Bitoriano Gandiaga

Literatur idazlanak

AOB^

Hau da trikiti Gabongo (1)
jende askoren penazko
biziera gutxi asko
gogora ekartzekoa,
sobera argi baitago
askorentzat zein den gaizto [lerdo] (2)
burgeskeria kutsuzko
Gabon jaien jai giroa.

Gabon jaiak jan-edanen,
oparien jaiak hemen,
Gabon jaiak, zer zoramen
supermerkatuz, saltokiz,
diruak erraz korritzen
duen lekuak edertzen
Gabon jaiak duenaren
zoriona zoriontzen.

Gabon jaiak, alto hemen
noizbait kontura gaitezen
Gabon jaietan zer dugun
ezer baino lehen ospatzen:

Behartsuen alde, haien
arduraz bizi gaitezen
Jainkoa pobretu zela
Gabon gauean Belenen.

Gabon jaiak Guatemala,
Gabon jaiak El Salvador,
Gabon jaiak Nikaragua,
Gabon jaiak Honduras, Mitch
Ertamerikan barrena
behartsuenak zigortuz
ibili berria da txit
gupidagabe ta gogor.

Guatemalan dago aurten,
El Salvador, Hondurasen,
Nikaraguan, Mitch gaiztoa
zorigaitz eta hondamen,
behartsuenak jipoituz
suntsitzaile pasatu den
Ertamerika gaixoan
han dago auhenka Belen.

Gabon jaiak, Gabon jaiak
zein argi askoz datozen
argi beharrik ez duten
jende ta leku argitzen.
Gabon jaiak aberatsen
esparruak argiztatzen,
bitartean argi gabe,
pozik gabe, zenbat Belen.

Hau da erronda Gabongo (3)
urrungo kartzeletako
jendearen hurbiltzea
beste behin eskatzekoa,
dretxorik ez baitago
gain-zigorrez zigortzeko
ez inor ta ez inongo
nahiz den dena delakoa.

Legez zor dena diogu
lehenbailehen bete dezaten,
presoen herriratzeak
zenbat gozatu gaitzakeen!
Suetenaz gero gaude,
has gaitezen has mugitzen,
egingarri den bakea
koplarik gabe gauzatzen.

Gaia 1: Gabonak
Gaia 2: Bakea
Edizio kritikoa: Paulo Agirrebaltzategi
Gipuzkoa.net-aren logoa