Bitoriano Gandiaga

Literatur idazlanak

HAE^

Nik neure burua kokatu behar dut zuen aurrean: 1928-an, urriaren 8-an Mendatako Orbelaunen jaioa nauzue [I]. Orbelaun aipatzea, basoa aipatzea da. Orbelaundik urrun dago Mendatako elizaldea, Arratzukoa, Nabarnizkoa, Aulestiakoa. Orbelaun etxe bakarra da, bakardadean. Nire akorduak Nabarnizen hasten dira. Amaren ume-galtze bat eta haren ondorengo gaisoaldia bide, Nabarnizko osabarenera eraman ninduten. Han iratzarri nintzen errealitatera: Iluntzero, eguzkia gordetzera zijoanean, sila bat hartu, lehioaren [sic] ondoan ipini, haren gainean zutik plantatu, aurpegia kristalaren kontra estutu eta sekulako negar-aldiari ematen nion: "etxera, etxera" deihadarka batean, alferrik bazen ere. Osabak, afaloste oro ohera baino lehen, haginak garbitzen irakatsi zidan, eta afalaurre oro dotrina, buruz, beti buruz, ez zidan inoiz irakurtzen irakatsi. Egun baten eskolara bialdu ninduen euskarazko katon batekin eta maisuak eskuetatik kendu egin zidan katona eta lurrera bota eta gehiago ez dut liburu haren oroitzapenik.
Entziklopedia handi eta zahar bati begira eman nuen handik aurrerakoa, letrei begira eta begira. Dotrinan ondo nengoela eta lehenengo Jaunartzea egin behar nuela erabaki zuten osabak eta Don Nikolasek. Arrazoia osabar en Argentinara joan beharra izan zen. Nahiz eta bost urte besterik ez nuen, eta beste neska-mutikoen aldean txikia nintzen, praka luze eta guzti egin nuen lehenengo Jaunartzea. Gero osaba Argentinara joan zen eta ni Orbelaunera. Orbelaungo goiz hain urrunak bai ditudala gogoan! Ohetik jaiki eta eskaileraburutik behera, karrajuko* erdi-ilunetara, atariko ate zahar eta handia zehar zirrikituetatik sartzen ziren eguzkiaren argi zirrizta urrezko tronpeta halakoak ditut ikusten ahaztu ezin halako pozgarri. Etxe aurreko hariztia dut gogoan, kimazko eta orrizko bahez eralgiz eguzkia, larraineko gerizpea, oiloak eta behiak hori argiz nabartuz. (1)
Sortaldera begira dago Orbelaun, ez gaur bezala pinuz itota, solo eta landaz eta azpigarria ebakitzen zen eta ardiak bazkatzen zuten larradi handiz inguratua. Fruta arbola asko zuen, eta bista ederrak, begiak harrapatu-ala guztian.
Gurasoen akordu ona dut. Aita irekia zen, kanporantz ixuria, ipuin halako gertakariak kontatzen zituena, gerra aurreko bertso paperak behin kantuan irakurriz gero atariko ormazuloetan gordetzen zituena, jai arratsaldeetan etxaburuko madaripean elizako esku-liburu bat altu eta astiro irakurtzen zuena eta han irakurritakoaz biziki miratzen zena, bere masailez gure masailak marruskatzea gustatzen zitzaiona, edozein baserriko eginkizunetan egokitasunez moldatzen zena, eta konfiantza handia ematen zuena. Ama isila genuen, pentsakorra, aitak baino gutxiagotan kantatzen zuen, entzutea gustatzen zitzaion, dena behar genion kontatu, zuzena zen dena behar zuen inguruan garbi eta gauza bakoitza bere lekuan, oso elizkoia, oso kezkatia, labur esaten zituen esanbeharrekoak eta sarri gogoratzen zituen batari eta besteari entzundako esaldiak, gezur antzeko txikienik ere ez zuen barkatzen, aitak ez bezala, abadeak eta fraileak-eta zituen goratzen, eta agintari eta jaun eta jauntxo guztienganako begiramendu handia eskatzen zuen.
