiz: "Ezerk bada, on egiteak eta mesede egiteak eta elkarri laguntzeak salbatuko gaitu".

Tren-estazioren batean izan behar zuen: joan zen biletea ateratzera eta fraile zenaren ageria falta zuela. Takilakoak fraile zenaren ageria eskatu zion, erlijioso izanez, merkeago emango bazion biletea. Orduan aitta Lasak aupegia agertu zion takila barrura burua sartzeko ahaleginak eginez eta esan: "Adiskide, begira idazu ongi, nire aurpegi hau, ez al da fraile aurpegia?" Eta hala lortu zuen biletea.

Norbaitek eta inoiz, aitta Lasaren begirada maltzurra zela apuntatu zuen. Ez dut ukatzen, asko ikusia eta asko jasandako [sic] zenez, haren begiratuan inoiz ezin-sinestuaren keinuren bat somatzea, baina hori ez da maltzurkeria, hori inozoa ez dela adieraztea da eta solaskidearen azpikeriaz ohartzen dela adieraztea. Ezer ez bazuen, gaiztakeria da aitta Lasak falta zuena. Mendira zetozenek-eta, eskatzen zioten eskolako giltza emango zien, eskola zikin, lorrin eta lardaskaturik utziko ziotela jakinik ere. Etorriko zitzaion barrakoiko langileren bat honen edo horren eske, ongi ordainduko ziola aginduz, eta aitta Lasak eskuratuko zion, ahal izatera, hark behar zuena, aurretiaz bazekielarik, beste hainbestek bezala, hark ere huts emango ziola. Eta hala bizitza guztian eta hala mundu guztiarekin. Nire iritzirako, aitta Lasaren bi marketako bat bere ontasun zerbitzuzkoa da. Gozatu eta poztu egiten zuen inori laguntzeak.

Eta euskorra zen, bere lanari lotua. Oporretan han joango zen batean artxibo batera, bestean bestera, bere maletatxoa eskuan zintzilik zuela, batari ta besteari autostop eginez. Eta artxibariek diotenez, han egoten zen buru-belarri, legajo eta paper zaharrei adi, ez orduri, ez komuni, ez otartekoari kasurik egiten ziola. Eta gero etxean zegoelarik, artxiboetatik garraiatutakoa lantzen arituko zen egun, aste, hilabete eta urteetan zehar. Aitta Lasak "Arantzazu " hilabetekaria hartzen duen jendemoduaren antzekoentzat idazten zuen duda gabe. Baina luma eta hegada apainagodun jendearen begikotasuna eta sinpatia ere bereganatu zuen, eta zeresanik ez "Tejiendo Historia" epigrafearen azpian idazten zuenaren zain zeuden "Arantzazu" aldizkariaren irakurleena.

Haren hileta egunean argi agertu da jendearentzat nor zen aitta Lasa: goiko, erdiko eta behekoak, denetarik etorri da aitta Lasari azken agurra ematera. Arantzazuko plazoletan ez zen auto gehiagorik kabitzen, ez elizan ere jende gehiagorik, eta hori astegun buruzuri batean. Ez da egundo horrelakorik gertatu izan beste inorekin eta nekez gertatuko da berriro. [I] Bestalde prentsak, telebistak eta irratiek ere isildu gabe eta laztanki erabili dute haren izena eta izana.
"Funeralian dana izan da aitta Lasari tokaitten xakon tamaiņakua: halako mezia, jentia, sermoia -oso ona, gustau xat-, kantuak eta dana. Aitta Lasak merezi eben moduan izan da dana", erantsi du Prudentxik.

Aurpegia ikusi orduko emango zioten zeruetako sarrera-txartela. Noski.

Gaia 1: Laguna
Gaia 2: Arantzazu
Azpi-gaia: Arantzazu: Fraideak
Edizio kritikoa: Paulo Agirrebaltzategi
Gipuzkoa.net-aren logoa