Bitoriano Gandiaga

Literatur idazlanak

L2G^

Xabier Egaņa dut
egungo sujeta,
nonbait ikusi duzu
pintzel ta paleta
ez dizut aurkeztuko
famoso da-eta
erruz bai du pintatu
kuadro ta pareta
Europa da lekuko
et'Ameriketa.

Nahizta ez den gorputzez
ez eder, ez jaio,
ahal duen dotore ta
xut gustatzen zaio.
Kuraia ta kemenik
falta ez bazaio,
badu pena mortalik:
Negurin ez jaio,
Las Arenas gutxi ta
eskas balitzaio.

Ardi galdua noizbait
sasarte ta hidoiz,
bide oneratu zen
ez gero oso goiz.
Arnegin penitente [I]
pekatuen oroiz,
Opuseko morroia
egondu zen inoiz,
Arantzazun dago gaur
fraile itxura doiz. (1)

Besteok mutikotan
sartu ginen fraide
ohitura txarrik eta
malezia gabe.
Berandu etorriak
ezagun dirade,
neskalaguntzan-eta
ihardunak halare,
alferrik noizbaiteko
reboke ta kare.

Hala dugu kristauok
ikasi dotrina:
Pekatuan ohituei
ez egin muzina.
Barkatuaz Sebillan (2)
gaztetan egina,
guregan beti ohi du
abegi biguina,
berriro ez dakion
piztu Opus-mina.

Hemen aritzen zaigu
etxeko lanetan,
agintzetan maratza,
itzel ametsetan.
Kanporako gogoa
ohi bai du maizetan,
laguntza pixkat dezan
tentazioetan,
kate koskor lodi bat
on luke hanketan.

Esnea edan duen
aldera bildotsa.
Egaņak hiritik du
gustoko ahotsa.
Kaleko jendetza ta
hango abarrotsa.
inori ez bai zaio
gustatzen agotza,
hartan plazerik badu
ez du zertan lotsa.

Buruan sartua du
gizonen ardura,
hauxe du pintatzean
darabilan ura.
Dena da trajedia,
irrika, tristura,
mikatza da kuadroei
damaien itxura,
errea sortzen dute
kezka ta azkura.

Aparte beroaldi,
kuadro ta irudi,
bizitzan alaia ta
lasaia dirudi.
Jairik gertuan bada
han duzu ihusturi,
bizar beltz irekian
hortz ilada zuri,
algarari emana
bekokiz ipurdi.

Bazkal nahiz afalondoz,
kopa bat aitzaki,
broma eta barrerik
zuzpertzen badaki.
Txiste ta pasadizo,
hainbat adabaki,
modurik xelebrenez
imitatzen daki,
pintore den neurrian
pailaso izaki.

Begiotan badauka
akatsik ordea,
agian hobe nuke
hontaz isiltzea.
Ez nuke nahi inolaz
beztu pintorea,
falta txar hau ez bai da
totalki berea:
ez du ondo ikusten
grisa ta berdea.

Baditut lau edo bost
egia esanak,
Bizkaiko txerriaren
bozean emanak; [II]
oraindik gordin dirau
txerriaren famak,
orobat hiltzaile ta
eustaileen afanak.
Honenbestez bukatzen
ditut gaurko lanak.

Gaia 1: Laguna
Edizio kritikoa: Paulo Agirrebaltzategi
Gipuzkoa.net-aren logoa