ARAN^
Abendua gerturatu zaigunerako, nor ez da Gabon-jaiekin oroitu? Eta Gabonekin oroitu orduko, pozak nori ez dio barrutik kilimatu?
Gabon-jaiek, berriz, arritzeko poz-bide bat dute oiñarri: Jaungoikoak maite gaituala: Jaungoikoak Jesukristo-gan agertzen eta ematen digula bere maitasuna.
+++
Arantzazu-ko pagadietan, goldio-eske dabiltz prailleak, goldio-eske umeak. Goldio truke, turroia-ta artu oi izan ditugu ba. Ta, ala, Oliterako, Alfaro-rako ta arako ta onerako, goldio-zakukadak ageri dira gure atarian. [I] Etxerako ere emen da. Egia da, gurean gero-ta goldio gutxiago erabiltzen dana; baiña etxerakoa, kaja aundi batean dago.
Goldioa, gure artean, belenarekin lotuta dago. Ia ez degu goldio gabeko belenik asmatzen. Goldioa, ostera, pozik bide dala arkituko, iruditzen zait; ematen zaizkion betekizunak ain goxo ta bikaiñak diralako: jaiotzatxoen apaingarri, ta, lore-ontzien betegarri, ain zuzen.
Pozik bide, goldioa emen dago, betiko biguin, nazimentu-aidez oraingoan, ia, oraingoxe nazimentuan.
+++
Guztiok bear genuke nazimentu-gintzan jardun, guztiok artzaien iruditxoak, ardienak, erregeenak, Jesusenak... billatzen, egokitzen, atontzen, jardun.
Jardun-bide onek asko Gabon-girotu izan nau ni-neu, beñepein, beti ere. Baiña, aspalditxotik aldamenean geratzen naiz, alabearrez, ikastetxeko umeek eta praille gazteagoek nola diarduten, begira. Denok batera jardungo bagenu, askotxo ere ba-gera-ta, bi-iru mutikok lo egiten duten ogeko maindirei maiz gertatu oi zaiena gertatuko ez ote litzaiguken, nago.
Baiña, naiz-ta figuratxozko belenik ez egin, bakoitza norbere barruko belena egitetik iñola ere ezin gindezke aldendu. Ta, ordua da aurreneko prestakizunak egiten asi gaitezen.
Norgere [sic] belen onek bere akatsak ba-ditu, ta, lenengoa, bakoitzak ikusi dezakegula bakarrik; baiña irudiak-eta erosten ez du lanik, ez-ta etxeari baxterrik ostu bearrik ere. Orregatik belen au bakoitzak nai bezalako aundia ta ugaria egin genezake. Baiña, bear bada, ori bai: gure barruko irudi oiek ere garbitu ta argitu premiñan izango gera.
+++
Ikastetxeko umeekin egondu naiz. Eta, ea Gabon-belenak nola jarri, erabaki ote duten, galdetu diet. Eta kapillakoa igaz bezelatsu eratzeko asmotan daudela, erantzun didate. Transitu-barrenekoa ere, aurreneko urteetan bezela bearko dutela antolatu. Baña jolastokian, an omen dira berenak egitekoak. Kapillan eta Kolejio-barruko transituan jarri ezin dituztenak ere, an bai ipiñiko omen dituzte: baloi, pelota, globu, plastikuzko abioi, barku, eta, ez dakit nundik eta nola iritxi dituzten zaldi, soldadu, kamioi ta gaiñetiko —bai gerra ta bai pake-aideko— milla traste ta tresna. Ta guzti oiek iñoizko inguru aktual eta universalaren [sic] barruan. "La Iglesia en marcha" deritzaion kolorezko, irudizko ta grafikuzko orma-periodiku-orri ederrez inguratuta. Amasei bat orrelako orri aundi ta eder bildu omen dituzte, ta oietako bakoitzak gaur-eguneko ta iñun diraneko berri ta gai interes aundikoak omen dakarzkite. Ta ikusteko, eskatu didate. Eta, erakusti-ala, orri bakoitzaren izen-buruak eta zerbait geiago irakurtzen asi zaizkit.
— Emen, Bombay-ko Eukaristi-batzar nazio-artekoarena: India-k 435 milloi biztanle dauzka; orietatik 6 milloi dira, bakarrik, katoliku. Beste au mundu zabaleko goseaz ari da: 400 milloi gizon dira, bakarrik, ongi jaten dutenak; 2.500 milloi gaizki jaten dutenak; baiña auetatik, beti goserik bizi diranak 500 milloitik gora, berriz.
