HAE
Aurrera dakarzkizuegun letrei buruz argipen batzu. [I] Idazlea aspaldikoa da: 1928-an jaioa. Lekutako bazterreko baserri bakar batekoa. Eskolara, dotrinara eta jendea pilatzen den inongo parajetara ostera gutxi egindakoa. Gorrien denborako akordu ona du. Zurien denborako esperientzia txarra. Zurien denboran aldatu zen Mendatako baso artetik Oņatiko baso artara, Arantzazuko mendi harkaiztsuetara.
Idazle horri oso gustokoa zitzaion lurra bere askotariko agerpenetan, emaitzetan, aldaketetan. Oso gustokoa zerua, bere askotariko agerpen argizko, ilunezko, ekaitzekoetan, oso gustokoa bere buruaren azterketa edotariko aspektutan. Lurrak lur zirauen, zeruak zeru, baina jendea erdaldundu egin zen zurien denboran eta euskaldun-gorroto. Ikasbideek, hala berrez, erderaz behar zuten eta irakasleek erdaraz zegiguten.
Lurraren mugak mendietaraino iristen ziren, zeruarenak zenit sakoneraino.
Euskara, erabili ezaren ezaz ahuldu zitzaion idazleari eta debekuaren eta mezprezuaren azpian lizundu.
Liburu ongi zentsuratuz gain ez genuen gizajendearen bizimodu pekatarira hurbiltzeko biderik.
Jende zuria erljio ertsi baten zale da, giza-emakumeen biziera eta jokabidearen beldur, pareko agintarien menpeko morrontza itsuaren aldeko predikari ta soldadu, munduaren egoera erreala ez ikusteko, begiak istera edo itsutzera eragiten dizuna.
Idazle zurien eskolan ihardun zen erderaz lehenengo, euskaraz gero.
Radioz futbol-partiduren bat edo beste entzuten utzi zioten.
Zinea ere ikusi zuen Ktoren Pasioa eta Sta. Juana de Arco.
Telebistarik ez zen.
Orduko egunkariak irakurtzea ere galerazirik genuen.
Idazleak horratio ahal zuen literatura irakurri egiten zuen, erromes-jendeari begiratu egiten zion, nesketan fijatzen zen berezikienik, aitorlearen agirikak* irabaziz, eta problemarik ez zekarkioten gaiak lantzen zituen, Jainkoari eskerrak, oso gustokoa bait zitzaion lurra bere askotariko agerpenetan, oso gustokoa zerua argizko eta ilunezko alderdi zoragarrietan, eta gustokoa bere buruaren azterketa.