Bitoriano Gandiaga

Literatur idazlanak

ARAN^

Arendui eta Arroletakoak ikustera atera naiz. [I]
Komentuko atari aurrean iru mutiko ari ziran elurrezko gizon bati bizkarrean pala-atzur bat jartzen.
Komentutik kolejio berriaren aurrean, beeko arrekarantza asten diran arrimailletaraiņoko elurra, praille-gazteak kendu dute goizean. Eguerdiko eguzki apurrak lerro biur eta beltz bat egin du aiek bere atxur eta palekin igaro diran lekuan.
Arrimailletan beera elurra mardul zegoan, baiņa maillak ongi ezagutzen ziran.
Ustez, oiņetako seguruak jantzita ninjoan, artillezkoak eta katiuskak jantzita; baiņa laister asi naiz elurraren preskura lenengo bernetan eta ondoren aietatik beera urtuz zijoana sentitzen.
Labanen bat egingo ote nuan bildurrez-edo, geien bat, lurrera begira jetxi naiz errekaraiņo.
Konturatu bai konturatu naiz inguruetako edertasuna aundia zala, baiņa ez dit mirarik egin, arik eta Arrola-rako artzen dan bideraiņo.
Baiņa pista gaiņeko alertze gazteen artetik dijoan zidorra artu detanerako, edertasunaren ikutua sentitu det. Baiņa ikutua baiņo geiago izan dala aitortu bear det, gelditu eragin dit-eta.
Iru bana metroko alertze aiek, beren betiko aide ain liraņez gaiņera, adarretan, asma ditekenik-eta apainduri atsegiņenak zeuzkaten. ostrotxoak, asko bakandurik, ori eta laru eta beillegi; ta gozoro makurtutako adartxoetan, arratsaldeko alako argi oiez batek erlustuta*, elur-multzo bigunak.
Andik aurrera ezin jarraitu izan det nere betiko abiadan. Astiro, ango ixiltasunaren arira, artu det Arrola-rantz igo dijoan mailladia.
Gaztaiņa-ondoek ere begiratu nezaiela, eskatzen zidaten. Adarrak gorri, eta, arbazta artean, altu eutsita zeuzkaten eskukada elurrak. Zeruko urdin zati aren aitzinean, zer lilluragarri ageri ziran gaztaiņondo jagi aiek ere.
Gorago, ta sastraka artean bakarrik ikusi detan gaztaiņondo arek ere merezi du aipamen bat. Agerian zeukan igartuta zegoala. Adarrak leun arbaztarik gabe, ta luze, danean eta geldi elur-zirrindak zituala, bere gerri illunean ezik.
Insiņis-pėņuak eta zipresak tonu gordin eta serio batean ageri ziran, berde-beltz eta zuri.
Ez dakit nora begira ninjoan, arri-mailla uts-eginda, lokatzarte batean anka sartu detanean. Bata lenengo eta gero bestea, bein uts-egitera ezkerokoan, konpletu egin bear detala-ta edo.

