Bitoriano Gandiaga

Literatur idazlanak

L1G^

Afalondoan Joxebak [I]
eman didan wisky kopak
kantatzera bultzatu nau
ondoren datozen koplak.

Joseba Etxeberria,
Seguratik etorria, [II]
nahiz Kuban nahiz Arantzazun [III]
azaldu da egokia.

Jatorra bezain bizia,
badu nahiko historia,
kronika zale azkarrek
bi mundutan idatzia.

Sustrairik urratu gabe,
alfonbratan nonbait ere,
Kubara joan zitzaigun
aurresku-enbajadore.

Lanean nahizta debalde
saiatu zela diote,
errukarriak baidira
neskatillak Kuban ere.

Haiek bihotz ona eta
norberak maiz ameseta,
zenbat nostaljiren jabe
ote da horren kasketa.

Edonongo historiak
baditu bere txotiak,
ez dela dena zintzoa
esan du errotariak.

Baina ez gaitezen jetxi,
ez baidu kantak berezi,
"Zopa-jalea" den arren [IV]
barbantzuak ditu jobi.

Barbantzuak jobi baina
pelotan du bere maina,
arbitrotzako dohaiak
ahaztu gabe hala jaina.

Hauxe da gauza jakina,
parrokotzan duen grina.
Proba da Eskoriatzan
nola dakiten dotrina.

Eskoriatzan dotrina
jakin dakiten adina,
igualtsu Salinasen
sardinen ipuin samina.

Parroko ta katekista,
orobat eletrizista,
kontatu txarren lana da
askotan darion txispa.

Baina naina ta sardina
kuestioa, dela fina:
ezin zenbatu daiteke
zenbat lan duen egina.

Eginik frango duela,
egiten jarrai dezala:
halaxen urte askotan,
orain artean bezala.

Afalondoan Josebak
eman didan wisky kopak
kantatzera bultzatu nau
kantatu ditudan koplak.

Gaia 1: Laguna
Edizio kritikoa: Paulo Agirrebaltzategi
Gipuzkoa.net-aren logoa