AAP^
Atzo hil zen Donostian Pedro Beilotzakoa [I]. Oinatira ekarri zuten haren gorpua. Ez zuten jaso baserrira. Adiskidetasunak eraginda haren etxekoak agurtzera erten nuen bazkal oste eurituz [sic, euritsuz?]. Zer gauza! Seminariotik behera Erreka urkulura [II] bidez hain berri iruditzen zitzaidan haren pausoen hotsa, haren arnasa estua. Banenkian haren hanka-markak antxe, hanka-marka berritxoagoen azpian zeudela. Sorandietako eta Arrolako umeen anka marka arinen azpitxoan. [III] Zenbat hanka marka ikus ezinago horien denen azpitan, gizon baten haurtzaroko pentsamendu, ilusio eta ikusi-beharraren pisu-pean eginak, gazte baten sasoiak pauso zangarrez* idatziak, gizon helduaren soseguz eta patxadaz emandakoak. Noiz asmatuko ote dute bide-zintak entzun ahal izateko magnetofoia-edo! Bide askotan gertatu zait gaur bidetxior hontan gertatzen zaidana. Gizonaren igarotzea azaletik begiratuta gauza arina litzake, baina zergatik ez dakidala, bidez dioan [sic] gizona bere pentsamentu eta sentipenetan ikusi oi dut eta bideak nekagarri zaizkit hainbeste oihartzun hain desberdinez hotska [IV]. Pedro haritz baten pisukoa zen. Burua dendunean zuen. Etxe zale zen. Alaia eta zabala adiskideendako. Fedea eta gizontasuna bat bera zituen. Gure baserritan han-hemen aurkitzen diren azaleko itxuraz beste diren gizon heldu eta umotu horietakoa. Beilotzan nahigabean minari itxura onean eusten aurkitu ditut geure Klaudio-ta. Banenkien zenbat maite zuten aita. Laister erten dut Beilotzatik euritara. Bidez Pedro ikusten nuen orain ume orain mutil orain gizon, bizitzari adi, baserriko egitarauari, Joana emazteari. Hitz altuago bat egiten baldin bazion bereala egiten zion senargaitan egin zazekean irribarre zirri-aideko gozo bat. Pedro, Beilotzatik Arantzazurako bide hontan zehar, Joana gabe eta Joanarekin, bide ertz hontatik errekaren zarata urtsutan bizitza gizonki bizitzen jakin duen pertsona bat dirudit.