Bitoriano Gandiaga

Literatur idazlanak

AOB^

Argiaren esperientzia ere ez dakit noiztikakoa dudan. Gure etxe-giroan Jaungoikoa familiako norbait zen. Ez genuen ikusten, baina gure gurasoek hain maiz aipatzen zutenez eta halako begiramenduz, han behar zuen seguru.
Gure gurasoek garratz bizi zuten kristau-bizitza; goizeko haien otoitzaren berririk ez dut, baina etxetik irtetzean, jatordu bakoitzaren aurretik, ondoren ere bai?, ez naiz garbi oroitzen, noiznahi heltzen zioten otoitzari; kristauki bizitzea ez zuten kopletan hartzen: egunaren buruan sorolan gogorretan senperrenak egin ondoren ere, barau eta bijiliak basamortuko anakoretek eurak baino zintzoago gordeko zituzten; igande eta jaiegunetako meza, nahiz goizekoa nahiz belukoa*, egiten zuen giroa egiten zuela, txandaka, batean ama eta gu, bestean aita eta gu, eta berdin arratsaldeko eliz-funtziora ere. Baina gurean errosarioa zen, ez inoiz eta ez ezergatik uzten ez zen otoitza ez ezik, nolabaiteko errito, liturgia ez bazen, behintzat. Gehienetan afal aurrean errezatzen genuen: ganaduak gobernatu ondoren, eta gure afaria egosten zen bitartean. Ordu guztietan bagenduen eginahala lana, baina errosario bitartea geldi-unea zen, bakoitza bere tokian eta adi: misterioak eta agurmariak, agurmariak eta misterioak. Eta letanietan belauniko, sukaldeko harri hotz eta erdi bustiaren gainean.
Halako giroan eta haiek bizi zuten benetakotasunaren aurrean guretzako dena zen egia eta presentea: bai Jaungoikoa, bai Jesukristo, bai Andremaria; ikusi ez genituela egiten, baina sinestu eta hurrekotzat hartu, horixe bai.
Neure hazte eta hezitzearen prozesua eraman du nire fedeak bestalde. 12 urte beteberritan irten nintzen mendi artean eta edonondik ere urrun dagoen Meatako Orbelaun baserritik Arantzazuko Seminariora. Hemen egunero genuen meza, jaunartzea, otoitza, errosarioa; ostiralero kalbarioak, hilero erretiro eguna, urtero ejertzizio egunak, etab; eta debozio eta ohikunde horien azalpena noiznahikoa genuen.
Mezatakoan ospatzen genuena Jesusen azken afarikoa eta gurutzekoa zen, batez ere. Ez naiz oroitzen piztuera mezatakoan ospatzen nuenik. Jaunartzerakoan Jesus, Jainko ta gizon ta guzti, adiskidea nuen. Hala irakatsi bait zidaten, zorionez. Aitortza, garbikuntza sakramentua bezala hartzen nuen. Hori amak sartu zidan txikitan, baita garbitasunarenganako [sic] zaletasuna ere. Gure amaren bai kanpoko bai barruko garbitasunarekiko zaletasuna, garbikeriaraino ere iristen zen eta nahiko eskrupulo sufritu zuen gaxoak, eta guri ere zerbait sufritu arazi zigun gaitz hori.

