Bitoriano Gandiaga

Literatur idazlanak

ARAN^

Arkaitzeko elorriak, zakardikoak, esikoak, loretan eta loratzen ari dira.
Elorri ain doakabe ta ain bertanbera bizi diran auen lore berri ta xuriak dira, bear bada, berriz, itxaropenezko anima-giro atsegin ontara ekarri nautenak. Beok dira, beera begira ninjoalako, bear bada, bere usai goxo ta txikiz, adarretako loretxoei begiratzera deitu nautenak, loreek billatzen duten zeru ain matazatsuaren gaiņeko zabal urdiņa begiratu-arazi didatenak.

+++

Eta, alako batean, geratu egin naiz; geratu ere, geratu egin bear nualako: gauzak ez bai daude alperrik bakoitza bere tokian. Elorrien lorez jantzitako arbatxo* oriek ez daude alperrik dena odeiez jantzitako zeru astun eta goibel orren aurrean, ainbeste ta ainbeste arantzaren gaiņean. Ez daude alperrik, beren aide ain lirain orrekin, beak iņola ere ez dakiten egoera pozgarri orretan.
Eta euritan eta zeru larriaren aurrean geratu naiz -malkorreko elorriren bati ala neure buruari begira ez dakidala-, gaur, elorri loretu bati begira.

+++

Askota gertatzen zait zein elorriri begira ote nagoan ez jakite au. Ispilluan ageri dan neure musuari iņorena balitz begiratzen diotan bezela, sastrakako elorria neu banintz ikusten det askotan. malda garbiko, baso zaarreko, narda ertzeko, amiltegi gaiņeko, iturri ondoko edo ardiek maite duten zelai ta larre zabaleko elorri ta elorduietan, nortzuk diran ez dakidala, gizonak eta gizadirik geiena ikusten dedan bezela; eta, gero, neu ala beste iņor ote ziran jakiten ez detan bezela; gizonekin eta gizadi geienarekin neure burua bat eta berdintzat artuko banu bezela.

+++

Baiņa elorri dena loretu auxe daukat gaur, beste, gaiņetiko elorri guztiak baiņo gertuago.
Arrikruz aldera erten detan bezela, Urbia aldera atera banintz, ez nuan onelako ikuskizun ain lorezkorik izango. [I] Urbia aldeko elorriak oraindik ez bai zitezkean loretu. Erroitegi gaiņeko aiek, ostera, ez dira loretu ere egingo, gaixoak, zutik daudela, ain ilik bai daude urteotan ere. [II]Igazko udazkenean erre zuten arlo artakoak, baliteke, oraindik, nundikbait bizi izatera etortzea.

+++

Ain gizonaren antzeko dalako edo, etsai asko dauzka elorriak. Tamalgarri da elorriak neguan ikustea. Ain bertanbera, ain bakar eta ain gorri geratzen bai dira elordietakoak berak ere. Bakoitzak norbere nekea naiko ta gehiegi balu bezela agertzen dira; eta diranei batera begiratu ondoren oartzen da bat, guztien artean osatzen duten lantu zarpil eta baterako arek elkartzen dituala. Udaran legorteak samintzen ditu, ez bai dute aiek ere mundu ontan naikoa lur gizenik arkitzen.
Udalenez bai, udalenez, lur ezerik eta eguzkirik duteneko, dena loratu bearrik jartzen dira. Egun argi batzuek izan dituztela-ta, ikusi besterik ez dago: arru arte ontako elorri guztiak dira gaur nabari, denei darie lorea, denei itxaropena, denei bizi-poza; pazko-atsegiņik ederrena bailerie bezela.
Negu ain beltz, luze ta gogorreko izotzak, antzigarrak eta naigabeak lakartutako ondoaren gaiņean, alabearrak bigurtutako subillaren gaiņean, suak berdoztutako besangaen gaiņean, gaitzak igartutako gaiņigarren* gaiņean, zein berria, zein garbi eta alaia dan loretxo auen gaurko bitxi xuri ta bustia!

