Bitoriano Gandiaga

Literatur idazlanak

4KO^

Urriak bosta. Eskurtsioa
Santanderra da txangoa.
Erezumaren urteguna da
zorion-kantu sendoa.
Barruak argi, ilusioa,
kanpoan laņo-lanbroa,
txantxa ta kantu, bada girorik
autoan, alajainkoa
ohartu gabe igaro dugu
Hermidako zokondoa,
hain larria ta bronkoa.

Torrelabega ikusi dugu,
portatu zaigu txoferra
buelta handi bat eman du hiriz
ez noski buelta alferra
hala ikusi ihal izan dugu
feria-leku ederra
ahal izan eta ez ikustea
bazitekeen okerra
Espainiako ferialetan
ferial hau da liderra,
berdin gabe ta superra.

Kantabriako lurrez lur goaz
paraje mardul oparoz
zelai jantziak ikusten ditut
herri ta hauzo igaroz
zenbat lekutan esne-behi onak
belardi gizen ta naroz
esne-marmita handiak ere
lekuan lekuan dagoz
artotza zabal eta bikainak
jaseko buruak jasoz
modu egokian datoz.

Kantabriako hiriburura,
Santanderra heldu-ala
iruditzen zait edertasuna
haziagotzen doala
Banketxeren bat, Hotel tzarren bat
nahiz jauregiren bat dela
etxadi handiz zehar ari da
zabalduaz kaleen gala
itxas ertzaren grazia ere
ageri da bereala,
Santander ez da makala!

Iritxi eta katedralera
eraman gaituzte lehenen
hiriaz ihardun zaigu gizon bat
hartara sartu baino lehen
Harako hartan zera bat zela
beste hura zela hemen
erreketa bat izugarria
izan zela Santanderren
esplikazio asko eman du
bai dato eta bai kemen
ondo entera gintezen.

Katedralaren kanpoaldea
serioa da sobera
dibujatua ez den harlanduz
torre gehienen antzera
aipatu dudan erreketaren
ondoren egina bera
materiale zahar eta berriz
baliatuta gainera
arkupetara iritsiz gero
baduke lehenaren era
dibujuen arabera.

Jose Egino Obispo Jauna
Komillasen ikasia
dorre kontrako irudi hartan
dago adierazia.
Gorri denboran, zuri denboran
zentsurak iragazia,
hurko lagunik behartsuenei
bihotz guztiz itsatsia,
maitasun garra zuen gizonak
arimaren sustantzia,
pobreenganako grazia.

Klaustro zati bat ikusi dugu
gehienbat gotiko zena
baina bazuen gotiko ez zen
arkurik barruz barrena
erromaniko girokoa da
gaztelu zaharren batena
Handik aurrera ojibala da
ikusi genuen dena
Ez da munduko beste gauzarik
ez da batere irtena,
restauratua gehiena.

Katedral nueva deitu elizan
piskat gelditu nahi nuke
Menendez eta Pelaiok zerbait
berezi merezi luke
Don Martzelino, umetatikan
badut nik zure entzute
liburuetan azkarra zinen
denak aitortzen dizute
Baina jakitun zinen tamainan
zenuen hainbat bertute,
zure zerbait nahi genuke.

Kriptara jaitsi ginen klaustrotik
hangoa ikusi guraz
erromatarren zenbait aztarna
han ageri zen itxuraz.
Baina ta kriptan den Santo Kristoz
batez ere oroitzen naz (1)
hari begira pasatu nuen
denboraldi bat liluraz
badu untzio guztiz handi bat
sentimentu bat menturaz,
erruki dadila gutaz.

Magdalenaren parke deitura
hara doa atobusa
animaliak ageri dira
hauxe da hango bezuza
pinguinoak, fokak ere bai,
lehoiak ar ta urruza.
Hango paisaia hamaika jendek
sor eta gorrik dakusa.
Parke hau egin duen gizonak
resultatua bekusa.
lan eder hau dezan luza.

Sardineroko hondartzak horra
jendearen gozagarri
garai batean Perinesetik
honuntza nentorren sarri,
baina hondartza hauek pasatuz
Faroa hor da hilarri:
Hemendik bota zuten gizonik
numero handia jarri
gorriak eta zuriak zuten
lege berdina ezarri
gizona amilduz larri. [I]

El Casinora bazkaltzera ta
dena autoserbizio
Hura aukera! jendeari hor
lerde-haria dario
Garridok bota zizkigun haiek
ditugu komentario
el yo ta super yoaz [sic] ari da
makina bat irabio
haren esanak jantrope hartan
ez dute asko balio
dijestioa artio.

San Bizente de Barqueran gara
illun aldean geratu
restaurant baten txis egin eta
poliki gara lasatu
eguerdiko betekadea
oraindik ez da beratu
korroskadarik bada nahiz eta
zerbezaz disimulatu
gora zein behera jotzen duela
badago bai zer askatu,
usai gaiztoa barkatu.

Berriz autora, etxe aldera,
bezperak eta kantuak.
Urriola ta Felixek horra
kontatu beren kontuak
barre ederrik eragin digu
fraileon pulamentuak
Andresek ere baditu bere
kontatzeko talentuak
rato gozorik pasa genuen
adituz eskarmentuak,
horiek elementuak!

Gaia 1: Bizitza
Gaia 2: Artea
Azpi-gaia: Bizitza: Anaiartea
Edizio kritikoa: Paulo Agirrebaltzategi
Gipuzkoa.net-aren logoa