Bitoriano Gandiaga

Literatur idazlanak

AOB^

Gimnasia egin ostean, ikasleak garbigeletaratzen direnean, eurak bezala jantzita edo eurak bezala erantzita irtetzea gustatzen zait, terrazara. Prakamotxetan irtetzen naiz nerau ere, paraje zoragarri baten erdian irekirik dagoen terraza espaziotsu honetara. Prakamotxetan irteten banaiz, paraje eder honetako elementuengandik neure burua hurbilago sentitzearren da, jantziak banandu egiten baitu inguruagandik. Haizearen bafadatxoak nabaritzen dituzu gerritik gora eta iztarretatik behera. Eguzkiaren epela edo beroa ere bai eta airearen bertatik bertarakoa. Garai baten etzen holakorik ez eta ametsetan beretan ere! Gogoan dut behin Urbian artzai-andre batek gutxiagogatik bota zidana; Seminarioko mutikoekin eta arrapalada baten, eguzki urtua aldapan gora zulatuz, heldu ginen Kalparmunora [I], eta fraile-jantzia edo habitua bera ere bustita nuen eta, mutikoei zergatia azaldu ondoren, habitu hori erantzi egin nuen eta arkaitz-mutur batean lehortzen jarri, eta praka eta alkandoratan geratu nintzen, mantzanilla biltzeari ekiteko. Orduan horra non agertzen den artzai andre hori eta, ezagun ninduenez, eta gehiagorik gabe horra botatzen didana: "Zuek egiten dituzue ba ahaleginak jenteari fedea kentzeko".
Beste behin, Begilotzako [II] baserriak baino harutzagoko basotik, akazi eta urki-landareak bizkarka ekartzera abiatu nintzen. Errekaurkullu [III] deitzen dioten zubiaren azpian gorde nuen habitua eta basoan egin nuen behar nuena eta banator zendor handi bat bizkarrean nuela, eta horra Antonkoba [IV] paretsu hortan non ikusten dudan eta non ikusten nauan X. etxeko amandreak. Elkar ikusi genuenerako begitazio bat bezela desagertu zen. Handik denboratxora haren baserrira joan nintzen, habitu jantzian noski haiei ohizko bisitatxoa egitera eta etxera inguratu orduko hor non botatzen didan: "Oraindik asko ez dela modu desegokian ikusi nuen berori!" Ez nuen asmatzen zer zitekeen andre ark aitzera eman nahi zidana eta mesedez argibide bat eman ziezadala eskatu nion, eta hark erantzun: "Ez zela fraile-modua landare-karriokoan nenkarrena, eta fraileari zelakoa zela guztietan zegokiola habitu jantzia". Jakina, ordainetan odolkiak.

Gaia 1: Bizitza
Gaia 2: Irakaslea
Azpi-gaia: Bizitza: Esperientzia perts.
Edizio kritikoa: Paulo Agirrebaltzategi
Gipuzkoa.net-aren logoa