Bitoriano Gandiaga

Literatur idazlanak

L3G^

Pixkanaka badatoz
Gabon-jai ederrak,
festarako ez gara
batere alferrak;
eragin handia du
oporren piperrak,
ezin ditugu pozez
geratu izterrak,
aspertuko ditugu
endreduz bazterrak.

Eskola ardura gabe
bakazioetan,
ederki biziko naiz
Eguberrietan;
gozoak jango ditut
ahal dudan denetan,
tunan ibiliko naiz,
okerkerietan,
alferrik gurasoak
egin errietan.

Gabonez gutxi asko
badakit zer egin:
ama engainiatuz [sic]
etxetik alde egin;
zigarro batzuk erre
kuadrilakoekin,
neskatxei xitalkeriz
muturtu eragin,
gerokoan oroitu
ditezen gurekin.

Turroi eta txanpanik
inguruan bada,
gu bizkor ibiliko
gara, baezbada;
amak esango digu:
"mutilak, patxada",
ez du kontrolatuko
hango estropada,
oraintxetik erruki
dut ama koitada.

Gabaz berandu arte
hartan eta hortan:
ipuin, txantxa, abesti
ta karta-jokotan;
bitartean goxoak,
txurruta askotan;
etxean ez da inor
ohera asmotan
nekez eta edanez
jausi arte lotan.

Gero datoz kontuak,
minak, ondoezak,
korrokada mikatzak,
okada ez gezak;
gora-larri, enpatxu,
tripetako kexak,
gehiegi jan-edanen
ordain aldrebesak,
biharamun goizean
agur gure mezak.

Sendatu gareneko
pixka bat bederen,
berriz ere jatera
pikika han-hemen;
berandu jaiki eta
kalera lehenbaitlehen,
ez amaren onespen,
ez aitaren baimen,
handiak kontatzera
ahal denik harroen.

Hala egun bat eta
halatsu bestea,
nekeza izango da
formal ihardutea;
bakoitzak besteari
emanez haizea,
nor izan gutxiago?
hor dago untzea,
kuadrila bai da gure
juez-alkatea.

Handiak egin eta
handiturik esan,
ez dugu gura inork
gutxietsi gaitzan;
poteoan sarri ta
gutxitan elizan,
etxean egin arren
ehun aldiz demandan,
hor ibiliko gara
tuna ta parrandan.

Hona gure Gabonak
urtezahar ta guzti,
urte berria ere
beharko da busti;
Erregeenez saria
eta kopla gutxi,
izan dedila zerbait
eder ta garesti,
nahiz-eta gurasoak
zorrez jota utzi.

Errege egunez gero
itzali da izarra;
barka, arren, despedida
ilunsko samarra:
ez dugu lehen adina
alegre bularra,
bukatu dira festak,
hauxe zoritxarra,
berriz Arantzazura
itzuli beharra!

1981 - abendua

Edizio kritikoa: Paulo Agirrebaltzategi
Gipuzkoa.net-aren logoa