AOB^
Ni sinestedun naiz. Niretzat Norik Norena da Jesukristoren Jainkoa. Hori hala, Humbert-en Greziado eta Erromako Mitologia nire gelako mahi gainean dago eta noiztenka ikustaldi bat ematen diot. Mitologia guztiak onartzen ditudanaren adibide gisa diot. Mitologiako pertsonaiek zeresan eta zeradierazi handia bai dute literaturan.
Horrenbeste ia guztiok dakigu. Baina kontuz Jesukristoren Jainkoaz. Horren aipamenik nabaritu orduko bota dugu liburua: faltsua da. Baina zer da faltsua? —Dena. Eta zergatik? —Kristauek aitortzen duten Jainkoa aipatu duelako. Baina gizona, haiek aintzakotzat hartzen badute, eduki baten adierazpen izango dute gutxienik, ezta? Soinua badiot, nahia, ametsa. beldurra, maitasuna, gogoa, susmoa..., hitz hauek edukidunak dira, ala ez? Eta bere fedeko Absolutu Jainkoa duen idazleak Hura bere bizikizunekiko erlazioan jartzen baldin badu, zergatik ukatu behar diozu benetako edukia entzun nahi ez duzun izen horri, emakume? Neu naiz ni Jainkoaren izena maiz erabili arren, liburua oso txarra izan daitekela dioena, eta poesia hitza askotan dioen liburua poesia izpirik gabekoa izan daitekela dioena ere. Baina Jaungoikoa eta Poesia eta edertasuna eta artea eta eulia eta xomorroa eta mamua eta trailerra eduki benetazko eta mamitsu baten adierazpen badira, onar ditzagun eduki literarioaren sostengu baliozko bezala gutxienik. Ni ez nau inongo mitologiak amorrarazten, ez literaturako edozein esaldik, eduki adierazkor eta mamitsua badu. Ederra nengoke Detxeparek emakumeez dioena sinesteko gauza ez banintz, neuk haren esperientziarik bizi izan ez dudalako. Zuk bai, zuk esperientzia hori duzun horrek, zuk hark dioenari egiazkotasunaren eta errealitatetasunaren mardultasuna aurkituko diozu, niretzat ostera "metafisikoa" da hark dioena, baina ez horregatik hark bere bizikizun eta bere dastatzez dioena faltsutzat jotzeraino eta hark sentitutako errealitatearen egiazkotasuna neuk nabaritu ez dudalako eztabaidan jartzeraino. Gizonak zerbait baieztatzen badu, gizonak, inork ez ezerk behartu gabe zerbait edo norbait aipatzen badu bere bizitza, sentimendu, fede, amets, nahiari, beldur, gorroto, goxapen, susmo, nahigabe, oztopo, yoran, lilura, uste edo delako edozein esankizunen adierazgarri tinko bezala, gutxienez sinetsi egin behar diogula iruditzen zait, nahiz eta harekin bat etorri ez nire eritzia, nire sinesmena, nere ikuspegia. Zein haizerrota, erraldoi, mamu, edo pupuegileren kontra ari naizen? Fede katolikoaren barruan edo kanpoan, baina fede katolikodun edo sinestedun bezala soilki aipatzen ditugun hitz, guretzat errealitatez beteak erabiltzen ditugunon iharduna, besterik gabe, eta horregatixe bakarrik botea eta zapaldua eta arbuiatua, eta haintzat ez hartua ikusten eta geure haragitan sofritzen dugulako. Damaso Alonso —poeta kritiko bikain izatez gainera—, aukeran agnostikoa zen, baina merezi luke Poetas españoles contemporáneos(1) liburuan (Editorial Gredos, Madrid 1952), Blas de Otero poetari eskaintzen dizkion 370-380 orrialdetara [sic] bitartean Jainkoak poesian duen pisuaz dioena irakurtzea.
_______
(1)Editorial Gredos - Madrid 1952.