AOB^
Anjelitaz oroitzen naiz. Plaentxiko afalondo askotako ihardunez. Eibartarrek ere sufritu arazi didate. Deba-hibai-ertzetako jendea zabalki jabeturik dago giza eskubideei buruz. Zabalki ez ezik sakonki ere esango nuke. Politika arazoak direla, Elizaren eta erligioaren gizonarekiko jokabide eta orientapenak direla, langileen -beharginen- lan-kondizioren kondizio ta baldintzak direla, nik ikusi, ikasi eta bizi izan ez ditudan ikuspuntutatik epaitzen dituzte ta planteiatzen. Ni nekazaria naiz, baserritarra, laborari eta nekazari lurraldetan sustraiturik bizi izan den bizimodu, pentsamodu eta ihardunmoduari berezko ta ezinbestezko lokarri garratzez amarratua. Ni menekotasunera egina nago, asto lotu izatera, kateko zakur izatera heldu naiz gehienez ere. Baina ni ez naiz gu handi baten zatitxo bat besterik. Eta gu soroei eta abereei begira bizi gara. Ez dugu ordu librerik. Ez dugu jaiegunik ere. Eskola pixkat ikasi orduko lanean hasi behar dugu, gurasoei lagundu behar diegu goizetik gauerako nekebidetan. Ikastera, fabrikara, neskametzara joan ziren anai eta arrebak ez dira itzuliko baserritara (1). Beste edozein ogibide hartuko dute eta beste edozein ogibide horren zerbitzutan enplegatuko ikasi izan dutena. Guk radioz entzuten duguna, telebistaz harrapatzen duguna, noizik behin paperen batetan irakurriko duguna eta zenbait maxiotan erabiltzen duguna, horixe dugu jakin bide bakarra. A, eta elizan entzuten duguna. Radio, telebista eta paperok, berriz, guri benetan ardura diguten gauzez urruti aritzen zaizkigu gehienbat. Gure elizetako apezak eta egun izendatutako fraideak [I] geure seme edo geure tarteko ditugu: baserriko uztarri eta seminarioko kabestrutan ondo mantsotuak eta nekez ekarriko digute kaletarren artean abiatzen dugun erreibindikazio eta erreboluzio haizerik. Guk lan egin behar dugu, goizetik gabera egin behar dugu lan, guk oitura [sic] zaharrei jarraitu behar diegu, guk eliztar izan behar dugu, Euskalerriko erreserba euskalduna izan behar dugu, ipui eta kantu zar, lanabes, tresneria eta antigualetako guztiaren museo eta parke eta parketiar izan behar dugu sekulen sekuletaneko.
Hauxe ikusi dugu, hauxe ikasi, eta irakatsi ere hauxe. (Baina hau arantza izatera heldu zait, ezten eta eden* izatera. Ez ordea min handiak sufritu gabe. Gizonarekiko ta gizartearekiko makina bat ihardun oso minkor aditu behar izan dut nere Deba ibarrerako osteretan). Industrializazioak beste sensibilitate bat sartu du Euskal Herrian eta sensibilitate hau biziagoa da industrializazioa zenbat eta zaharragoa den. [II] Ni, nekazari giroan bezainbat, industria girotan hazi eta hezitako jendearen artean makinabat zirtada halako ateraldi entzun behar izan dut afalondoko kafe kopa ta zigarro alienagarrien lurrun artean. Enbidorik nahikoa aditu ere bai gizonazko planteamendu bakoitzaren ondoren (2): "Zer dio hontaz elizak, zer fraideak?" Eta batek entzun egin behar zituen galderok. Entzun eta isilik entzun gainetiko ihardun guztiak bezala. Entzun eta pentsatu ere bai eta sentitu. Minaren minak erremintzen zuen artean bat. Gero, kleroa ohera doa, erretiro onak agintzen duenez, esaten nien. Eta gabon eta ondo lo egin baino lehenago zera entzun behar izaten nuen: "Izan ere, gizarteko gorabeherok ez dizue ardura. Jendeari ondo hiltzen laguntzeko baino ez zarete bizi zuek". Zenbat isil egotek erre duen bat. Baina behin batez gutxien uste zutenetik erten nien: "Hara, esan nien, zuek eta ni bi mundu oso diferentetan sortuak gara, zuek eta ni enbidoak baino beste zubirik ez duen hibai ilun bateko alde banatan bizi gara. Jaiotzatik ezagutu duzue zuek gizon langileari nondiknahi [sic] dagozkion eskubide guztien aldeko burruka. Industriak ikasteko orduak eman dizkizute, seme alabei eskola ondo emateko ere bai. Talde handitan lan egin behar izan duzue eta elkarrengandik ikasteko era izan duzue, elkarren interes berdintsuak defenditzeko orduan elkarrengandik urbilago aurkitu zarete, zuen eskubideak defenditzeko orduan, zuek biltzeko orduan, zuek burruka gidatzeko orduan, leaderrak izan dituzute, gidariak, eskoladun jendea. Ni, beste mundu baten jaioa naiz, ordea, beste giro baten hazia. Neure aita-amen mundukoa naiz ni. Nekazarien herrikoa naiz eta herri gabekoa, politika gabekoa, eta desgizatartua erligioz eta areago erligiosoz. (3) [III]