Bitoriano Gandiaga

Literatur idazlanak

GDA^

Gabon-jaiak, Eguberri-jaiak,
Belen, jaiotza,
kristauontzat, fededun garenontzat
jai pozgarri dira:
Jainkoaren gizononganako maitasunaren
ageri behin eta betirako.
Hor dago gizaki eginik
gizakiaren egile berbera.
Zergatik? Zertarako?
Hurbil gatzaizkion Jesusi.
Hortxe dugu eta galde diezaiogun.
Maitasunak eraitsi du
haragia hartzeraino,
benetako gizon egiteraino.
Maitasunak eusten dio
gizatasunari atxekia,
gizatasuna jasoz
Jainkoaren izateraino.

Bedeinkatuak gu
gutariko egin denarengan
geuretasuna Jainkotasunera
eraman duenarengan.
Ongi deritza Gabon
gertaera honen leku
izan den gauari.
Ongi deritza Eguberri
gertaera honen ondorengo egunari.
Benetan zor zaio jaia
gertaera honen oroitzapenari,
benetan da ospagarri
Gabon-Eguberrietako garai hau,
hemen bait dugu birgogoratzen
Jainkoak gizakiarekin egin duen
behin eta betirako
erabateko elkarte haragizkoa. (1)

1980

Gaia 1: Gabonak
Gaia 2: Jainkoa
Edizio kritikoa: Paulo Agirrebaltzategi
Gipuzkoa.net-aren logoa