Bitoriano Gandiaga

Literatur idazlanak

GDA^

Berrionaren berri emaile, [I]
agur, zuri, Abendua;
esperantzaren atari zara,
iraupen luzez ondua;
betiraunera begira jartzen
diguzu adimendua
kunplitu zaren hortan bait zara (1)
kunplikizun-agindua.
Berrionaren berri emaile,
agur, zuri, Abendua!

Salbamenaren egun alaiak
jadanik erneta [sortuta] dagoz;
behingoz erabat osatzeko den
erreinuaren zain gagoz:
behar zuena etorria da
baina ez etortze osoz,
etorri zena etorkizun da
esperantzaren itsasoz.
Salbamenaren egun alaiak
jadanik erneta dagoz.

Negu gorritik udaberria
atera ohi den antzera
halaxe [halaxetan] goaz geldi ta nekez
aro berrian sartzera
itxuraldatuz, eraberrituz [eraberrituz, itxuraldatuz];
justiziaren kolpera
jende ta mundu egokituko
gara Jaunaren xedera.
Negu gorritik udaberria
atera ohi den antzera.

Etengabeko Abendu baten,
horrelaxe [halaxetan] bizi gara
Jaungoikoaren erreinua noiz
osotuko den hartara;
espero eta nahi genuena
jadanik etorri bada,
Bere legamiz mundu guztia
behar du ondu ta para [ondu behar du ta para].
Etengabeko Abendu baten,
horrelaxe [halaxetan] bizi gara.

1984

Gaia 1: Gabonak
Gaia 2: Liturgia
Azpi-gaia: Liturgia: Abendua
Edizio kritikoa: Paulo Agirrebaltzategi
Gipuzkoa.net-aren logoa