Bitoriano Gandiaga

Literatur idazlanak

ARAN^

Behin, arbola bat bezalakoa zan gizona. Parkeko arboladian aize gogor batek lurretik askatatutako arbola bat bezelakoa. Hala ere gizonak zutik iraun nahi zuen, lurretik askatutako arbolak, zutik iraun nahi lezakean antzera. Zorabiatuta zegoen gizona eta begi zorabiatuz, balantzan ikusten zuen oin azpiko lurra, itxasoa bezala mugitzen. Arbolei begiratzen zien gizonak, baina arbolak etzien ixiltasun ilun baten erantzuna besterik ematen. Izarrei begiratzen zien gizonak, eta aizeak zartatzen dituen txingar arin eta pixu gabekoak iruditzen zitzaizkion. Baina, hala ere, bere burua baino lurrean kateatuagoak zeudela zuhaitzak, ikusten zuen eta bere burua baino tinkatuagoak zeudela izarrak ere. Bizi zela ohartzen zen gizona, eta heriotzara zijoala, erloju bat gelditzera bezala. Eta gizona larri zegoen, beste lurreko eta zeruko ezer larritu ezin diteken neurri izaugarri batetan. Gizonak gizon iraun nahi zuen. Bizitzen jarraitu, bizirik joan ibili eta ibili, betikotasunez haruntz. Eta gizon hari begiratzeak bildurra ematen zion, bazijoala ikusteak izutu egiten zuen eta begiak itxi egiten zituen, geldi eta bizirik zegoelakoa ames egiteko. Baina heriotzak barrutik begiratzen zion gizon hari, heriotzak etzuen ixten begirik haren barruan, heriotzak barrutik edaten zion bizitza, edan eta edan. Eta ohartzen zen gizona begietako argia ere gero eta eskasagoa zuela, eta hustutzen zijoala eta ixiltasuna jabetzen zitzaiola barruan zehar. Belarriak nabaitzen zituen azkenean, belarriak arimaraino zulatu balitzaizkio bezala. Eta entzuten geratu zen eta entzuten hil, gero eta entzutenago, entzun eta entzun, bizitzak eman etzion erantzun bizitzazkoa entzuten.

Edizio kritikoa: Paulo Agirrebaltzategi
Gipuzkoa.net-aren logoa