Bitoriano Gandiaga

Literatur idazlanak

L3G^

I.
Urriaren azkenak. Azaroa gertu. [I]
San Lukasek dizkigu euriak atertu.
Sekulako eguna zaigu gaur agertu,
argirik garbienak daroa edertu,
pintura gama guztiz kolore-kontzertu

Berdea da nagusi eremu arraian,
mila ihar-moeta darraio jarraian.
Brasteko pintzelada gabeko deslaian*,
gorri ta horiaren bitarte lasaian,
margulak* du tonua ņabartzen paisaian.

Portzelanaz egina dirudi gaur goizak,
kalitate fina ta beirazko bernizak;
Poliki banatuta argi ta gerizak,
ozkirria dario, gardena ta drizak*;
zirrara dizu sortzen lilurazko gisak.

II.
Urriaren azkenak, geroz azkenago:
San Simon eta San Judas, zerua gris dago. [II]
Puntuan gordin zena oraintxe akabo,
okrearen indarrez egin-da arrago
sugar baino txingartza bizi ta oparo.

III.
Urriak hogeitamar, elurrez mendiak;
hotza eta bisutsa. eskas aterriak.
Haize erasopean, busti ta eriak,
orriak horbel datoz, gorri, beilegiak,
hondamendi burrustan ezin defendiak.

IV.
Domusantu eguna: berriz ere lurmen*.
Iragan elurteak marka utzi zuen;
zortzirehun metroz gora dago ihartuen,
kolore irtenek zer bajada jo duten!
Eskerrak behe aldetan firme diharduten.

V.
Arimen eguna txit argia jaiki du,
eguzkiak okrea arrosaz jantzi du.
Kobrez eta urrez da basoa hornidu,
ikuskizun galantak pozkida damaigu,
itxuraz Azaroa onez datorkigu.

VI.
Egunak joanala [sic], koloreak martxan:
marroia, larua ta gorri-zaharra baltsan;
Argiaren harira isladura dantzan
haize tindatuaren ufada-balantzan,
amets edo ta ipuin-zoria bailitzan.

Egun hauen lilura hain da gauza zera,
ederki astintzen du gizon sentibera;
hainbestetzat, ez nuen erizten, ostera,
baina behartua naiz juzguz aldatzera
zeharo eraginda ikusiz Joxeba. [III]

Erreka-urkullutik hor non datorkigun
hain aztoratua non ez dudan ezagun;
kolorea dela-ta nola gero ihardun!
Hitzez ta imintzioz zer esan ez digun!
A zer zapla gurenak jota heldu zaigun!

VII.
Eguraldi gozatsuz oskarbi San Martin.
Udatxoari nahiko ote dio ekin?
Barteko euriaren busti-diztiekin
guztia dago aratz, ezti eta astin*,
su gozo baten baitan sugarri ta sugin.

VIII.
Atzo San Martin eta egun San Josafat,
panorama zabala txigor eta txinpart,
bagoak soilduala morea da ausart
hondoari ezarriz itxura handi bat,
dena umoagotuz doala deritzat.

Gailurretatik behera bada arbolarik
orri zaharrik erantzi nahi ez duelarik,
tabako eta cognac diruditelarik
laritz horailetara datoz edotarik
xarma eta beroa dariotelarik.

IX.
Eguneko eguna zati bat motxago,
sortalde-sartaldeak elkarrenganago;
eguzkia bajutik ohi doa igaro;
laiotzetan urdina arroz arro dago,
zenbat oskarbiago, hainbat oztinago*.

X.
Zerua arre dago San Alberto Magnoz,
karaitzen malda soilak hezkura-zaplaztoz;
urak blaitu du, lurra zelai eta basoz;
eremu pinttoaren ņabarduak [sic, ņabardurak?] jasoz;
lerro beltzak idatziz, kurriloak datoz.

XI.
Hodei zurbil hauskarak zeruz farrandari,
iluntze hontan utzi nahi diot lanari; [IV]
ardi multzo xuriak txaretan nabari,
haranetan laritzak argizari argi
urre-litsa* eskainiz haize-boladari.

Hamazortzigarrena gaur du Azaroak,
ahapaldi batzu, behintzat, baditut ehoak;
beti ez ditut izan une erosoak,
baina ez nau penatzen hartu-arazoak*,
zuretzako, Xebero, diren bestekoak.

1983 - azaroa

Gaia 1: Izadia
Gaia 2: Urtaroa
Azpi-gaia: Urtaroa: negua
Edizio kritikoa: Paulo Agirrebaltzategi
Gipuzkoa.net-aren logoa