Bitoriano Gandiaga

Literatur idazlanak

AAP^

Ez dakit nola esan. Negu beltzeko ekaitz ilun bat dirudi azaltzera nihoan sentipen honek. Sentiera zahar batetan sentitzen ikasiak ginen. Patxada gehiagoko egunak moldatu zuten gure barrua. Bizitzak gauzen ikuspegi berri batetara ekarri gaitu, ordea. Gure gizaldiak nahi eta nahi ez sufritu behar du giroaren aldaketa nabarmen hau. Gu pixka bat landarak bezala gara, animaliak eta egaztiak bezala. Lurretik askatuta bezala sentitzen gara gaur edo giro berri batetan bizitzera behartuak eta nahi ta nahi ez hartzen du min gure landaretasunak, gure animaliatasunak, gure egaztitasunak. Ez dut gaurkoa txarragotzat jotzen, ez eta gutxiagorik ere. Bizitzari zor zitzaion aurrerapen hau; baina arrazoia onhartzen ez duen gure zatirik bizienekoak min hartzen du eta nik aitortu egiten dut. Grina honek literatura txarragoa du gaur lehen lizunkeriak zuen baino, esaterako. Erromantizismoa losagarri geratu da. Erromantizismoaren zenbait nabarmenkeria ez ditut onartzen, baina erromantizismoa bera giza-izateari lotua dagoela aitortzen dut eta on edo txar odola baino barrurago bizi dugula. Eta gaur bertan izena edo itxura aldatuta, hor dabilela ondo bizirik gaurko mundu hontan zehar. Gureak helburu (1) edo atseden* apalagoak zituela, horixe kontua. Inguruak eta gertakizunek egiten zuten motxagoa baina ez hotzagoa.

Gaia 1: EHerria
Gaia 2: Bizitza
Azpi-gaia: EHerria: Modernizazioa
Edizio kritikoa: Paulo Agirrebaltzategi
Gipuzkoa.net-aren logoa