Bitoriano Gandiaga

Literatur idazlanak

TRES^

Ni Orbelaungoa naiz. Arrola mendiaren hegoaldean, Arratzuko elizatik 20/25 minutura, Gernikatik 8 bat kilometrotara, han dago Orbelaun basetxearen hondakina. Sortaldera begira, zutik dago etxearen aurrekaldea, atearte eta leihozulo ilunak zabalik, pinu artetik ozta heltzen zaion argirantz. Errenteru bizi ginen han, baina gusto gozoz oroitzen naiz Orbelaunez. Bista handi eta ederra genuen handik: Iluntzargaina, Gastiburu, Oiz, Bizkargi, Mendata, Morga, Errigoiti eta haien ostean jaso eta jaisten diren mendibizkar eta gailur lekutako eta urdinak.
Laborantza-etxe inguru zabal eta argikoa Orbelaun; ira eta beste inaurki, eta ardien eta behien larre-leku mendimalda galantak betean (1). Etxebakar ondo-bazter batekoa, Iluntzarko Plontiņo, Julian Arrolako, Paskual eta Tiadoro Ertzilgo, aitita Larrostako, tratulari bakarren bat eta eskekoren bestez kanpo, jende gutxi inguratzen zitzaionetakoa.
Hau denau esan behar nuen kontatzera noan nire Gernikaren erreketari buruzko bizikizunen akordu-hondarrak bere leku eta giroan ezartzeko. Esan gabe doa, nonahiko zarata txarra besterik ez dabilenean, bakardadeak duen beldur, susmotzar eta intsegurtasun airea.

+++++

Aitak eta amak, bati eta besteri entzundako gerrari buruzko autuak* sarri erabili ohi zituzten. Zuriak aurreran zetozela; fatxistak eta moruak gero eta gertuago genituela eta holakoak. Domeka eta astelehen bakoitzeko gero eta barri larriagoak jasotzen zituzten: Durangaldea goitik apurtu zutela suzko bonba eta inork eutsi ezin ahalako erasoz; gudari-jendea kamioiak betean zetorrela atzerazka eta beste. Arratzurretako errotatik etxerakoan, ni neu ere, frentean erabili izan omen zuten dozenerdi idi pare, hankak eta apatx-arteak-eta odoletan zituztela ikusita nengoen. Han zeuden Arratzuko kanposantu aurreko haritzen babespean. Han ikusi nuen ihesi zetorren kamioikada soldadua ere. Dena bertan behera zetorren egun larri haietan hartu zuen gure aitak soldadutzarako dei dontsua. Etxe alde airosoa utzi behar zuen gizarajoak: erdi makalik zebilkion andrea eta lau umekondo, ni neu zaharrena nintzelarik.

