Bitoriano Gandiaga

Literatur idazlanak

AAP^

Ez dugu astirik galdu nahi. Hala ere gure denbora eremu bezala ageri da igaro dugun arloa zehar. Egunoro azaltzen zaigu bizitza zeregin garrantziazkoz beterik. Egunero saiatzen gara arazo bakoitzari bere erabakirik egokiena ematen, baina gure arearen ondoren ez da ganorazko uztarik ageri. Beti ikusten ditugu aurrean arrakasta nahi eta nahiezkoa duteken eginkizun zoragarri zenbait. Nola geratzen dira gero, nola iruditzen zaizkigu gure eskutartetik igaroz gero, batez ere aldiak gugandik aldentzen dituen neurritan? Ez du poz handirik ematen jorratu nahi izan dugun arloari begiratzeak. Ez ote ditugu ba behar bezala egiten? Ez ote gaitute [sic] larritu arazi arte arduratu? Ez ote gara saiatu gehiago ezin hainbatetan? Ala ez ote ziren agian hain garrantzi eta inguru handiko? Egunoro hain premiazko iruditzen zaizkigun zeregin horiek ez ote dira hainbesteko? Begien kontra, gorputza joteraino [sic], hankak trabatu arazteraino, arnasa estutzeraino, pisutsu eta egingabe utzi ezinezko handiak iruditzen zaizkigun arazo hoiek ez ote dira hain nabarmen, hain gertutik ikusten ditugulako? Behar bada, begiak ametsez baino ameskeriaz eta irudipen hutsalezko ganduz lausotzen lehiatzen gara eta gure eginkizunak ez dira guk egozten diegun itzalez betez [sic] handi. Ez dira ez eta egin ondoren iruditzen zaizkigun bezainbat ttiki eta urri agian. Baina behar bada laister betetzen garen koxkol besterik (1). Hazi ttiki bat edo bestez eta hauts apur batez bakarrik betetzen zaizkigu egunoro batere handi ez diren gure eskuak eta haura uzten dugu gure ondoren eta haura ereiten denboraren urek aurrera eta aurrera garamazkiten bitartean. Galdu nahi ez dugun denbora bera ez ote da azken baten urez behera bete eta ustu garamazkian ibaia? Larri aldi hontan ez dut beste itxaropenik ibai hontaratu gaituen Hargan besterik eta estuasun ilun honen eskaintza apal hau dagiot, zori halabeharrezko triste horren eskaintza.

Gaia 1: Bizitza
Gaia 2: Denbora
Azpi-gaia: Bizitza: Esperientzia orok.
Edizio kritikoa: Paulo Agirrebaltzategi
Gipuzkoa.net-aren logoa