AOB^
Ipui hontan gizon haren sarritako egoera azaldu nahi nuke. Gizon egilea zen. Beti ari zen lanen bati lotua. Baina tarteka ezer egin gabe egotea ere gertatzen zitzaion hala beharrez. Noizbaitzuetan inoren edo zerbaiten zai ezertarako gogorik gabe ere aurkitzen zen. Nekatua hezurretaraino. Arimako nazkaz begietaraino betea. Egoera honek lanik nekagarrienak baino gehiago naigabetzen zuen. Egiten jardun behar zuen kontzientziakoa bai zen. Eta egonean egon beharrak ernegua besterik etzion sortzen. Baina zer egin lezake gizonak halabeharrak esku eta anka lotzen duenean, espirituko antzutasunez agortzen denean? Baina holako uneetan ere barruak zerbaiten [sic] egitea eskatu oi ez balio! Baina hauxe izaten zuen burua naigabetzen zion arantzazko koroia. Gizonak orduan harako eta honako lanei eltzen zien eta denak uzten zituen hori orduko. Gizonak orduan zerbait ganorazko pentsatu nahi izaten zuen, eta ez zen zerbait baten [sic] (1) ariari lotuta une bat egiteko gauza. Nik badakit eskolako mutikoen kuadernoak zuzentzeko izaten zituena, nik badakit makinaz idazteko papel pilak izaten zituena, nik badakit salmoak irakurri beharra izaten zuena. Eta biotzaren alaitasun eta gogoaren bizkorgarri behar zituen salmoak berak ere aritutako esparraguak baino maukatu ezinago arkitzen zituen.
Gizonak herri bat zuen. Hangotasuna aitortzen zuen eta handik bizi zen mundurako. Nungotasunari garrantzi handia ematen zion. Munduko gizarte-makinaren barruan bazirudion lurralde bakoitzeko mahasti bakoitzak ardoaren desberdintasun ederrari laguntzen dion bezala, laguntzen diola lurralde bakoitzeko giza tankera desberdinak gizartearen ederrari. Horregatik defenditzen zuen herriaren herritasuna eta tasun horren balio orokorra. Lurralde bakoitzak lur alde horren tankera itsasten ziola gizonari, esaten zuen eta jatorrak lurraldearen era horien ixpilu zirenak zirela. Lurraren ederra kontrasteen multzoari zor zitzaiola bai eta gizadiarena ere. Zuhaitz sentitzen zen. Zuhaitzaren irudiko nabaritzen zuen bere burua. Nahi eta nahiezko jotzen zuen lurrari itsatsita bizitzea oinpeko lurrari, bere lurraldeko lurrari. Eta sustrai alik eta sendoenez, alik eta tinkatuenez, alik eta sakonenez. Lurrean sinisten zuen. Lurrak alde bakoitzean dituen berezitasun bere-gisakoetan. Geografia ikasi zuenetik ohartu zen lurralde bakoitzaren desberdintasunaz bai geologiaren aldetik bai toki unearen aldetik. Lurralde bakoitzaren halakotasunak edo bestelakotasunak halako edo bestelako izate-moduz ornitzen zituela gauzak eta gizonak sinesten zuen. Paraje guztiak onesten zituen eta paraje bakoitzari etsi eta moldatzen zitzaionari deitzen zion jatorra. Eta harentzat jatorra izatea zen ditekeanik eta gizonaren handitasunik gorena. Jatorra leku eta inguruarekiko, jatorra, zuhaitza oi denez. Lurrarekin elkarlotua, lurraren azalpen egina, lurraren emaitz.
Olerkari hoietako bat zen. Bazekien non zegoen, baita nor zen ere. Zutoin ez goiaga bati ez ataka bati eusten ez dion horietako bat bezalakoa zen. Bere buruari eusten zion bakarrik eta bere buruari eta bere barruari begiratzen soilki. Bere goradura kantatzen zuen eta lurraren humidurak eta ezetasunak egiten zion kalteaz kexatzen zen. Eguzkitan euriz orohitzen [sic] zen, euritan eguzkiz, hotzetan beroz eta berotan hotzaren ozkirriz. Gizon hoiretako bat zen. Egiten zituen gauzen hasieran bere burua zuen jomuga. Bukatzen zituen gauzetan, semeak beregandik inoiz askatu nahi ez dituen ama horien antzekoa zen. Lehenago jango zituen inoren eskuetan eta, batez ere, inore mesedetan ikusi baino. Bere tokitik ikusten zuen mundua. Jendea mobitzen zela ikusten zuen, bazebilela. Jendea alkartu egiten zela ikusten zuen, maite zela. Jendeak taldean egiten zuen lan. Jendeak taldearentzako egiten zuen lan. Jendea batabestearentzako bizi zen. Jendeak lagun artean osatzen zuen bere burua, bere nortasuna. Jendea etxeko eta askotan herriko goiaga bati edo gehigori eusten bizi zen, jendea zabaldu edo itxi egin behar zen atakei eusten bizi zen. Bera ez. Zutoin bakarti bat bezala, bere buraren ardura bakarretan