Bitoriano Gandiaga

Literatur idazlanak

OAR^

Asignatura moltzoa,
irakasleen bekoskoa,
ez dugu izan ikastaldia
nahi bezain mantsoa.
Joan da baina kurtsoa,
opor argiei zantzoa,
itsas handitan lasaituko da
preso zen kortsoa [korsoa].

Kateak herdoilduz kortan
hesirik ez da heskortan,
oporralditan ikastetxeak
badu antzik hortan.
Beude liburuak kotan*,
hiru hilabetez lotan,
kezka gabeko aterrunea
nahi dugu kaskotan.

Nor geure lagunengana,
badugu famili bana,
haize berriak bidaro berriz
darabil hosanna.
Gozoa helduz arana,
jare gehiago laztana,
masailez ezpain irrikatzen dut
kuttunen andana.

Uste on amets ugari,
goiza dugu aurrelari,
garen betean zabalik gaude
oporren jaiari.
Gurazko zelaiz bidari,
oles itxaropenari,
zorionaren txoriak babes
gaitzala kantari.

Askatasun-poza gailur,
nor geure girotan segur,
oihuz asaska ditzagun behingoz
bular eta zintzur.
Hainbat arau gaitzi agur,
gaurtik ez natzaie makur,
zein eder diren kotura gabe
itsaso eta lur.

Bakoitza bere aidera,
gogoak dion aldera,
ez da makala eskuartean
daukagun aukera.
Bagoazke hegabera,
bazter batetik bestera,
estimatzeko gauza izaki
ibiltzeko era.

Lurraldeak ikustatu,
jende ta giro miatu,
eguzkipeko erreinu hontan
bada zer somatu.
Edertasuna gozatu,
lagun egin ta jostatu,
alaiki eta sakon dezagun
bizitza ospatu.

Gaia 1: Bizitza
Gaia 2: Irakaslea
Azpi-gaia: Bizitza: Esperientzia orok.
Edizio kritikoa: Paulo Agirrebaltzategi
Gipuzkoa.net-aren logoa