Jainkozko irudia

Alferrik sarri Jainko estu eta kontu-hartzaile eta gu noiz okerren batetan jaustearen zain dagoen baten berri entzun, gauzen egile denez eta hain gauza ederrak egin dituenez, niretzat ona eta Aita izan da Jaungoikoa. Egia da inoiz Jaungoikoaganako ikara ere sartu izan didatena, baina ez luzaroko. Ni nahitaezko naturaleza-zale nauzue. Eta naturalezan, gauzen izate harrigarriz gain, gauzen berezko edertasuna ikusi izan dut beti ume-umetatik eta edertasun horrek egileaz hitzegin dit, haren eskuen habiltasun miragarria ikusarazi dit.
Oso txikitan, bost urteko edo nintzela, ikasi arazi zidan Dotrina Txikia gure osaba Eulojiok. Harrez gero Dotrina da gure betiko ikasgai izan duguna, mailaz maila, teologiaraino. Mailaz eta saltoka baino ezarian eta igarri gabe joan edo etorri naiz Jaungoikoa gero eta Aitago ikusi, hartu eta sentituz. Jesus, berriz, haren proiekzio, adierazpen edo Haren Hura gizon egina dut. Baina Itunak diost, bai Zaharrak eta bai batez ere Berriak, zer den, nor den, nolakoa den, zer nahi duen, zer duen gorroto —harrokeria eta bidegabekeria— eta zer eta zenbat maite gaituen eta zenbateraino.
Nik zorte bikaina izan dut: Haurtzaroan taldean bizi, landu eta ospatu ahal izan nuen Jaungoikoarekiko gure zor maitasunezko hori: gurasoekin eta anaiarrebatxoekin batera baserrian, eta jende taldearekin elizan. Seminarioan sartu nintzenetik ere taldean bete ahal izan ditut Jaungoikoarekikoak eta fraile egin nintzenetik batez ere. Umetan gurasoak izan banitu lagun eta bultzatzaile, frailetzan anaien poza izan dut. Halaxe da esango dudana: Bibliaren bakarkako irakurketa oso ona da, oso hurbildik ari zaizu hitza; baina anaidian "hartuago" bezala egiten zaitu hitzak; anaidian egindako salmo-otoitzak, anaidian ospatutako komunitate-mezak suegur pila iziotuak duen beterako [sic] berotasun-grazia du.
Aurrera jarraitu baino lehen, Aita San Frantzisko bizitza bidean aurkitu izanaren poza ere agertu nahi dut. Naturarenganako maitasunean bateratsu gatoz, Jainko Aitarekiko ikuspegian, Jesukristorekikoan, Espiritu Santuarekikoan, Andre Maria eta santuekikoan gidari eta irakasle maitagarri dut. Eta berak sortu eta Erregelaz, beste izkribuz eta ejenpluz tajutu, bizkortu eta sakatu zuen Ordena ederreko izatea berebiziko Jaungoikoaren graziatzat daukat. Ordena horren barruan bizi naiz, ez bakarrik, familian beste anai askorekin baizik. Eta Ordenako nagusiek eta Anaidiko behar-izan eta preminek eskatzen duten ariora bizi ditut edo bizitzen ahalegintzen naiz nere fraidetza, apaizgoa eta irakaskuntza.

Kristau konpromezua

Esan dudan guzti hori ez da gertatu garaiz eta lekuz kanpora. Arantzazuko fraile frantziskotar nauzu, gerra aurrean jaioa, baina gerrako ondoren askotarikoak jasan behar izan dituena. Gerrak edotariko kalteak ekarri zizkigun, baina bat aipatzekotan, lehendik zegoen jendearteko banaketa gordinagotzearena izan zen: zauriz, espetxez eta heriotzez zatitu bait zigun herria. Urteetan aurreratu ala, geroz nabariago ikusi nituen kalte horiek. Ni neurez naiz "behekoen" aldekoa: gu baserritar ginen eta aitak gure posizio sozialaz zera esaten zuen: gu "bajuok". Gu "bajuok" bajuago geratu ginen hizkuntza berari egin zien mezprezu eta galerazpen berarengatik ere. Eta abar. Baina gu "bajuon" eta galtzaileon betiko lagunak -zalantzaldi bat edo besteren pekatuak gorabehera- gureganantz itzuli ziren eta gure alde jarri eta aritu. Arantzazun ezin zitekeen bestelako fraile izan: jende zapaldua, apala, bajua, mehea zetorren batez ere hona etorri, esperantza pizka baten bila, arnasa apur baten bila, argi, konprentsio eta laguntza izpi baten bila. Arantzazuko frailea bokazioz da txikar -minor- eta xalo, eta maila hortan ihardun du bai hemen bai euskal herriz herri, bai eta erbestean. Gure kristau konpromezua jende xehe, nolabait baztertu edo gutxietsi eta xumearen aldeko lana izan da bereziki, bai haren kristau bizitzari lagunduz eta baita ere haren sozial eta herribizitzaren [sic] alde jokatuz.
Pertsonalki ni neu irakaskuntzara dedikatu nau gure Ordenak eta hemen aritu natzaizu asignatura batzu irakasten, horien artean euskara. Apaizgoa irakaskuntzarekin txandatu behar izan dut. Arantzazu auzoan hamabost urtetan ihardun nintzen baserritarrren kapellau, urte bete Urrexolan, hiru urte Araotzen, hamairu urtetan Plaentxiako San Andres auzoan. Meza eta elizkizun osteetan, bai elizpean bai tabernan, jendearekin egon eta ihardunzale izan naiz; bai baserrietako jende gaiso edo zaharren entzutaile [sic] gotor ere.
Eta besterik zer esango dizut ba? Hemen gabiltza irakasle eta hezitzaile seminaristekin, jendearekin ahal dudan pastoral lantxoa eginez bai hitzez bai idatziz, eta fraile anaiekin familia-bizitza eginez, elkartzen gaituen kristau eta frantziskotar helburuen ariora, fede arboladian arbola-ondo bat gehiago, Elizaren eta Herriaren zerbitzurako.

Bitoriano Gandiaga

Herria Eliza 2000rako idatzia.

Gaia 1: Biografia
Gaia 2: Familia
Azpi-gaia: Arantzazu: Andre Maria
Edizio kritikoa: Paulo Agirrebaltzategi
Gipuzkoa.net-aren logoa