Bitoriano Gandiaga

Literatur idazlanak

ARAN^

Gizonak illargiraiño iritxiko dira, ta bakoitzak bere nazioko bandera jarriko dute an. Gizonak illargiaz jabetu dirala uste izango dute, ta illargia, illargi-aldeetan banatuko; au gurea da, au zuena, esanez. Illargia, ostera, gizonena baiño umeenagoa izango da; umeenagoa ta biotz ariña dutenenagoa.
Beti arritu nau prailleen gelako ikuskizunak: oge trakets bat, mai ximple bat, jantzi-kutxa mengel bat, eskolarako ta sermoitarako liburu batzuek, eta orma zuriak. Eta orma gorrietan, argira, leio bat. Eta zer edertasuna! Zer zoramena angoa! Zer geiagoren bear-eza! Zer praillearen atsegiña! Zertarako ezer geiago?
Ta ez nabil txantxetan. Ez naiz parrez ari. Zorionaren aurrean bai nago.

+++

Eta jauregi-zalea naiz. Jardin-saillez inguratuta ageri diran aundikien etxe oiena; fabrika beltz eta sekula bukatzen ez diran oiena; kolegio-etxe ikusgarri oiena; zerua burrunbaka zeartzen duten abioi arrigarriok zoratzen naute; tren etengabe ta azkar oiek, automobil galant oiek, itxas-ontzi erraldoi oiek, soro ta ibar ongi landuak... eta piñadiek ere.
Pozik ikusten ditut gizonaren egintza et ekintza ain bikain oiek. Pozik ikusten det gizona asmakizun berrietan saiatzen ikustea. Pozik ikusten det aurrerapena ta konforta. Ta ez bakarrik pozik ikusi; nai ere bai ortan jardun dezan, deadar egin ere bai ortan jardun dezala eskatuz; bear bai degu saiatu gizonaren erbeste au eramankorragoa egiten.

+++

Baiña...!
Ixilpeko bat daukat. Jesus-ek mendigain artan ain goitik esan zuan zerbaiten ixilpekoa; San Prantzisko-k, berriro eta ain nabarmen esan zuan zerbait berberaren itxilpekoa; Elizak -baiña bear bada elizakoak entzuten ez degun- deadarka esaten digunaren ixilpekoa.
Mundua ta illargia ta eguzkia ta izarrak ere, gizonenak baiño umeenagoak izango dira, eta biotz ariña dutenenagoak. Au da: onen edo aren jabe izatea zer dan eztakiten oienagoak, jabe izatea zer dan oraindik ez dakiten oienagoak, edo norberekeritik, norberekeri-loturetatik askatu diran oienagoak.

+++

Norena da Lurra? galdetu nuan. Nork bizi du lurraren jabe izatearen poza? galdetu nuan. Nor da lurreko gauza ta edertasun guztiz eta bakoitzez atsegindu diteken zoriontsua? galdetu nuan.
Eta lurra, biotza lurrez, askoz edo gutxiz, zeukatenena etzala, ikusi nuan. Lur gutxi bai da naikoa biotz bat estaltzeko, itxututzeko, itotzeko. Edozer ain gutxik lurpetu bai dezake biotza.
Eta jauregiko ondasun-liburuetan neurriak ikusi nituan; baiña ez lurrarenak, arako-marako lur-zati aundi edo txikiagoenak baiño. Eta alaxe aundikiaren, ugasabaren [sic], maizterraren ondasun-liburuetan ere. Baiña soiñeko jantziaren jabe baiño, edozein zirtzilkeriren jabe baiño etziran aietan ere, neurria besterik ez nuan ikusi; soiñeko jantziaren neurri juxtuaren neurria bakarrik, edozein zirtzilkeriren neurri apurtxoaren neurria bakarrik. Eta nazio bakoitzak bere jeografiaren neurriak baiño etzituen, eta mapaetan bakoitzak bere lurraldeen neurria baiño etzuan ageri. Baiña ez lurrarenik, lur zabalarenik, lur zabalaren eta aren inguru zabal eta ederragoenik. Eta edozein gauzaren gaiñeko jabetza-neurriak zituzten aietan, gauza neurtuen gaiñeko jabeak baiño etziren ageri, baiña ez lur osoaren jaberik. Eta, alaxe, lurra, zerbaiten gaiñeko jabetza duan iñorena etzala, ikusi nuan. Norena da, bada, lurra? galdetu nuan. Eta ezertxori lotu gabe zeudenena zala, entzun. Edonora, edozein ordutan alde egiteko gertu bizi diranena dala, ikusi. Umeena ta biotza arin dutenena zala, aitu.
Eta, ondoren, auxe idatzi nuan: Egizko aberastasuna, gauzaen gaiñeko aginpidean dago; gauzak eskumendean eukitzean; gauzen gaiñetik norbera egotean; gauzen morrontzatik aske bizitzean. Gizonaren aberastasunik aundiena aske, libre izatean dago.
Libre dan gizonak, arek maitatu ditzake diranak, arek besarkatu ditzake diranak, arek ega-egin dezake diranen gain, denetan zoriona arkituz, San Prantzisko-k bezela, zurearen eta arenaren inbidirik gabe, ango eta aragokoaren bekaitzik gabe, pozez betetako begiz, zure gari-soroko edertasuna goratuz, aren fabrikako burni-otsa eder-etsiz, urliaren jauregia ta berendiaren automobilla pozik aipatuz.

+++

Eta San Prantzisko-k Guido Obispuari ziotsana entzun nuan: "Jauna, ondasunak bagenitu, gure ondasun oiek zaitzeko, armak ere bear izango genituke. [I] Baiña ontatik ezta-baidak eta asarre-bideak izango genituke, Jaungoikoari eta lagun-urkoari zor diegun maitasunaren kaltean".
Eta San Prantzisko-k eta Fr. Maseo-k, limosna bildu ondoren, erritik kanpora erten zuten. Eta aldamenean arri aundi bat zeukan iturri eder baten ondoan:
— Ene, Fr. Maseo! Guk bai ez degula merezi onen ondasun ain aundirik.
— Baiña, Aita, nola deitu zenezaioke ondasun, ain leku gorri oni? Emen ez bai dago mai-estalkirik, ez kutxillorik, ez azpillik, ez katillurik, ez etxerik, ez mairik, ez morroirik, ez neskamerik?
— Ba, orrexegatik; erantzun zion San Prantzisko-k. Limosnako ogia, arri eder au eta iturri argi ori besterik ez degulako; orrexegatik daukat au ondasun ain aunditzat.
Baiña ondasunik-ezak amorratu arazten dituan oiek ez diote antzik emango San Prantzisko-ren iturriko pozari. Ez-ta ondasunak Jaungoikoari ta lagun urkoari zor diegun maitasunaren kaltean, armaz eta azta-baidaz eta asarre-bidez zaitzen dituzten oiek ere. Gauzen poza, ostera, ondasunik-eza, gogoz artzen dutenena izango da eta ondasunak —gutxi edo asko dirala—, Jaungoikoari ta lagun urkoari zor diegun maitasunaren ariora darabilzkitena.
Alakoei otzanak deritzaie, ta alakoetaz dio Jesus-ek, zoriontsuak dirala; alakoek bai dute biziko lurraren eta illargiaren poza.

Gaia 1: Jendea
Gaia 2: Lurra
Azpi-gaia: Jendea: Dirua/hondasunak
Edizio kritikoa: Paulo Agirrebaltzategi
Gipuzkoa.net-aren logoa