UBMG^
Gauza asko apuntatu dut. Zer egingo dut, zer nezake egin ainbeste apuntez? Hartzen ditut paperak eskutan, hogeina lerro, bospaseina, hamarna lerro ageri ditu paper bakoitzak. Lerro multzo bakoitza gai bereizi bati buruzko entsegu-asmo eten bat da. Entsegu eten pila dut begien aurrean, esku artean. Nola osatu, noiz, berotan burutu izan ez ditudan ala ezin burutu izan ditudan idazpuruok? Oharmenak ikertu izan duen oharkizunen geografia berri batetako apunte ditut. Oroitzapenak gustora begiratzen dien oroitgarri oihartzun maitagarriz beteak. Paper pila dut eskuartean. Argazki zati bezala dire. Ez dire erakustekoak, baina maite ditut. Alferriko dire, hala ere ezin ditut desegin. "Nahikoa dut" hitzez hasten denari begira jarri natzaio orain: Ikusten dudanez, hau berau ez dut ain zuzen oharkizunen geografia berri batetako apuntea, neure biosfera zaharreko ateraldi berri bat baizik.
Horra:
"Nahikoa dut, ez baidirudit ganorazko gauzarik otuko ote zaidanik gaur. (Paper zimur bat hartu dut eta boligrafoa. Noiz ote dut boligrafoaren kapelatxo hau ozkatu karraskatzeraino?)
Nahikoa izango ditut lanabesok gaur burura datozkidakeen lorrinak* idazteko, ez bait dut lanerako gogorik ez eta gorputzik. Hala ere ezin dut ezertan saiatu gabe denborarik galdu. Heriotzak, bizitzak berak nahiz hiltzaileek hartarako aukerarik eman izan balio gaur lanean ihardungo zuen zenbait jenderen oroitzak daragit.
Euskaldunok ez dugu une bat alferrik galtzeko eskubiderik. Biktoria-eguna ospatzen ari den autoen errenka erreka gogor hau ez dago gure alde; ez-eta Las Ventasko zezen-plazara doaken jende-sail handi ta luzea; baina Uztailaren emezortzi hontan ateak itxi dituzten Atheneo eta Institutoak ere ez daude gure alde; ez aberatsen jauregiok; ez fraile ta monjen konbentu-kolejiuok; ez katedralok; ez Ministeriuok; ez ezer [I]. Jakinaren gainean ala ez, ez daude gure alde. Itsasoaren legea bai du itsasorik ez duen lurraldetako jende honek: Erditik ertzetara jotzen du ta igotzen bazterrak menperatu nahiz, ertzen erztasuna suntsitu nahiz, ertzean dugun aitaren etxe-ataritarainoko erasoz. Eta esan ahal dut? Bai, esan dut, heriotza ez ezik bizitza bera ere aurka dugula ta ihardun behar gogorra dugula hemen, langile asko hilik ala halabeharrez ezindurik ditugunez gero". (1)
Hau bezalako beste idazki-punttarik ere badut. Buztinezko lanetan gerta ohi zaidana gertatzen zait idaz lanetan: uzten dudan bezala legortzen eta gogortzen zait buztina, eta berriz ikutzea arrisku handikoa da: hausi egiten da. Berriz bustitzea nekeza da, eta berriz bustiz gero, lehengoa hobetzen ihardun baino hobe duzu berritatik berriz hastea. Inpresio apunteokin oraindik zailagoa litzaidake arazoa. Buztina bustitzeko ura nonahi dugu noiznahi, baina bizi izan dugun unea nola busti behin betiko joan zen une hartako uraz? Badakit inpresio-apuntetan inpresio oroitzapenak berak nahikoa ur beltza izaten duena bere baitan eta herstutu, haztatu, eskuztatu eta gero gaia berriz berotan jartzen dena. Baina hortxe dago untzea. Noizko sartu berotan eskuarteko paper pila hau? Bestalde apunteok ain zaizkit Madrileko Udararen parte. Ain didate oroitzen orduko zenbait pasarte. Ain dire giro hartako demontre!
"ETA dela ta ez dela, (2)