L3G^
Otsailak bosta, Santa Ageda 
martiriaren eguna, 
haren bezpera errondaz eta 
kantuz ospatzen duguna.
Festa giroan gertatu bait zen 
Felixen jaioteguna, [I]
humorez eta parranda airez
 
ondu dezagun iharduna.
Udalaitzpean jaio zitzaigun
Arrasateko herrian,
San Juanetan enkargatua,
bertako festen erdian.
Aita bai ama baldin baziren
ume on baten premian,
baita tokatu seme alai bat
egundoko loterian.
Sudurrez ongi hornitua ta
ilez ez hainbateraino,
bekokitikan ranpa dario
kasikan kokoteraino.
Kazkaezurra erakusteko
zergatik hainbat enpeino?
Frailetzarako bokazioak
ez du behartzen horraino.
Bizkorra eta zalua oso, 
bide luzez ibilia, 
saltotan ez da [sic] Udalaitzeko 
akerraren inbidia: 
aulki eta mahai airean ditu
 
pasatzen, hain da bizia, 
"Bizkai haizetik" baduenikan 
ez daukat dudarik ia.
"Bizkai haizea" erdi burlatzat 
esan ohi da Arrasaten, 
Bizkaitik gertu bizi direnik 
ez bait dakite nonbaiten. 
Duten grazia nondikan duten 
ez dira kontutan jausten,
arrasatetar jatorrik ez da 
ez bada pizka bat kirten.
Ostegunean, mezatakoan
Zabalak zigun hitzegin, [II]
han aritu zen, ordu erdian,
argiaz ihardun ta ekin.
Felixek baietz zion buruaz,
konforme zen Pellorekin;
nola liteke ziona entzun
eta batera lo egin?
Alboko gelan bizi dudanez,
ezagutzen dut pitin bat, 
operario saiatua da, 
gizon egokitzat, daukat. 
Egun argitan apenas duen 
estudiatzen horrenbat,
gauetan berriz berandu arte 
ekiten dio gehienbat.
Alde batetik irakas-lana,
bestetik fontaneria,
horrekin badu eguneroko
egin-ala komedia;
batetik gaizki portatzen zaio
eskolan umeteria,
bestetik berriz etxetzar hontan
sarri ohi da aberia.
Ezbehar eta gaitzen aurrean 
eskerrak den baliente, 
izutu gabe begiratzen du 
den edozein akzidente; 
jolas bezala hartzen du dena,
trankil eta elegante,
ez du utziko soluzioa
luzaroan pendiente.
Egiten duen gauza bakoitza
"de madre" dizu egiten,
kalifikapen horixe die
bere lorpenei ematen;
uholde ondoz bere ahalmenen
probarik izan du aurten, 
argi-errota konpondu arte 
aspertu ginen itxoiten.
Bokazioen arazoa da 
batik bat Felixen kezka, 
horrek darama Agurainera [III]
apaizgaietaz galdezka; 
mendibidea baino hobeto 
ez badarama inkesta, 
apaizgaietaz dion berririk 
zertan sinesturik ez da.
Araban dago Agurain zaharra 
monumento ikusgarriz,
makinatxo bat etxe ta eliza 
eder egin zuten harriz. 
Bokazioen zeregin santuz 
hara joan ohi da Felix, 
hara orduko egin du zenbait 
arlotekeria mendiz.
Goizeko laurak orduko jaiki 
eta hor doa airean, 
edotariko bokadillorik 
franko badu morralean; 
ordu pare bat erraz galdu du 
lehenengo sasi artean, 
Zurkutzerako [IV] lau galdu ditu
 
ordubeteko bidean.
Goiz iristeko omen zen baina 
berandu jo du Agurain, 
alferrik egon dira luzaro 
lagunak Felix horren zain; 
binbitartean galdetu ditu 
zenbait mapa eta artzain, 
bestetaz ezik topografiaz 
arituko zaie orain.
Topografiaz duen dohaina 
nabarmendu zenez gero, 
jeografia irakaskintzan 
dekano da harrezkero; 
Agurainera sekula mendiz 
joan beharrik balego, 
Felixek badu plano zehatzik
 
ezaugarri ta letrero.
Maisu da baita Natur Zientzi 
interes handikoetan, 
hezurrak biltzen aritzen zaigu 
mendi, baso ta kobetan; 
dagoeneko bada hezurrik 
estanteri-apaletan, 
pozik naiz jartzen ez badizkigu 
noizbaiten garbantzuetan.
Eguraldiei antzemateko 
tramankulurik badauka, 
trasta [sic] zaharra da, zintzilik dago, 
itxura onik ez dauka; 
sarri askotan ibiltzen zaio 
xirri eta ikutuka, 
mobitu behar luke pizka bat 
merkuriorik baleuka.
Estudiante dabil Bergaran
Uned edo delakoan,
etxean dugun bezalakoxe
berdina dugu kanpoan;
distraitua baldin badugu
klasera joatekoan,
hango aprobak pasatu arte
Uned-era ez zen joan.
Jendeak ahalbait agudoenik 
nahi lituzke informeak, 
Felixek berriz Gabonez noizbait 
bidali zitun bereak; 
nekez idatzi, balijan sartu
 
eta han utzi gordeak, 
korreotara bota orduko 
itzuli ziren umeak.
Santa Agedaz hasi naiz baina
horra bidetik aldendu,
erronda koplak baino gehiago
"Dies Irae" ematen du. 
Bistan dituzun akatsak ezin 
baidezazket nik ostendu, 
hurrengorako fatxada behintzat 
behar zenuke konpondu.
Santa Ageda bat zeruan da 
beste bat Gesalibarren, [V]
sano aldiak izaten ditut 
hara ohi nabilen arren. 
Santa Ageda bezpera da ta 
ihardun gaitezen pozarren? 
Felixi bere urteburua 
atsegin egitearren.
1984 - otsaila