Bitoriano Gandiaga

Literatur idazlanak

GDA^

Nork zerk estaltzen du eguzkia?
Ala eguzkiak berak hartu du
argia gordetzen dion estalkia?
Ala begietan dugu gaitzen bat
argia ikusten uzten ez diguna?
Oilarrek bezala igarleek
goiz jo zuten egunsentikoa
eta eguna aspaldi bide da zabaldua.
Zergatik ez dugu ikusten argirik?
Zergatik ez naiz [gara] argitara atera?
Zergatik ez naiz [gara] alaitzen [poztutzen] (1)
argitan?
Eguzkia ikusi zutenek odolez
aitortu digute argitu duela.
Beren bizimodua lekuko
baieztatu digu [digute] eguna prantaturik dela
santuen letani luze ta ederrak.
Non, nola, nora irten dute, nondik
ikusi dute dioten delako argi hori?
Zer egin dute, non garbitu dituzte
begiak, nola egin dira argia
ikusteko gauza?
Itsuak
irten egin zuen jaio zen etxetik,
inguratzen zuten teilatu eta hormarte
leiho gabeko hartatik irten egin zuen zelaira [zelaiera],
makarrak kentzeko ahalegin handia egin zuen,
garbitu zuen gorputza ere burutik oinetara [gorputza ere burutik oinetara garbitu zuen]
eta biluzik jarri zen zelaian
argiari deika, eguzkiari erreguz.
Eta ohartu zuen izpien beroa
ta izpien haria irentsiz joan zen
ta izpiak harilduz joan zen barruan
ta harilak barrua argitzen ziola
ikusiz joan zen
begiak barrutik kanpora argiz jazteraino.
Ez zen berriro lehengo hormartera itzuli,
argia eguzkitan aurkitu ahal dela bakarrik
ikusi bait zuen. Lehengo soinekorik ez zuen
gehiago soinean ipini, ilunbeko jantziek ere argia
kendu egiten bait dute. Zerua beste aterpe gabeko
zabalez hasi nintzen [zen] ibiltzen harako izpi-harilez
ehundutako jazkia soinean nuela,
argiari kantuz, eguzkiari aintzaz [eguzkiari aintza emanez].

1975

Gaia 1: Gabonak
Gaia 2: Bizitza
Azpi-gaia: Bizitza: Argia
Edizio kritikoa: Paulo Agirrebaltzategi
Gipuzkoa.net-aren logoa