Bitoriano Gandiaga

Literatur idazlanak

MRN^

Hitza itzala da argazkia itzela denean.
Eta hemen
argazkia da itzel,
harrigarri.
Eta argigarri.
Baina argazkia bera
argiaren eta itzalaren arteko
konbinaketa miragarria besterik ez da.
Itzalak argia nabarmentzen du
eta horixe da hemen
hitzak egin nahi lukeena:
argazkia nabarmendu.

Argazki hauen gaia ikazgintza da. Ikazkinek egurrikatza egiten dihardute. Langintza zaharrean ari dira: aurreko mende eta gizaldietako giroan —gure burdinolen garai danbarratsu eta emankor hartan— ageri zaizkigu ikazkinak: indar handian egon zen sasoiko mutil eta gizon askoren ogibide neketsuan. Gerra zibilaren ondorengo urteetan ere gogor ekin zioten ikazgintzari. Gure artean amaiturik dagoen bizibide horretan saiatu ziren gizon buruzuriak ditugu gaur, Euskalerriko ekonomian hain pisu handikoa izan zen ikazgintzaren ezagule.
Txondorra zaintzen ageri dira, bitartean beste zerbaitetan ere badiharduten arren. Txondorra ez ezik, larraina ere beraiek egin dute, egurmeta eraikitzeko zabalunea, diot. Egurra berriz lehenago ebaki dute. Gero adakiak bildu eta metatu dituzte kurioso, eta egurren arteko bitarteak goroldioz, orbelez, iraz, iruriz-eta itxi ondoren, lurrez estali dute adaki-meta eta puntan su eman diote, barrurantz jaitsi-ahala txondorra egosiko duen sua.
Ikazgintzan ari diren bitartean, basoan bizi beharrean bait dira, egurrez egin eta zotalez estalitako txabola dute, non sua egin, non jatekoak eta jaztekoak gorde eta non lo egin eduki ahal izateko.
Txondor eta txabola inguruetan ageri dira mazoa, ziria, kakoa, haizkorak, haitzurrak, pala, otarra, galbahea eta beste.

Txabola barruko suaren gorria
beste kolore bizirik ez duten argazki hauen ostean,
gizaldi eta mende urrunetan ezkutatzen den
giza-sail handia sumatzen dugu
basoetan zehar,
han eta harutzago,
kearen, zirimiriaren eta joandako garaien arginabarrean.
Basoan egin dituzte lanerako lanabesik gehienak
eta badihardute —berriketarako asti handirik gabe—
egurra ebaki eta printzatzen,
biltzen, pilatzen,
eta egosten jarri dute txondorra,
lo luzerik gabe, gau eta egun zaintzen.
Elkarren gaineko eta elkarrekin armoniatsu nahastutako kolore ames-zirrara egileak dituzten argazki hauen ostean dago orain gure ikazkinen itxura iluna, bakardadea, isila, ahaztutako lanaren, urtearoen, giroen, garaien, ohituren, bizimoduen malenkoniazko sinfonia pentsarazle inongo zarata gabean.
Dena dago urrun.
Horregatik dirudite biziegiak
ilenti gorrien epelean daudenen koloreak.
Dena dago gandu artean.
Zein ordumodu da argazkiotakoa?
Goiznabarra ala ilunabarra?
Goyak pintatu eszenarik ere badagoela dirudi
argazkiotako ikuskarietan.
Izpi argitsuak lainotartetik
pasatuko bailiran ematen dute
unerik argienek.
Ia erabat ezkutatu dira ikazkinak,
txondor, txabola, lanabesak.
Oroipen hutsa da ia
argazkiotan dakusaguna.
Ia behin honez gero
argazki argi-ilun kotoizko gozo hauek ditugu
ikaskintzaren ikuskizun hurbil eta sumurrena,
beren argi-ilun kotoizko gozo horretan.

Gaia 1: Artea
Edizio kritikoa: Paulo Agirrebaltzategi
Gipuzkoa.net-aren logoa