— Onen izenburua "Meza Berria" da: Meza berbera ematen da milla izkuntza ez-berdiñetan. Emen, "Pazko Misterio"-z ari dana: Gizona miñez dagoanean, Kristo miñez dagoala, dio. Gizona miñez dagoanean, Kristo miñez dagoala, dio. "Indar berri bat" beste onen izen-burua: Epiritu Santuak kristau ta kristau-gaien biotzean sortzen duan Jainko-kemena, aipatzen du. Au DOMUND-ekoa da: Sudan-en biziro erasotuak arkitzen dirala gaur, Kristo-ren mixiolariak; 2.500 milloi dira munduan, kristau ez diranak.
— Igazko Gabonetakoa: "Belen-go mandatu berria" deritzaio: Bizitzari zor zaion begirapenaz, diardu; millaka asko gizon omen dira, oraindik, anka-petuak, gaizki tratatuak. "Epifani ta Mixio" deritzaion ontan, berriz, gerrateetako biktimarik erru-gabe ta babes-gabeenak umeak dirala; milloiak [sic, milloika?] ume gosez, zer-jantzi bearrez, moduzko etxerik gabe, eskolarik gabe, bizi dirala.
— Onako ontan, Mixioen aldeko eskaria ageri da: Askotan guk alperrik galtzen deguna, an-aietan balute, dio. Onek, ostera, Kristo-k gure zorrak bere gain artu zituala. "Lurralde bakoitzean, an-bertako Eliza" eskatzen du beste onek: Polonia-ko kristauen zintzotasuna goratzen du. "Jaungoikoa illik ote" galdetzen du azken onen izen-buruak, eta, erantzuten: Jaungoikoa bizi da; Jesukristo da Jaungoiko ikus-eziñaren irudi.
Eta arpegira begiratu didate.
+++
Nik ez dakit zer belen-modu inguratuko ote diguten elizan jartzekoaren ardura duten praille gazteak. Urtero asmatu oi dute zerbait berri. Mutikoak kapillan eta transituan jarri oi dituztenak ere beti izan oi dira ikusgarri. Baiña jolas-tokian eratzekoa duten auxe, beste guztiak baiño egokiagoa atera baietz, jokatuko nuke.
Estalpetxoa, seaska, san Jose ta Maria, astoa ta idia, artzaiak, baloia, globuak... Aspaldiko ta oraingo; berri ta zaar; egungo ta betiko; ango ta emengo ta deneko; mapa asko, erretratu asko; zer-irakurri asko; ta dena nastean; baiña dena Jesus-en aurrean. Ta, alaxe, dena.
Umeentzat, Jaungoikoarentzat bezela, aldia ez da aldi, nunbait dena gaurkoa ta oraingoa baizik. Umeentzat, Jaungoikoarentzat bezela, urrutirik ere ez dago, agian. Ez-ta eziñik ere.
Eta, dena bukatuko dutenean, eta, Abenduaren 24-garrengo gabaz, Jesus aurra bere askan jarriko dutenean, Jesus, mundu auxe, berak ainbeste iruditan ikusten duten mundu guzti auxe bera salbatzeko jaio dala, aituko dute. Berrien berriz ere Jesus "beartsuei berri ona ematera datorrela; giltzapetuei askatasuna; eta itxuei ikusmena otsegitera; atsekabetuei lasaitasuna eskeintzera; Jaungoikoaren errukizko urtea otsegitera". [II]
Umetasun onekintxe eratu nai nuke nik ere barruko belena, ideazko ta fedezko nere belena, ta, aiek bezela —edo Elizak bezela—, entzun, aitu, artu ta bizi Matuta-irakurgaietako [III] itz auek: "Gaur jaio zaigu Birjiñagandik zeruetako Errege, gizon galdua zeruko erreñuetara itzultzeko. Gaur argitu zaigu erospen berriko eguna".
+++
Umeak eta santuak elkarrengandik urbil daude. Santuak, Jainko-bideetan aurreratu-ala, gero ta etorriago datoztelako umetzaroko inozentzi garbira. Santutasun-mugatzat ez al zuan ba jarri Jesus-ek, umetasun tolesgabea? "Aurtxoak bezela egiten ez bazerate, etzerate zeruko erreñuan sartuko", irakurtzen degu Aren Ebanjelioan.
Eta santuek nola aitu zuten ba Gabon?
Gure Aita San Prantzisko-k, beste edozein jai-egun baiño geiago goratzen zuan munduko Salbagillearen jaiotz-eguna, eta jai-egun au jai guztien jaia dala esan oi zuan. Eta aur txiki aren gorputza bere begiz ikusten zuala iruditzen omen zitzaion, eta umetxo baten gisa, ta kutunki itz egiten ziola, musurik gozoenak ezartzen omen zizkion.