+++++

Zortzi urte-nituen (2) Gernika bonbaz eraso zutenean, metrailaz eta suz Gernika triskatu eta erre zutenean. Astelehen goiz hartan ez zen, ama ez zen bere bandejatxu eta bere astotxoaz Gernikara joan. Astelehen hartako arratsaldean aita ez zen, eria* aitzakiaz, Gernikara joan. Apirilaren 26 hartako gaua baino lehen, aitak Mendatako herrikoetxean behar zuen agertu gudaritarako. Bazkaldu orduko uztartu zituen Apala eta Moro eta Ziarsolo lantzera joan zitzaigun aita. Ez ninduen, ohi zuenez, itaurrean egitera eraman. Behiekin, (3) bakarrik joan zen aita, eta ama, umeokin, bakarrik geratu zen etxean. Nik garbi ikusten ez nuen zerbaiten geriza iluna bazebilen gurean. Amak, noizbehinka, etxatzera ostera egiten zuen eta handik Orora aldera begiratzen zuen ea soldaduekin kamioirik pasatzen ikusten ote zuen. Kanpogane aldera ere begiratzen zuen. Gero ezkaratzera sartzen zen. Gora bueltak eta kuartutik kuarturako ibilaldiak ere egiten zituen, zoruko haritz-ol zaharrak kirrinkatu araziz.
Arratsalde hartan sargori-edo egiten ote zuen sentsazioa dut. Konkretuki zertan aritu nintzenik ez nizuke esango. Zerbaitetan ekingo nion ordea, gurean ez bait zen alferkerian egoterik ezagutzen. Bazkalondo hartakoak ordu isil eta luzeak izan zirelakoan ere banago. Zergatik baina ez ote ninduen eraman aitak itaurrean egitera? Zergatik ez zidan amak hau edo bestea egiteko agindurik ematen? Ez zen gure ama geldi egoten eta geure aidera ibiltzen utziko zigutenetakoa. Baina bazkalondo hartan ez zeukan seguruenik nitaz arduratzeko astirik. Susmo onekoa ez zen zerbait abiatzen* zuen edo ardura lakarren* batek zerabilen.
Nire ondorengo anaia Josez ez naiz oroitzen. Eskolan ote zen? (4). Gure Jose ni baino sarriagotan joan zen eskolara garai hartan. Nik ez nuen mutilentzako maistrarik ezagutu. Harek bai. Maria Nabarnizko izekoarenean zegoen. Ni, zaharrena nintzenez, etxean behar ninduten hartan-hortan laguntzeko eta, batez ere umeak zaintzeko. Egun hartako akorduetan ez daukat anai-arreben gomuta izpirik ere. Etxebueltako gerezi, madari eta sagarrondoak lorea ondo pasatuta ote zeuden nago, eta etxaurreko haritzak dena orri berri eta zintzilikariotxoz.
Amak, etxatzera egin zuen osteretako baten ondoren, atartetik irteteko agindu zidan. Ez zetorren bere onean, izuturik zetorren, larri eta zurbil. Aiene eta holakotan. Etxaurreko hariztian genuen oilategira eraman ninduen eta han oilategi barruan, amantala kendu, lurrera bota eta belauniko eta eskuak gurutzean zituela errosarioa errezatzeari eman zion. Nik ez nuen ezer konprenitzen, arik eta aeroplanoen zarata tankarra hurra-hurran abiatu nuen arte. Errezatzeari utzi eta aeroplanoak ikustera irtetzen nintzen ni oilategitik. Amak ez iretzeko eta ez irtetzeko. Jainkoarren ez irtetzeko. Oso hurbildik ikusi nituen mari-orratzen antzerako hegomoduak zituzten abioiak. Kanpogane aldetik agertzen ziren: Goikoganera baino lehen, ia geure etxeparean bueltatzen ziren eta ez zerabilen itxura onik. Tiro hots handia zerabilten. Ametralladoren takarrada Markinatik Gernikarako errepide gainean zehar, bonba bunbak ere bai han eta harutzago bide beraren harian, eta urrunago, harri zaparrada hala, dena-baterako bonba eta tiro zarrasta. Guretik ez da ageri Gernika, Burgoak izkutatzen du, baina haren ostean zen iskanbilarik nabarmenena.
Ez zen behingoan amaitu erauntsia. Berandu baten agertu zitzaigun aita isilik eta zerbait ikaragarrik eraginda. Behiak askatu eta kortaratu zituen. Berba urri batzu besterik ez nituen entzun aita-amen artean. Baju hitzegiten zuten, agonian dagoen norbait maiteren aldamenean baleudetsu. Baietz, abioiak bere burugainetik eta behe-behetik pasatzen ikusi zituela, Markinatik Gernikarako bidea tirokatu zutela, Gernikan triskamena izan zela antza; Kanpoganen jendea, seguruenik soldaduak, zuriak dudarik gabe, bandera eta guzti agertzen ikusi zituela, eta holako. Iluntze aurre-aurretxuan bialdu bide ninduten ohera. Ez dut oroitzen ohizko berbarorik ezkaratzean. Aeroplanoen tiro-hots eten gabeen, bonben bunbada upielakoen* durundi ikaragarri handi eta luzarokoaren zirrarak sorgorturik etzan bide nintzen lastamarrean*. Ez naiz ia oroitzen. Haizeak Orbelauneraino ekarri zituen paper eta tela eta holakoen erre-hondakinak.

Gaia 1: Biografia
Gaia 2: EHerria
Azpi-gaia: EHerria: Historia
Edizio kritikoa: Paulo Agirrebaltzategi
Gipuzkoa.net-aren logoa