AAP^
Nire artaldeko ardien erruki naiz. Patxada oneko artzaia baino odol biziko txakur bat naizela iruditzen zait. Artzaiak ez du ardirik zemaitzen, zigortzen eta gogor hartzen ezergatik. Txakurrak bai. Odol biziko txakurrak alperrik izan bihotz ona, alperrik ardiak maite izan, alperrik azkarra, argia eta "ona" izan, ez daki bere odolaren biziari eusten eta zakarkeriak egin oi ditu artaldean. Mila aldiz ikusi dut txakurra negarrez. Mila aldiz ikusi dut txakurra damu intziriz, ardietan egin okerraren minez. Horregatik iruditzen zait, artzai baino artzaiore odolbiziko bat izandu naizela. Nork ez du entzun izan nire zaunkadarik komunidadean, nork ez du nire asarre-aginik ikusi izan apostoladuko lanetan, nork ez du nire ozkarik hartu eskolan? Ez naiz aitzakiatzen, aitortu egiten naiz bakarrik eta nire ontzeko gauzaeza aitortu. Zerbait ondo egin izan ez duena ezagutuz urbiltzen zaizun txakurra bezala, zenbat aldiz urbildu izan natzaizun, Jauna, garbahaturik* [sic], gogorkeriarik berriz ez egiteko asmoz. Zergatik ote naiz erabagi hain laburreko? Eskolako umeei zuzenketa iraunkorra eska oi diet eta arinak direla esaten, eta nerau? Bizitzako lotsarik handiena, pekaturik lotsagarriena, argalkeriarik sendoena aiurri minbera eta mikatz hauxe dudana zuk eta nik badakigu behintzat, Jauna.