Bitoriano Gandiaga

Literatur idazlanak

JEI^

Oteiza* ez da gizon erreza. Seminarioko arkupetan ikusten dut orain sei urte atzeragoko oroipenetan. Han zuen tailer bat. Bestea ikastetxe zaharreko jantokian. Apostoluetako batzu eta pietatea landu zituen seminario sarrerako eskailera pean ikusten dut gaur. Tente dago. Noiz ikusi nuen exerita? Andre Mariaren irudi zutiaren aldamenean ageri da. Irudia baino asko da txikiagoa. Sorbaldaz gorakoa ageri du bakarrik Jorgek. Kristoren irudi etzanak estaltzen dio gainerakoa. Aurrez aurre begiratzen dit. Betaurrekoek ilundura handi bat dagiote begi zuloen ingurutan. Bi ildo handi ageri ditu masailetan behera. Beste bi sudur zuloen goikaldetik ezpainak baino beheragora, biboteari erreliebe handi bat emanez. Belarri puntak kanporantz eta lurrerantz ditu. Arranoen egada gogoratzen duen zimur handi bat du bekokian egoen arkupetan bekainak hartuz. Kopetako ule zuriak eskubitara orrazturik dauzka. Okotza bizar zuriz eta ez luzez zorrozten zaio beherantz. Txaleko marroi bat du eta alkandora urdin beltzaren lepoko botoia zabalik. Itxura hortatik begiratzen dit. Baina agian ez nau ni ikusten. Agian gizamasa besterik ez du ikusten eta Euskalerria masa horren erdian. Ez ahal da kea begi zuloak iluntzen dizkiona? Oteizaren begiak suak kristaldu zizkion begi gogor eta disdiratsuak ematen dute. Zer suk? Nongo suak?
Ahoa itxita dago behe ezpainaren gorria oso bizi geratzen zaio bizar zuri artean (1). Nork ikusi du isilik gizon hori? Baina ahoa itxita ere mintzatzen dakien gizonetakoa da Jorge. Zertaz da mintzo? Baina agian nahikoa esan duela dirudio. Agian Andre Mari zuti [sic] hori eta Kristo etzan hori ditu gaurko hitz ala hitzaldi. Dena dira hutsune borobil dena hutsunezko hildo, aska eta azpil. Dena galderaren kako zabaldu ez zabalduzko. Nondik datorkio galdera? Nori dagio? Andre Mariak zerurantz ditu begi zuloetako itzalak. Kristok zerurantz du lurrean etzanik duen burua. Jorgek begiratzen du bakarrik aurrez aurre gure begietara. Zer gertatzen da? Zer esan nahi digu? Zer digu galdetzen? Zer egozten? Begirada kezkagarriz begiratzen bait digu zerbaitetan errudun gerala usmatu arazteraino, ahaztutako pekatuz pentsa arazteraino. Jorge berberak ere ez du agian arrengura bat besterik ez du "Quousque tandem" deadar bat besterik. Noiz arte baina? Baina zer noiz arte? Heriotza, hondamendia? Gurutze bat dago besoak lurrean, agea zerurantz. Ezkerreko beso gainetik begira dago Jorge, aurrez aurre begira atzetik aurrera begira, eta zutik. Agian bultzaka asi da Kristoren irudia zutik jarri nahiz.

Gaia 1: Laguna
Gaia 2: Arantzazu
Azpi-gaia: Arantzazu: Absidea/frisoa
Edizio kritikoa: Paulo Agirrebaltzategi
Gipuzkoa.net-aren logoa