AOB^
Orbelaunen, lehenengo gomuta, amuma dut, gero mutilen kuartua deituan, ohean etzana, gaixo seguru [I]. Ez dot gomutatzen amumaren aurpegia.
Mutilen kuartuko leihoak sortaldera ematen du, eta ez da handia, baina goizean bada ordu bat, eguna garbia bada, kuartua argiz betetzen duena, eta orduan dena ikusten da klaru kuartuan. Ohea ipar aldeko ormaren kontran dago, zurezkoa da eta bajua, azpian kapaxazko* lastamarra dauka, gero izarak eta tapakiak. Almoada zuloan ikusten dut, antzinako diru gastatu bateko figura bezala, amumaren burua. Ohearen parean zurezko mahai txiki eta mengel* bat dago. Mahai-zapirik badauka, ez da handia, ze zur zurbila du bistan. Kuartuan dagoen erakargarriena armairua da, ez armairu berarengatik, hango kikara eta platertxo loredunengatik baino. Amaren arreokoak ei ziran, larrosa multzoko inguru guztikoak eta inguru guztiko urre zirrinda zuten portzelanazko platertxo eta kikaratxo haiek. Aitaren ama ta nire amuma ta amabitxi zenaren gomuta dut, gero geure izan genduen kuartu hartako, lehenengoa.