+++

Sagar, udare, mertxika, gerezi, aran-ondoek-eta, elorriarekin zugaitz-izate bera dutelarik, beste gauza batzuek bezela dira. Aiek ere ba-dituzte beren etsaiak, bere gaitzak eta il-bearrak, baiņa aiei lur obea gertatu zitzaien, aiekin asko arduratzen dira; aiek, elorriak iņora ere eman ezin dezakeana ematen dutelako, adiskide ta ingurumariko geiago dituzte. Baiņa elorria baserri agorreko nekazari ona bezela da, kale-baxterretako langille jatorrak bezelakoa, besterik ezin-eta, bere biotz ain ederretako odola millaka tantotxo gorritan ematen dutenen [sic] bezelakoa. Beste zugaitzak baiņo askoz maitagarriagoa.
Elorriak, ia, gure jente arrunt eta fededunak bezelako anima eder bat ere baduala esango nuke: ezbearraren menpean ezitako anima bat, naigabea eramaten oitutako anima bat, gu geienok bezela, lurrean iristen ez duan eta aidean arkitu uste duan zerbait ari begira jarrita bizi zaion anima bat.
Bilbo-n edo Barzelona-n edo beste edozein tokitan izan dala, naiz lantegi ain illun eta aundien inguruan, naiz soro erripatsuetan, naiz Gaztela-ko sailladi legorretan, nekea ta konformidadea, bekokiko zimur sakonak eta ezpaņetako parre antxa, gerri edo bizkarreko makurra ta, ala ere, ekin azkarrari dagozkion millaka ta millaka gizon eta emakumeok ikusten ditudanean, neure mendiotako elorriekin gogoratzen naiz, eta elorriak maite ditudan bezela maitatzen ditut, oiexek bai dira elorriak ain maite izatera ekarri nautenak.

+++

Zein elorri-lore bezela zaitan eder orrelakoen arantzarteko poza: nola nai nukean poz orretan beti iraun lezaketen; zenbat opa dietan poz orren lore xuriak, euritan edo izerditan edo malgo garratzetan bustitako lore xuri orrek beti jantzi al ditzala!
Gaur begien aurrean detan elorri au bezela, edo begien ostean detan gaurko beste elorri loretu au bezela, nai nituke ikusi, arantzen gaiņean dena lore argi dutela; arantzen, zortearen, eziņaren, nekearen, ezbearraren kontra jaiki gabe; ixilki, jardunean, itxaropenez; eguzkiaren, aizearen, erleen edo norberaren poz dirala; beti zuzen jokatu izanaren poza, animatik azalerako poza dariela; pazko luze, neketsu ta itxaropengarriarekin oroi dirala; naigabeak ain aldean dituztelarik eta, aldiz, naigabeak pozez jantzirik berriz.

+++

Arrikruz-etan [III] betiko elorri loretu usaia asmatu det. Hilari sukalde-lanetan zebillen; Maria gaztea, etxaspiko [sic] urtegian lixiba jotzen; Damaso-ta kaltzada zaarrean luperiak eratsi duan orma jasotzen; bide artatixe etorri da Maria amandrea, lokatzez eta astokada arbi loretuz. Aldeko etxe utsera etorri ziran erdaldunen andreak josten ziarduten. Denekin jardun det: gripea dala, erreuma dala, soroetako girorik-eza dala, eta abar eta abar. Baiņa abar oietan, abar guztien gaiņean, gauzak kristauki artzearen lorea ageri zan.
Konbenturakoan, Kortakogaingo Braulio ikusi det, ia bere betiko oge zurian, gora begira jarrita, eramana, itxaropena ta fedea zerizkiola. [IV]
Elorri loratuei ez diet adartxo bat kendu, baiņa lorez itzuli naiz, edo lorez itzuli naizelakoa abiatzen det: naizelakoa abiatzen det: ainbeste arantzez jositako bizitzan kristau auei norbereganaiņo, norbera argitzeraiņo, norberagan lore biurtzeraiņo darien fede-bitxirik ederrenez anpatuta.

Gaia 1: Arantzazu
Gaia 2: Bizitza
Azpi-gaia: Arantzazu: Elorria
Edizio kritikoa: Paulo Agirrebaltzategi
Gipuzkoa.net-aren logoa