Bitoriano Gandiaga

Literatur idazlanak

Ik. Olerkiaren konposizio grafikoa .pdf formatuan

GDA^

Gabonak dut gaia
baina zer behar dut jadanik esan Gabonez?
Ez al dut idatzi gai honetaz mila aldiz?
Beraz nola behar dut gauza berririk esan?
Gabonak ere gaur gero [jadanik] zerbait zahar bihurtu
zaizkigu: gauza berririk ez dakarkigute,
ez eta fede berririk, eta itxaropenik ere ez.
Etorriko dira eta joango, urte oro bezala,
aldaketa handirik sortu gabe
guregan eta munduan. Ikara handirik eragin gabe
gure bizimodua eta jokabide beti berdintsuari.
Musika, kantu, buila, kanpaiak,
argi-jartze, kale eta plaza apaintze
eta atsegin-sarien eta mila koplaren
saltze eta eroste, trukatze eta eskaintze
ohiturazko bat izango dugu berriz ere
Gabon guzti hori, apika.

"Gabeko hamabiak
jo duten orduan,
desio genduena
iritxi genduan".

Baina soinuz eta argiz, extraz eta oporrez gainera
desio ote genuen besterikan ezer?
Nola desiratu [deseatu] behar genuen besterik?
Ba ote dago besterik zerbait desiragarri denik?
Gabon-jaien arrazoi konprometagarria
ez behinepehin. Ez da desiragarri
gure bakea triska* lezakeen bake berri hori.
Nola behar du izan desiragarri
bira radikal bat egitera behartu
gaitzakeenik ezer? Ito dezagun zarataz
isilik datorrena. Ito dezagun,
isilik dagoenaren isiltasun ezinbestezkoa.
Ito dezagun musikaz ogia eta justizia
eskatzen daudenen ahots [abots] lurra betekoa.
Baina ito gabe ez dezagun utzi
bakoitzaren barrutik egia aldarrikatzen
deiadarrez [dehadarrez] ari zaigun kontzientzia.
Dena konponduko dugu entzungorrez,
sariz eta jaiez, extraz eta oporrez
eta ebasioz. Eta ondoren bakoitzak
bere arloari heldu beharko dio berriro
eta arloak lotuko du bakoitza rutinaren txingan*.
Eta Gabonak
airean [aidean] esplotatu zuen koloredun globo
jostaketazko baten dindirri* eta zarata
irudituko zaizkigu hurrengo Gabonak arte.

Gaia 1: Gabonak
Edizio kritikoa: Paulo Agirrebaltzategi
Gipuzkoa.net-aren logoa