Bitoriano Gandiaga

Literatur idazlanak

ARAN^

Basoetan, oihanetan edo haien inguruan bizitu den jenteak, zuhaitzean ikusi du gehienbat bere burutazio-begitazioen irudi ilun zirrarakorra.
Gure amari, gure aita ikusi iruditu zitzaion iluntze batez, Gastiburuko hariztiz gora etxerantz zetorrela.
— Jose, hor zagoz?
Eta erantzunik ez jasotzean, onezkoa ez ote zen bildurrez, Elorretako baserrira itzuli zen.
Ama haren seme honi ere gertatu zaio baso ilunduetan zehar, zuhaitz, enbor nahiz mukurretan, gizon, emakume zahar, pizti edo zerbait makurtu ikusi iruditzea.
Belarria ere zolia da basoetan, batez ere gauez. Abots bat izan ote den, kantu ondakin bat, xistu bat, dei bat.
Gizonaren bildur eta ikara berezko eta betikoak, gizonaren irudimen basati eta hezigaitzak, gauaren edo nekearen pean errez ikusi iruditu oi ditu mamuak bakartadeko [sic] bide harizti, pagadi edo gaztainadikoetan zehar.
Basoko laino pean eta nekaturik nengoela, argi-drizak ikusi iruditu zait niri neuri ere. Orduan errez gauzatzen ditugu irudimen hoiek eta izenez jantzi ere bai; eta hor geratzen da sorturik kreatura berri bat. Baso eta zuhaitz arteko bizimodua galdu-ala, guretzat eta batez ere gure aurrekoentzat zerbait bizia, ibilkorra, aldakorra eta eraginkorra zen haura, badijoazen eta jadanik joan diren urkidi, artadi eta ameztien itzaletan desegitera dijoa.
Irudimenaren sorkari hau ez da horratik lotsagarri. Sorginen, laminen, iratxoen eta ipuinak aitari galdetzen nizkionetan, etxeko anaia asarratu egiten zen eta zozokeriarik ez esateko agintzen zion aitari. Oraindik bizi dira berriz ipuin horien mendean eta ipuin horiei zerien zirraratan murgilduta bizi izan direnak.
Gauetako artazuritze auzolanekoetan ipuinok zituten [sic] kontakizun eta ipuinon badaezbadakoa bideko zalantza noinahiko zauzk-eragile. Halako girotan bizituak gara. Herri baten bizimoduko bizitza giro hau jasogarria da. Kultura gehiagoko lurraldeetan dagokion garrantzia eman zaio gizonak sortutako asmazio-mundu horri. Gurean ere zozoak baino ikasiak arduratu dire burutazio-irudipen mundu hori jasotzen. Hala Azkue ta Barandiaran. Mundu hortaz baliatu dire beren erti-lanen gai eta zelai sorterazletzat zenbait musikari, marrazkari [sic, marrazkilari?] eta pintore. Gaur inguru guztiko gorputzez moldatu digu Basterretxeak.
Basterretxearen lana maitagarria ta gogoko zait gure mitologiako zenbait kreaturari hain berez zegokien zurezko gorputza eman dielako. Zuhaiztegietako umeok menturak landutako enborretan -mendietako iruditegi berezkoetan- ikusi bai [sic] ditugu gure ipui, sinismen eta susmoen irudiak. Zurezko erti-lanetan eraturik ere baditugu jadanik, noizbait eta zorionez.

Gaia 1: Artea
Gaia 2: Biografia
Azpi-gaia: Lurra: Sinesteak
Edizio kritikoa: Paulo Agirrebaltzategi
Gipuzkoa.net-aren logoa