+++

Mailladia burutu detanean, berriro gelditu bear izan det. Ikusitakoak eder ziralakoan, orain arteko gauzarik ederrenaren aurrean arkitu naiz: pago zabal eta yayo batekin eta aren aldameneko aritz gazte ta luzezka batekin.
Pagoa, adarrak zearo ta gozoro lurreraiņo malgututa zituala arkitu det.
Udazkeneko pagoen ostro-kolore suskoaren su eta urrekolore-tonu guztiak aitzera emango lituzkenik ezdago [sic].
Eta gaiņetik begiratu ondoren, azpira sartu natzaio. Zer zoriona! Azpitik lilluragarriagoa zan. Askoz ere kolore-joku geiago ageri zuan. Baiņa aren azpiko argiaren kolore, ain koloretuarenik, aipatzeko ez naiz gauza. Sorgiņen palazio ilusiozkoenean ere ez da alako argi-girorik asmatu.
Eta pagoaren aldamenean aritza, ostro guztiak aldean zituala. Aritz-altxuma bai, banekien zailla* zana, biurriak* aiekin egiten zituan aitak-eta. Baiņa aritz lerden eta sendo onen adarrak ere bigun daude oraindik. Auek ere, altuago, baiņa parabolan lurrerantz eratsita zeuden. Ostrorik geienak berde-gordin oraindik, banaka bat oritzen asita, eta orituta ere bai bat edo beste. Ta aien gaiņean elur-zepa gizenagoa ta, adar-ondoetan odei gorrizta baten larrosak.
Karobigain-eko lizarrak ere eder zeuden. (1) nen kontrako pentsamentuak emen sortu zaizkit. Baiņa alakoek [sic], bear bada, onako elurtzetan ibiltzeko gauza eztirala izango, ta, aaztu egin ditut.
Karobigain-eko lizarrak ere eder zeuden. Eder bai; baiņa, gaxoak, aietxek eman didate nere zorion-ibillaldiaren erdian tristura piska bat. Irail-oro moztutzen dizkie urte-adarrak aien ostroak ardiei edo beiei emateko. Eta billoxik eta nabarmen, ez dakit ze gaueko lantu edo ulu bat bezelako gogoratzen duten.
Arago, artegi ondoan, ardi batzuek ikusi ditut elurra jaten edo, bear bada, elur-peko sasi ta ota-puntekin ari ziran. Ardi aien illea etzait gaur batere garbia iruditu.
Gaiņaren andiko aldetik beera dijoan Arrola-ko gurdi-bidearen ertzeko urkiei begira jarri naiz.
Urkia, bere ostro xee eta adar eta anpor zillarrezkoz, zein ikusgarri izan zaitan beti ere. Baiņa gaur, iņoiz baiņo ikusgarriago eta maitagarriago iruditu zaizkit. Batez ere aura, bidearen alde batetik bestera etzanda zegoan aura. Baiņa etzanda ez, dena zoramenezko arku bat eginda baiņo. Zenbat ostrotxo maitagarri ta zein kolore ugarietakoak [sic]. Eta zenbat elur gaiņean. Orain artean ikusi ditudan arbola guztiak baiņo askoz ere elur-zotazal gizenagoa dauka gerrian, adarretan et ostroetan katiatuta. Emen egin det kolore-erretratularien kontrako bigarren erremuskada*.
Kuadernua atera eta aren deskrizio bat egiten asi naiz, Ramón Zulaika-z gogoratuta. Baiņa indarrak egin ondoren, ez det idatzi auxe besterik: "Urkiak, ostrotxo ori, urkiak elurrez", eta damuz etsita, aurrera egin det.
Arrolako oillategiak mira egin dit ondoren. Tellatutik leioetaraiņoko elur-kopeta zerion enredaderatik beera. Zer itxura ain zearo kapritxosoa. Arrola-ko etxeko-andre Maria-kin, bere oillategiaren itxura ain lilluragarriaz jardun det.
Leandrok, ango parajeak erretratatzera iņor ez etortzearen pena aipatu duala eguerdikoan, esan dit. Goizean omen zeuden, artean ere, ikusgarri paraje aiek.
Arendui-ra bideko lapatxa-aranei ere begiratu diet. Ostrotxoak, denak elurtartean, arraz-arra baiņo mietzago zeuzkaten, baiņa ze kolore ori-argiz.
Arendui-n, elurra otza dala, esan didate. Otza ta bustia dala, ta ratu txarrak pasatu arazten dizkiela artzai eta baserritarrei. Nik ongi ezagutzen det ori eta pena ematen dit ori ala izateak, elurra ain miresgarria izan-ta.
Etxerakoan, berriro begiratu diet arbolei, eta emen batek eta beste batek an adar aundiak ausita zeuzkatela oartu naiz. Eta pena geiagoz eta antxe idatzi det:
Oi, zer misterioa dan elurrarena,
ain ederra dalarik, ain bai da krudela!
Nire sentimentua bitan zatitu da:
ederraren alde ta krudelaren kontra.
Bitan kraskatu da, biak alde bana,
elurrak ausitako adarrak bezela.

Gaia 1: Arantzazu
Gaia 2: Izadia
Azpi-gaia: Arantzazu: paisajea
Edizio kritikoa: Paulo Agirrebaltzategi
Gipuzkoa.net-aren logoa