Gau artan biziro zetorkion gogora, zein lotua ta illunpetua arkitzen zan, federik gabe, mundua, eta zein on aundiak ekarri zituan gu salbatzera zetorren Goi-argiak. Belen aldetik mundu guztira zabaltzen ziran izpi argiak ikusten zituala iruditzen omen zitzaion.
Greccio-n bizi zala, Eguarri jaiak baiño amabosta aurretik, Aita Santuari baimena eskatuta, prailleen eliza ondoan belen bat antolatu zezala eskatu zion ango gizon adiskide bateri. Arek, berriz, arreta guztiz antolatu omen zion askatxo bat, askatxoan lastoa, aren aldamenetan astoa ta idia, eta, alaxe Gau-erdi aldera, aska aren aurrean eman zan Meza nagusia, eta Prantzisko santuak kantatu zuan ebanjelioa, ta arpegia, goiko alaitasunez dist-dist egiten ziola omen zeukan. [IV]
+++
Santuentat -Elizarentzat eta Liturgiarentzat bezela-, gertakizun bizi bat da Gabon. Gabon bakoitza, Gabon. Lenengoa balitz bakoitza.
Fabrikak, traktorak, kamioiak, trenak, abioiak, illargira dijoazten koeteak, tankeak, barkuak, bonba-atomikoak, klinikak, zaarren asiloak, maternidade-etxeak, universidadeak [sic], jauregiak, txabolak, txaletak, pobreen tegiak, aberatsen alperriko egoitzak, kartzelak, deporte-zelaiak, zinemak, elizak, pobreen etxeak... baiña denetik eta dena nasten duan mundu ontan, eta gu-geuretzako, gaurkuontzako, eta aurreneko aldiz balitza, eta 1966-go Gabonez, San Leon-en itz auek esango dizkigu, Elizak:
"Maite-maiteok, gaur jaio da gure Salbatzailea: Poztu gaitezan. Ez bai dagokio tristurari lekurik, bizitzaren jaiot-egun ontan; ilkortasunaren bildurra desegiñik, agindutako betikotasun-poza bai damaigu. Poz-bide ontatik iñortxo ere ez da baztertzen. Guztiontzako poz-arrazoi berdiña bai du".
Beraz, aurten ere Gabona, Gabon. Orain 2.000 urte izan zituan arrazoi berberak bai ditu Jesus-ek, jaiotzeko; Jaungoikoak zenbateraiño maite gaituen agertzeko; Jaungoiko-itxura utzita gure ilkortasun errukarriz janzteko. Eta, graziaren bidez, orduko artzai ta magoei bezela, gaurko txoferrei, estazio-jefeei, gau ta egun lanari lotuei, teknikuei, astronautei, ta denoi, eskeñiko digu [sic], berriro ta berritan berriz, bere jaiotza-doaiak.
Orregatik arkitzen det ongi, jolas-tokiko belenaren gaiñean mutikoak jartzekoa duten, irakurgai au: "1966-go Gabonak, Gabon". (Ez ote legoke obeto Eguberri?). [V]
+++
Eta goldioz, artzai zaarrez, betiko asto, idi eta ardiz; baiña ordutik onerako guztiz, eta gaurko problemaz, gaurko trasteriz, gaurkotasunez jantziko dute belen ori. Alaxe ta alaxe baiño alaxeago ikusiko bai du Jesus-ek mundu au, goldio gaiñeko iruditik baiño, aldare gaiñeko ogitik.
Eta alaxe baiño alaxeago arkituko da Jesus-en gorputza -Eliza-, zapi biguiñetan bilduta bai, baiña oraindik lasto gogorrek ziz-egiten diotelarik: Sudan eta Kongo-n odola dariola, India-n goserik, Rusia-n eta Txina-n Herodes-en bildurrez, 2.500 milloi fede gabekoren gauak inguratuta.
Eta alaxe baiño alaxeago esango digu, aurten ere, Aingeruak: "Ez ikaratu; erri osoarentzat poz aundia izango dan berri bat dakarkizutet-eta: Salbatzailea jaio zaizutela gaur, Kristo Jauna bera". Eta bertanbera, milla eskoletako ume, milla elizetako kristau eta milla ta milla erritan, zeruko talde aundi bat bilduko zaio Aingeruari, aurten ere, Jauna goratuaz eta esanaz: "Aintza zeruetan Jaungoikoari, eta pakea lurrean Aren gogoko gizonei".
Arantzazu-n, Balerdi-ren "Annuntio vobis" ensaiatzen ari dira. [VI]