Bitoriano Gandiaga

Literatur idazlanak

GRZ^

Eguneroko ofizioa
Bezperak-I

Aita Frantzisko, pozaren
sekretua dakizuna,
irakats iezaguzu
zinezko alaitasuna:
non den zorion-atea,
non alaitasun betea.


Demagun gure_ejenplua
txit onuratsu dela,
mirariz eritasunak
sendatzen ditugula...
jakintsu, igarle, aingeru,
zernahi hura garela...
nahiz eta_orotan gintezkeen
jende paregabea,
hortan guztian ez dago
alaitasun betea.

Aita Frantzisko, pozaren
sekretua dakizuna,
irakats iezaguzu
zinezko alaitasuna:
non den zorion-atea,
non alaitasun betea.


Demagun bidegabeki
zigortuak garela,
gutaz irain lohi, gezur beltz
jario dirautela...
hainbat laido ta laineza
esanezinen zama,
Kristorekin bat eginik
eraman bageneza,
egiaz hortan legoke
alaitasun betea.

Aita Frantzisko, pozaren
sekretua dakizuna,
irakats iezaguzu
zinezko alaitasuna:
non den zorion-atea,
non alaitasun betea.


Espiritu Santuaren
dohain txit nabaria,
Kristok bere lagunentzat
gorde duen saria:
norbere buru ta_aburu
garaitzeko grazia
maitasun eztiz gozatuz
neke-minen gazia...
Hirutasunari mendez
laudorio guztia.

Aita Frantzisko, pozaren
sekretua dakizuna,
irakats iezaguzu
zinezko alaitasuna:
non den zorion-atea,
non alaitasun betea.


Amen.

Gaia 1: Gorazarrea
Edizio kritikoa: Paulo Agirrebaltzategi
Gipuzkoa.net-aren logoa