Bitoriano Gandiaga

Literatur idazlanak

GDA^

Gabon bakoitzeko [I]
jaiotza berri bat;
Gabon bakoitzari
berria deritzat;
lehen espantu bera
dut espantu behintzat.


Jainko isil zinen,
Jainko isil zara;
eta hala ta guztiz
Hitza zara jada: [II]
Gabon gauerdian
jaitsi zen askara,
handik zaigu mintzo
haurren modutara.

Jainko urrun zinen,
Jainko urrun zara,
eta hala ta guztiz
zein zauden erara!
Behin Gabonez gero
tartea hutsa da:
koban zaduzkagu
bertatik bertara.

Jainko handi zinen,
Jainko handi zara,
eta hala ta guztiz
hor zure bajada:
zeruen zerutik
ikuilu hortara,
bi gaixo pobreren
beso gorritara.

1985

Gaia 1: Gabonak
Gaia 2: Jesu Kristo
Edizio kritikoa: Paulo Agirrebaltzategi
Gipuzkoa.net-aren logoa