bizi zen. Jendea baino minberagoa zen. Jendea baino berekoiagoa. Jendea baino agorragoa. Txoriak kaka egiten zien [sic] goitik behera —zutoin bakarti horietako bat bezalakoa zen—, zakurrak pixez bustitzen zien [sic] barrena (2) . Pipiak beste ageei [sic] bezela heldu zion. — Ez baizen [sic] harrizko-bihotzez baizik erta metaforaz bakarrik; ez baizen metalezko, hemengo guztiak bezela zur ustelgarrizko baizik. Zurezko zutoin horietako bat bezalakoa zen. Egun batez bere buruarekiko maitasunak bere buruaren barruragora ekarri zuen, norbere arbolatasunaren kontzientzia sentitzeraino. Barruan eta ito urrean zuen arbolatasunaren kexua entzuteraino jetxi zitzaion belarria. Hartu zuen papel bat eta boligrafoa —olerkari horietako bat zen—, eta zera idatzi zuen: Ez dakit sinetsiko ote didazuten. Gizon hari musika asko, baiña asko gustatzen zitzaion. Baina harritzekoa horixe da: musika horrela gustatu, eta musikarik ezin zuen bere honetan entzun, musikari ihesi egiten zion; eta nik badakit zergatik. Hara: Musika belarrietara iristen zitzaionean, barru guztia dardaratzen zitzaion, pianuaren kaxa nota bati ikutu orduko durundi-dardaraz bete oi den bezala. Musikaren oiartzun bihurtzen zen nahi eta nahi ez. Berez hustu eta musika jabetzen zitzaion haren barruaren nagusi izateraiño. Gizona musikak zoratu egiten zuela ohartu zen eta hortik haren musikari ihes egin beharra. Zoratu, horixe zen, hain zuzen, gizon horrek inola ere nahi etzuena [sic]: Zoratu! [I]Bizitzak pixua behar duela, pixua, esaten zuen eta pixu hori zaitzen saiatzen zen. Musikak berriz errealitatezko mundutik atera bezala egiten zuen, aidezko itsaso atsegin batetara eramaten zuen, arintasun egizkoz janzten zuen, argi altu eta toki apartera jasotzen zuen. Distrazioz betetzen zuen musikak egin behar zituen lanen kaltetan. Kolorezko globo bat bezala zorabioaren aidetan arkitzen zela, joten zuen bazter gogorren bat, eta errealitateari esnatzen zitzaion lo asarrez. O, soinuzko ardo zoragarri eta enganakor, oha [sic] hemendik, oha eta utzi nazak lanen [sic] egiten, ankapeko zoru gogor hau sentitzen, inguruaren muga eta unearen eskabide konkretuaz aritzen. Nahiago diat arantza anka azpian senti, nahiago diat maila berri bat iristeko esaminen gomuta larriak garaitu nazan, aita gaxorik dudala, biar eta etzi fabrikan lan egin behar dutala, eta fabrikako orduz kanpo, umeen eskola ordaintzeko berriz ere lan egin behar dutala. Urtetan jardun zuen gizonak burruka hontan, harik eta noizbait eta berez musikarekiko kontrol batetara iritxi zen arte.
Orain musikari tokia ematen dio gizonak. Orain kanpoko aize garbiak gelako aidea berriztatzen eta gozatzen duen bezala, berritu eta gozatu egiten duela musikak esaten du, eta berritze eta gozatze hori iristen saiatzen da. Egodun zaldiek erabiltzen dute aideko zelai zabaletan. Eta zaldi egodun horiek ugaletik erabiltzen ditu egurasten den artean, gero gurditik askatu eta larratzen uzten ditu musikak ireki dion harako gozotasunaren zelai atsegin hartan.
Ez zen gaiziki bizi. (3) Bazuen osasunik. Ez zen itxura txarreko ere. Ez zuen ixtimatzen zuen osasunik. Ez zen ohartzen zer lan kostatzen zaion hainbat eta hainbati osasunaren arazoa. Ez zitzaion bizi-biderik falta. Ba-zuen zer janik, zer jantzirik, non aterpeturik. Ba zuen non eta zertan ariturik ere. Ez zuenik zera zen: ez zela ohartzen edozein bizi-bide, edozein toki, edozein gizarte, dela bizitza edertzeko giro, inguru eta aukera askiko. Baina ez zekien norbere eta bakoitzarengan dagoela bizibideari, tokiari eta gizarteari erea hartzeko ahalmena. Eta hemen zetzan haren zoritxarraren sustraia edo iturria eta okerra. Gauzak eta gertakizunak eta dena erara etor zekizkion unea amestuta zuen, itxoiten zuen, irrikatzen zuen. Bizitzaren aurrean ume negarti, maiñati eta kontentagaitz azaltzen zen. Gauzak berak nahi zuen bezala ez bazetorzkion, gauzak txarrak ziren, gaiztoak ziren. Gertakizunak bere gogoaren arira jazotzen ez ba ziren, gertakizun horien eratzaileak gaiztoak zirelako zen, gaizkile izugarri eta ezkutu batek kalte egin nahi ziolako