Bitoriano Gandiaga

Literatur idazlanak

ZKA^

Behin baten, bere buruaren kontzientzia ukan zuen ipuin batek. Pertsona sentitu zen ipuina. Bere baitako ikuskizunak erakarri zituen ipuinaren begiak, eta bere barrura begira jarri zen berehala. Ispilu halakotan islatzen zitzaizkion kolkoaren barruko aldetik bere kontzientzia anekdotaz, historiaz, pasadizoz-eta ornatu, markatu, eratu, landu zuten aldi desberdinak.
Eta ipuinak ume izan zela ikusi zuen, gurasoak ukan zituela, eskolara izan zela, kolejioko eskurtsiotan ibili zela, etsaminetan kalabazak ukan zituela eta abar. Oroitzapen pozgarriak, akordu negargarriz aldizkatzen zitzaizkion.
Ipuina bere buruaren kontzientziaraino jaitsi zen eta haren erdi erdian eseri. Kontzientzia-buelta guztian zituen irudiak inguratzen zuten. Irudi haiek ez zuten jadanik zaratarik bizi. Isilik eta elkarri begira zeuden eta batak bestearengan kuadrotako fondo halako zerbait egiten zuen (1). Irudiak iruditan barrentzen ziren nolabait, batak bestea nolarebait islatuz. Begiz ikusten zuen denborak gaineratu zion gertaera ororen akordua.
Boligrafua eta papera hartu zuen ipuinak eta ohar batzu apuntatzen hasi zen: "Denbora pasatua edo iragan aldia gauaren antzekoa da. Norbere etxez kanpo utzi dugun gauaren antzekoa. Gauzak hantxe daude. Batzu ilargitako arbolak bezala, zeruaren kontra islatzen den mendi-lerroa bezala, argiak pizturik dagoen hiri bat bezala, ilargi eta izar bezala daude iraganaren kolkoan norberari gertatu zaizkion zenbait gauza; eta beste zenbait, gaua iluntzen duen hauts mehe ta beltza bezala, ikuspegi guztian zehar itzal handia barrenduz.
Oraina da bakarrik denboraren barruan egun. Oraina berriz gauaren makina handian geratu gabe sartuz doan hede oso zabal, luze eta geratu ezina halakoa edo da. Proiekzio-gela ilunean, karrete ikaragarri handi batetan kiribilduz doan zinemaskope filme zinta bezalatsukoa. Oraina joan doan proiekzio bat da, historia luze baten proiekzioz, ikusten ez dugun beste karrete handi batetik sortuz doa aldi bakoitzean ikusiz goazen zinta ere. Pelikula hortan goaz gaurtik atzora, atzotik herenegunera, ta herenegunetik heregunagora [sic]".

Gaia 1: Denbora
Edizio kritikoa: Paulo Agirrebaltzategi
Gipuzkoa.net-aren logoa