Bitoriano Gandiaga

Literatur idazlanak

AAP^

Nola aurkitu daiteke bat zer idatzi ez dakiela, agian hainbeste gauza idazteko dagoelako izan ezik edo lan asko dugunean bezala nondik hasi ez dakigulako ez bada? Zergatik nahi dugu garrantzi handiko gai bat aurkitu idazten hasteko ta zergatik ez dugu idazten zerbait txundigarririk aurkitzen ez badugu? Gaia aztertzen dugu, berri harrigarri baten bila gabiltz, zerbaiten azterketa zehatza nahi dugu egin, jendearen aurrean sorketa berri bat jarri nahi dugu eta abar. Ondo jan eta edateko jaiari begira egoten zen norbait. Aupada bat egiteko erromeriaren zai egon oi zen beste bat. Bi ankak [xx?] gainean jarri eta pipada bat lasai erretzeko lanak bukatuaren begira beste bat eta hola lotzen zuten beren askatasuna gertakizunen eta egunen menpean atxilotuz. Noiz ikasi behar ote dugu unean unean bizitzen joateko jakintza? Noiz lortu askatasun osoz gauza oroz hitz egiteko garaia, pentsamena, irudimena eta hitza barra barra jalkitzeko askatasuna? Miniaturak egin zituztenak ez dira mural handiak egin zituztenak baino ezertan artista eskasago. Jostailuak ere beharreko direla adierazi nahi dut, eta parkeetan hara eta honera haizeak erabiliko dituen ostroak ere bai. Papera eskastuko dela, liburutegiak lehertuko? Paperak idaztortzaren kutixia du sortzen denerako eta liburutegiak lehertu (1) balitez guztiok irakur [sic] ahalko genuke zerbait gehiago gastu gutxiagoz.

Gaia 1: Idazlea
Gaia 2: Artea
Edizio kritikoa: Paulo Agirrebaltzategi
Gipuzkoa.net-aren logoa