AAP^
Berrogei ta sei urte ditut. Artalde handi bat larrez, txakurrik gabe eta bakarrik eramaten datorrena bezala etorri naiz urte muga hontara. Norantz eraman behar dutan dakidala jokatu dut: Eguzkia egun oro jaiotzen den alderantz, alegia. Jokabidea jakinki ere ez da gauza erraza inoren artalde handi bat bide askoz markatua den mendiz nahiz larrez eramatea. Aldapan ixuritako uraren antzera mila aritan edo behatzetan zabaltzen zitzaidan noiznahi alde askotarantz: fraile frantziskotar naizenez komunidade bizitza behar izan dut bizi, apaiz naizenez apostoladu lanetan jardun behar izan dut, irakasle naizenez irakaskintzan ari behar izan dut ordurik gehienetan, idazteko gogoari ere amor eman behar izan diot noizbaitzuetan, nahiz eta astiune eta lotarako orduei atsedena kendu, eta aiurri urdurikoa naizenez aurrean aurkitzen izan ditudan eginkizun askori heldu izan behar izan diet, agi dagoenez, ezertan ezer asko aurreratu gabe. Zein aldetarantz jokatu izan dutan jakitearen poza dut bakarrik urte-muga hontan: Eguzkia egunoro jaiotzen den alderantz ibiltzen saiatu izanaren poza. Mendi maldetara begiratzen dut eta eramateko agindu didaten artaldea arras barreiaturik ikusten, baina sortalderantz abian dihoa taldeko buru oro. Mendi baten ondoren beste bat agertzen zaidala ikusten dut eta haren ostean beste bat eta beste bat izango dela oraindik iruditzen zait. Edozein lerro bakarrik hartuta abiatuko banitz, azkarrago egingo nuke bidea eta errezago. Zer esango ote lidake, ordea, eguneroko eguzkia, urrezko diru bat bezala, egunero ematen didan sortaldeko nire Jaunak? Berrogei ta sei urte betetzen ditudan ordu hontan, lehenengo beste mila alditan eraso nauan zalantzak kezkatzen nau berriro eta oraindik maldaz hain zalbalik eta geldiro daramakidan artalde osoari ekin beharko diodala erabakitzen dut.