AOB^
Nire lagun Iņaki Bidegain Aspace-ko medikuak, berak egin duen gauzarik onena ezkontzea dela esan ohi digu adiskide arteko bilkuretan, berak egin duen gauzarik onena ezkontzea dela eta bereziki Elena bere emaztearekin ezkontzea. Nik fraide egitea dudala bizitzako gauzarik onena esan ohi dut, eta bereziki fraide frantziskotar egitea.
Fraide izate hau, eta bereziki fraide frantziskotar izate hau ez dut alabaina neure talentu, kalkulu, sen edo intuizioaren arrakastatzat jotzen. Nire adimenaren eta zorroztasunaren ahalmenak ez ziren beren indar hutsez aukera hau egitera inondik inora iritsiko, ezta hurrik ematera ere. [I]
Aukera hau egitera eraman edo ekarria izan naizen susmoa baino ia ebidentzia delakoa dut, neure jatorriaren nongo eta nolakotasunari begiratzen badiot eta neure gaitasun dena beharrekoa kontuan hartzen badut.
Norberak ibili dituen bide guztiak eta norberak eman dituen pauso guztiak mendi tontor halako batetik ikusten dituenaren ikuspegitik ari naiz. Nire adinari zegokion eskola-prestakuntzarik gabe hartu ninduten seminarioan, ganoraz ezer ikasten ez nuen arren ez ninduten seminariotik bota, okerrik handienetan ez ninduten harrapatu, eta hala, beti trikili-trakala, beti estropezuka, nire lagunak, nire aldean onak, bidean geratzen ziren bitartean ni komeni zitzaidan bide honetan aurrera etorri nintzen edo etorri ninduten nahiko modu ulertezinean, eta hala gaur arte, hainbeste zulotan jausi gabe, hainbeste bidegurutzetan huts egin gabe, mankatu*, maskal ta ganora handiagorik gabe bada ere.
Baina pozik, baina esker onez, magnificat bakoitza bakoitzean neure ere eginez, ikusi, eta aitortutz nirekin eta niregan gertatu dena, nire neure gauzatasunez gainetikoa izan dela zatirik handien eta ederrenean.
Sekulako zoriontzat daukat, begi lausoegiz bada ere, Jesus ikusi izana eta haren ondoren aritzea, pauso motelegiz bada ere.
Sekulako zoriontzat daukat Jesusenganako bidean Aita San Frantziskoren eredua izatea, imitatzaile exkaxa banatzaio ere.
Sekulako zoriontzat daukat dudan bezalako anaidi bat izatea, sarriegi behar bezala portatzen ez banatzaio ere.
Eta pozgarri zait Arantzazun bizitzea eta nire bizitza eta bokazioa mantentzen, zaintzen, gauzatzen eta gozatzen laguntzen didan hemengo giro guztia.
Eta pozgarria zait, asko konturatu gabe, zer egiten nuen asko ohartu gabe egin nuen lehenengo profesa hura pozez eta esker onez berriztatzea, beti ere, orduan baino ezagutza eta esker on hobez berari zintzo izan ahal nakion (1), Jainkoaren, Andre Mariaren, Frantzisko-Klararen eta zuen laguntzan erabat konfiatuz.