GDA^
Entzun berri hau, anaiok, 
jarri erne belarria; 
pozarren dakarkizuet 
albiste salbagarria; 
entzun zuk ere, oi herri, 
degizudan aldarria: 
kunplitu dela sarritan
profetek iragarria.
Zeru ta lurrak zituen 
haseran Jainkoak egin; 
mendeak igaro ziren, 
zenbatzu kontatu ezin; 
poliki ari zen dena 
antzaldatu ta berregin; 
urak ernatu zituen 
arrain ta txori beredin*.
Noizbaiten gizona sortu 
zuen gerora Jainkoak, 
bertan zizkion eskaini 
zeru ta lurretakoak; 
adimenaz gain zizkion 
barrendu dohain jasoak 
konpreni eta estima 
zitzan Jaunaren asmoak.
Baina gizonak ez zuen 
Jaunaren gogoa bete, 
aitzitik Haren aurrean 
hoben egin zuen dorpe; 
aspertu zuen Jainkoa 
baita haserretu ere, 
harik uholdez gizona 
zigorkatu zuen arte.
Bi mila urte, hor nonbait, 
horra Abrahamen fedea, 
Jaunak deituta utzi du 
asaben herrialdea; 
Haren hitzean da fido, 
Hura du bere xedea, 
herri bat eman dio Hark 
eta aitaren ospea.
Mila ta berrehun bat urte, 
Moises dugu oraingoan, 
Abrahamen semez jabetuz 
Itsas Gorriko pausoan; 
horra herri hautatua
libertatezko giroan 
bataiatuon irudi 
izan zedin gerokoan.
Mila bat urte inguru 
David azaltzen zaigula 
Jese aitaren ardiak 
zainduz habail ta txirula; 
Samuel profetak zuen 
gantzutu artzain mardula 
Israelentzat errege 
zedintzat santa sekula.
Baziren zazpiehun urte 
horra Israel non datzan 
Babilonian gatibu 
izugarrizko morrontzan; 
sufrimen hartan jarri zen 
salbazio-esperantzan, 
profetek esan Mesias 
bazetorkeen konfidantzan.
Erroman Zesar Augusto 
mundu guztiko nagusi, 
Jose ta Andre Maria 
Belenez kanpo doazi; 
Daviden seme da Jose, 
pobreza dizu garrasi 
emazteari ez dio 
koba bat besterik kausi.
Hantxe jaio da Jaungoiko 
betikoaren Semea, 
Mesias eta Kristo da, 
gizonen Salbatzailea; 
Jaungoiko betikoa da, 
orobat gizasemea, 
Harengan dago osorik 
Jaungoikoaren betea.
Gizaki oro argitzen 
duen Aitaren Hitza da, 
gauza guztien egile, 
sorburu eta joera; 
egia, bidea eta 
bizitzaren antapara*, 
geure artean egin du 
egoitza eta aukera.
Hemen bildu gara pozik 
Jesukristoren fedean 
Haren jaiotza ospatuz 
egun hain alegerean; 
begiak erne jarrita 
munduko Salbadorean 
gauden Berari emanak 
begira etengabean.
Alai gaitezen, anaiok, 
inoizko berri onenez 
Jainkoa gizon egin da 
gizasemeen amorez; 
jaio denari eskerrak 
festa gurena dugunez, 
gabiltzan Gabon-kantari 
albiste ona emanez.
1982