AAP^
Gizonak gehien maite duenik bizitza da: hil ez baina bizi, bizitzen bizi ta bizi. Gizonaren hilezkortasun susmoa oso urrutitakoa da, prehistorian bertan bizi zuten sinesmen nabarienetako bat gizonaren erlijio-senaren agerpen nagusienetakoa bezala aitortzen dute auntropologuek. Bestalde, zaharra du gizonak heriotzaren esperientzia. "Jaio denak heriotza zor du" lasai asko esaten entzun izan diegu gure aitonei. Hila ondo hilik geratzen dela ere bistakoa da, bistako izaki baino ez bagina. Hauxe da ostera probatzeko dagoena, gizona, alegia, bere gizatasunean seko hilik geratzen dela, gure begietarako gorpu biurturik geratzen denean. Gizona gorpu geratzen dela ere ikusirik zuten haseratik gizonek. Zergatik orduan hoien luzapenarentzako kultua? Geuk ere oraindik aldean daramagu heriotzaren ondorengo bizitzan jarraitzearen fedea. Eta zergatik ez? Fisikoki agertu ezin ditekelako? Ez dut uste inoiz agertu ahal izango denik ere inoiz. Baina ez eta gizona bere gizatasun osoan fisika hutsa denik ere. Guregan materia hutsaren konbinazio-legez kanpotiko edo gainetiko zerbait ere barrundatzen dugulako. Zenbait lagunek ilusio hustzat jotzen dute gure geroko bizitza diodan hau. Beren eskuko dira nahi dutena sinesteko. Ni neuk hain berez eta errez sinisten dudan hau, historian gertatu izan den fenomeno batetan ere tinkatzen dut. Gizonak bere gainetiko zerbaitekin (1) eten gabe izan duen harremanetan, hargandik jaso izan duen hitzean eta azkenik eta gehien gizonki hizketan jardun izan zaion norbait haren mandatari sinisten dutan Jesus Kristok [sic] eman digun baiezpenean. Jesus Kristo bera eztabaidan dagoenik ere badakit, baina niri barruak, badelakoa ematen dit, beste nornori ez delakoa eman lezakeon bezala. Eta badelako hontan tinkatzen dut fedea eta hargandik dakigun guztitan sinisten dut, bai eta gure bizitzaren etengabean ere. Beste azterketa bat litzake fede honen zenbaterainoko indarra eta eragitea, zenbatetan bultzatzen nauen nire gaurko egunak betiko bizitzaren legera eratzen. Eta hauxe nuke nere sinismenaren kontrako argudiorik gogorrena. [I]