Nik gerra aurrea eta gerra ostea ezagutu nituen Orbelaunen eta ia beti zaindu behar nituen 6 anai-arreba. Gerra aurrean ez nintzen sarritan eskolara joan eta gerra ostean gutxiagotan. Umetzarorik gehiena aire librean igaro nuen, etxaurrean anai-arrebekin, larrean ganaduak zaintzen, soloetan, landetan, basoetan iturritik etxean behar zen ura garraiatzen, ezkaratzerako eta labeko sua egiteko egurra inguratzen, astoaz hara ta hona errekaduak egiten. Behiak zaintzera bidaltzen nindutenean amak Molokaiko lepradunen Aita Damianez ziharduen liburu bat eraman arazten zidan, zaku bat ipurdipean jar nezan (lurraren hezedurak kaltetu ez nindezan) eta kapela bat eguzkitatik burua zaintzeko. Aita-amen arteko autuei adi egoten nintzaien: Bazituzten beren eztabaidak D. Anjelek dantzen kontra-eta egiten zituen predikuak zirela-ta, erromeria herriko plazan egitearen bentajak ala desbentajak zirela, gari eta belar ebakitze sasoieako domeka eta jai-egunetako behar-egitea galazotzea zela-ta abar. Pobreen pekatuen kontra ez zela predikurik egin behar ere esaten zuen aitak. Botua ematea zenean aita ez zegoen eskumatarrei botorik saltzeko; amak, ostera, eskumeari eman behar ziola, goikoak eta handiki gehienak ere hala egiten zutelako eta eskuma elizatarragoa zelako eta abarregatik. Gerrak uzten eban zaratea ailegatu zitzaigun halako baten. Herriko gure lehengusu batzu miliziano egin ziren eta zeramaten harma, errebolber antzekoa, erakusten ziguten eta guk harma eta lehengusu miresten genituen. Geroago gudariak ezagutu genituen eta mendietan kainoiak eta garraiatzen hondatzen ziren ganaduak apatxetatik eta belaunburuetatik eta odola zeriela. Niri ikurrindun jertse bat erregalatu zidaten. Halako baten Eibarko senidez bete zitzaigun Orbelaun. Aitak ardi bat hil zuen. Gure etxe ingurua inoiz baino atseginagoa iruditu zitzaidan, ez jende alaia ikusi nuelako, zerbait kezkagarria, interesgarria, misteriotsua barrundatzen nuelako baino lehengusuen eta gurasoen eta jende nagusiaren aurpegi eta ihardunetan. Gero alde egin zuten eta orduan, Markinatik Gernikara, Ororatik pasatzen den karreteran kamioiak ugaltzen abiatu genuen eta handik bertarako Astelehen baten, eguerdiostekoa egin ondoren, Ziarsolo lantzeko ganaduak uztartzen hasi besterik ez zen egin aita, eta han ziren abioiak eta bota egiten zuten karreterara, eta Burgoa ostean, han egiten zuten ezkutu aldi zaratatsua eta gero berriz karretera tirokatzera. Aita Ziarsolo lantzera joan zen Jose anaia itaurreko hartuta. Laster ikusi genuen soldadu talde bat Gastiburuko Kanpoganen eta geroan luzaro, eta bera bakarrik, ikusiko genuen bandera. Nazionalok han etorri ziren Mendatara eta Arratzura. Mendatako kanposantu ondoan kainoi bat ipini eban Bizkargirantz eta lehenengo tirokoan han gelditu ginen zuhur artasoroan Mendataruntz begira eta sagarrondoetatik lurrera eroritako txoriak nola hautsartetik jasotzen ziren ikusten. Arratzuko eskolan moroak eta geratu ziren aldi baten. Orbelauneraino ekarri zituen haizeak Gernikako bonbaketan erretako paperen-eta errautsak. Amak lejiatan sartu zuen nire ikurrindun jertsea eta zantzorik eta goraeuskadirik eta milizianoekin ikasitakorik-eta ez egiteko eta ez esateko eta aipatu ere ez egiteko aurrerantzean, agindu zidan, Urrengo igandean txapel