Bitoriano Gandiaga

Literatur idazlanak

AOB^

Betebehar edo konpromezu asko zuela zion. "Hegats"erako idatzi beharra zuela, Arendui-k eskatu zizkion bi gorazarreak [I], Erramonentzako bakeari buruzko idazlantxoak [II], biharamunean haginlariarengan txanda harturik edo emanik zuela, asteazkenean Itziarren aldeko meza eguerdiko 12-etan eman zezan eskatu ziotela [III], haren izena aipatuz-eta, egun hortan bertan Donostian egonbeharrekoa zela Herri literaturari buruzko II. jardunaldietan, baina egun hortako txostenak galdu beharrean aurkitzen zela aipatu mezagatik, txostenok goizpartean zirelako, ostegun-ostiraletako jardunaldiak harrapatuko bazituen, asteazken arratsaldean bertan joan beharko zuela Donostiara arratsaldeko 14-etan haruntz dijoan autobusean, larunbaterako "Euskal Kulturaren Batzarreak" Zorroagara deitu ziola, baiņa Txominekin-eta Urbiara joatekotan gelditu zela [IV], EKB-ren deia jaso aurretik noski, eta beste.
Bitoriano ez da aldatu edo ez da asko aldatu. Beti ezagutu dut eginbeharrekoz josia, beti ezertarako asti askorik gabe, larri, artega, ardurati. Ondo ezagutzen dudala esatera nindoan, baina nork ezagutzen du ondo inor, batez ere inor hori norbera denean? Itxura baten aspalditik bizi gara elkarrekin. Beren beregi esan dut itxura baten aspalditik elkarrekin bizi garelako hori, ze, itxura baten elkarrekin jaio ginen eta harrez gero ez gara banatu, baina alkar ezagutu, horretan gero eta zalantza gehiagoz nabil. Nik, neu nazanaz, irakurri, ikasi eta ikasten aritu eta entzun dudanaz jadanik urte asko dela ezagutu behar nuen Bitoriano, ondo ezagutu, diņot, ezagutu aditzak duen sakontasun eta helmen guztian: Ondo ikusiko nuen, ondo aztertuko nuen, ondo ikasiko nuen eta ondo jabetuko nintzen bere izaeraz, hau da, bere tenperamentuz, jitez, aiurriz, bere aldetik, jabetuk duen erreparatu, konturatu eta ohartuz gainerako eskuratu esanahian. Neureganatuko eta heziko nuela, beratuko, esan nahi dut, neure esanetara ekarriko nuela, neure lagun bihurtuko, etc.
Larri, artega eta ardurati da Bitoriano eta ni neu nahiko ganorabakoa, hau da: erabaki sendo, serio eta funtsezko bati gotor eta tenkor* eusteko nahikoa gauzaeza. Sarri aitortu dut, adibidez, idazteko gogoz bizi naizela. Nork ez dit entzun? Eta nik neuk sentitu egiten dut diodan idazteko gogoa. Baina ez dakit zeri begira bizi naizen, diodan idazteko gogo horri lekurik eman gabe. Nork? Zerk dit idaztea eragozten? Zeri begira bizi naiz idazten hasteko? Noren agindua, noren baimena, noren eragina behar dut idazten hasteko eta gogaitzen naizen artean idazteari ekiteko? Pupuberak* gara gu, Bitoriano. Jakina geure eguneroko eginkizun edo zereginak dituguna. Hoba ez! Baina nor ez da [sic] bizi eguneroko lan, arazo, konpromezu, ezusteko, buruhauste eta problemarik gabe? (1)

Gaia 1: Idazlea
Gaia 2: Biografia
Azpi-gaia: Bizitza: Esperientzia perts.
Edizio kritikoa: Paulo Agirrebaltzategi
Gipuzkoa.net-aren logoa