AOB^
Asko dira egin ditugunak. Asko dira oraindik egin nahiko genituzkenak. Asko dira. Asko dira, gauzak egin beharrez, presaz edo haserrez egin ditugunak. Merezi al zuen triski-trauska eta egin genuenarentzako begiramenik gabe, egin genituen gauza haiek egiteak? Gauzak egiteko afanari, ala gauzak egite berari begiratu behar genioke batez ere? Asko egitearen gaitzak erabili gaitu gehienbat. Egin. Luberriketan* bezala aritu gara gogor. Eta batek badaki luberriketa zer den: Otatza* eta lugan* garbitu, ondeatu eta soro bihurtzen aritua bait da Goikoganen. Artoa garauntzeko zaku baten sartzen genituen artaburuak, lotzen genuen zakua eta gero zokorrak jotzeko mazuz eman-alak ematen genizkion zakuari eta artean "emon, emon", entzuten genuen aldamenetik: "Emon, amaren burua be ezda-ta". Eta gauzak egin egiten ikasi genuen, baina ez gauzak begiramenduz eta ongi-nahiz egiten. Gauzak egin egin behar ziren, egiten zenarekiko tratua kontutan hartu gabe. Eta zenbat ez ote dugu egin, egiteko makina baino gehiago ezbagina, hotz-hotzean eta gogor, eskuartean genuen eginkizunari makinak baino bihotz gehiagoz begiratu gabe. Gogorrean ohituta egon bat, esaten dugu, gogorrena egitean ere makina huts baino besterik ez bagina, pertsona gareala kontutan erabili gabe, maitasuna izkutatzeak gizonago egingo bagindu.