gorriak ipini zizkigun buruan eta hala bialdu gintuen elizaldera anaia eta biok. Urtubiko lehengusuek eta Ibarreko osaba Martinek-eta hanka egin behar izan zuten. Aitari kontuak eskatu eta multa ematera etorri zitzaizkion. Inguruan gizarte giroa arras aldatu zen. Dena zen txapel gorria, karasola, erdera. Gurasoei ordurarteko zidarrezko diru guztia entrega zezaten ordena etorri zitzaien. Instrumentuak zituztela lurrazpian gordeta ere zidarrari antz ematekoak eta zutena zintzo entregatzeko. Lehen inon ageri etzirenak jarri ziren agintzen, eta egiten zutena aurrekoenaz bestelakoa zen. Desagertu ziren mendigoizaleak, dantzataldeak eta euskarazko dotrina bera. Gero gerra, gugana heldu zen antzera, aurrera joan zen triskantza, heriotza eta zigorrez, noizbait amaitu zela esan ziguten arte. Ordutik laster Arantzazura joan nintzen praileki, 12 urte eginak nituen eta ez nekien erdera tantik ere. Arantzazu erdaldun aurkitu nuen eta euskara debekatutako hizkuntza zenez, euskaraz inoiz edo behin zerbait egitea bera, konfesakizun ere banuen.
Labur esanda: Gernika erre zuten arte, pozik eta gustora eta natural bizi zen umeetako bat naiz. Nazionalak nagusitu zitzaizkigunetik, galtzaileen muskil arbuiatuetako gertatu nintzen. Neurez nintzena isilean eta beldurrez bizitzera beharturik aurkitu ginetakoa naiz, eta ez nintzenarena egitera behartuetakoa. Euskaldun sentimendua kontzientzia txarrez ere bizi zutenetarikoa naiz. Neure sentimendu naturalen eta inposatutako bizimoldearen arteko eskizofrenia mingarrian bizi izanetakoa ez ezik, neure gogorik bizienak ondo luzaroan ziztatu, urratu eta sentitzen aritu izandako masokista ere banaiz. (2) Hori horrela, bai eta ez nintzen, ez eta bai. Han neukan amak Orbelaunen 16-17 urteko nintzela eskatu zidana: "Gu gehiegi zahartu gara ia erderaz ikasteko, hala da ze, zeuk beharko dozu euskeraz ikasi". Han ikusten nituen nazionalen kontrako agerkariak ezkutuka eta isilpeka irakurtzen zituzten lagun batzu. Han somatu nuen euskararen alde zeuden fraile egin batzu bazirela, han aurkitu nuen euskara ikasi eta lantzeko arrazoi apostoliko bat ere: Jainkoaren hitza euskaldunei hotsegiteko beharrezkoa zela euskara ikastea eta euskara ikasteko genuen asteko ikastaldiaz baliatzen hasi nintzen. Han aurkitu nuen iluntzeko azken errekreo bitartean baino ez bazen ere eta askorentzat ikuskari txarra bazen ere, eta askok erasiatzen bagintuen ere egunero euskaraz egiteko erabakia hartu zuen lagun taldetxo bat eta gero Donostian falanjistek euskarazko poesia lehiaketa bat egin zuten eta agertu zitzaizkigun A. Kandido Zubizarreta eta A. Karmelo Iturria Lizardiren Begi-Biotzetan eta Orixeren Barne muinetan liburuekin eta hau 48-an izango zen eta handik laster Salbatore Mitxelenaren Arantzazu euskal poema argitaratu zuten eta Olitera ere iritxi zitzaigun eta "La Chopera" deitzen genion Zidakoz ibai ondoan irakurri eta kantatzen genuen, habitu-mangetan gordeta eramaten genuen hara eta behin A. Frantzisko Sagües gure maisuak onenean geundela harrapatu gintuen eta euskal-kantuak tristeak zirela esan zigun eta, tristeak zirela bai, baina egiazkoak ere bazirela erantzun nion.

Gaia 1: Biografia
Gaia 2: Familia
Azpi-gaia: Biografia: Baserria
Edizio kritikoa: Paulo Agirrebaltzategi
Gipuzkoa.net-aren logoa