Bitoriano Gandiaga

Literatur idazlanak

AOB^

Gure Jaun azkarra,
Zeuk bakarrik daukazu
gure dudamudentzat
erantzun bakarra.


Bizitza honetan zehar
Zeuk laguntzen diguzula
erraz dugu ontzat hartzen.
Zergatik zaigu kostatzen
fede sendoz sinestea
heriotzan ere lagun
edukiko zaitugula?

Gure Jaun azkarra...

Gure izateari Zeuk
ematen diozu bere
betetasun egokia.
Nola Zuk eman tokia
guregan ezerrerazi [sic]
zeure bizitzaz txertatu
zenuena suntzi dezan?

Gure Jaun azkarra...

Ez da erraza ulertzen
heriotz ondoren nola
bizitza luza daitekeen.
Halere bada litekeen
posibletasun ederrik,
Zuretzako ez bait dago
ezin dezakezun ezer. (1)

Gure Jaun azkarra...

Heriotzak sortzen duen
banaketa nola baina
bizitzaren ate izan?
Ernetzen den hazi gisan,
erdibitzen den puntuan
irtetzen [sic] bait da lehen zuen
bizitzaren betaldira*.

Gure Jaun azkarra...

Hiltzeko ordu hotz hura
maitasun bakarrarekin
biltzeko parada nola?
Jesus dugu parabola
heriotzetik askatuz,
maitasun denak bait zuen
bizirik Bereganatu.

Gure Jaun azkarra,
Zeuk bakarrik daukazu
gure dudamudentzat
erantzun bakarra.

Gaia 1: Jesu Kristo
Gaia 2: Otoitza
Azpi-gaia: Jesu Kristo: Piztuera
Edizio kritikoa: Paulo Agirrebaltzategi
Gipuzkoa.net-aren logoa